“La mediación lingüistica y cultural: de la teoria a la práctica en el aprendizaje de español como lengua extranjera” artikuluaz

Argitaratua: Friday, 24 March 2023, 2:09 PM
Foro de profesores de ELE
La mediación lingüistica y cultural: de la teoria a la práctica en el aprendizaje de español como lengua extranjera” artikulua Nieves Mendizábal de la Cruz Valladolideko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak argitaratu du Valentziako Unibertsitateko Foro de profesores de E/LE aldizkariaren 2022ko 18. zenbakian. Artikulu horretan, bitartekotzaren definizioari buruzko zenbait alderdi berrikusi dira. Gaitasun komunikatiboaren kontzeptua zabaltzeko beharra aipatu du egileak, eta, era berean, adierazi ere gaztelania atzerriko hizkuntza gisa irakasterakoan bitartekotza-estrategiak txertatu behar direla. Horretarako, zenbait proposamen didaktiko eskaini ditu.

Egilearen arabera, gaur egun aniztasun kultural eta pluraltasun nahiz konplexutasun soziokultural handiagoan bizi gara, eta hizkuntzen ikas-irakaskuntza ikuspegi metodologiko konplexuagoz ikustera eramaten gaitu gizarteak. Ikuspegi horren helburua ez da hainbeste bikaintasun linguistikoa lortzea, baizik eta hiztunen arteko komunikazio eraginkorra bermatzea, eta horrek dakar bi hiztunen arteko komunikazioa erraztea nahiz elkarreraginean eta lankidetzaren bidez esanahia eraikitzea. 

Bitartekotza, jadanik, 2001eko Europako Erreferentzia Marko Bateratuan (EEMBaren 2005eko euskarazko bertsioa) aipatu zen, eta 2020ko Liburu osagarrian (2022an euskarazko bertsioa) nabarmen azpimarratu eta zehaztu da (EEMBaren Liburu osagarriaren 35 eskala berrietatik, 24 dira bitartekotzarekin lotutakoak). Liburu osagarrian, argigarria da ulermenaren, ekoizpenaren, elkarreraginaren eta bitartekotzaren arteko harremana azaltzen duen irudia (komunikazio-moduak). Orobat, testu-bitartekotza azpimarratzen da besteak beste, hau da, informazio zehatza igortzea, bai ahoz, bai idatziz: grafiko, diagrama edota laukietako datuak azaltzea; testu bat lantzea; oharrak hartzea bilera formal batean; edota testuen analisi kritikoa egitea. Jarduera horien bidez, lankidetzan jorratzeko trebetasun sozialak gara daitezke, denen artean esanahia eraiki eta talde-lana bideratu ere bai, elkarreragina kudeatuz eta kontzeptuei buruzko elkarrizketa sustatuz.   

Horrela, bada, bitartekotza-jarduera horietan eguneroko bizitzaren jarduera komunikatiboak islatzen dira, besteak beste, pertsona batek beste bati zerbait argitu behar dio, eta ariketa konplexu horretan bitartekariak identifikatu behar ditu bai esan nahi dena, bai igorlearen asmoa, baita sortzen diren zailtasun-motak ere, eta solaskidearekin negoziatu behar du komunikazioa bermatzeko.  

Hortaz, egoera komunikatiboak sortu behar dira ikaslea eragile sozial izan dadin, eta jarduera horien helburua ikasleak hizkuntzaren erabilera naturalaz jabetzea izango da, askotariko jarduera ludiko eta motibagarrien bidez, Atazetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (AOI) ikuspegiaren arabera. Nolanahi ere, garrantzitsuena da proposatzen diren jarduerak esanguratsuak izatea ikasleentzat: hizkuntzazko helburuaz gaindi, hizkuntzaren erabilera sustatzeko baliagarria den xede eta produktu argi bat izan behar dute.

Ahozko azpigaitasunetan (laburtzea, parafraseatzea, oharrak egitea, interpretatzea, bitartekari izatea edo negoziatzea) oinarritutako bitartekotza-jardueren artean, honako hauek proposatzen ditu autoreak: 

1. Sare sozialetan (nagusiki, Twitter-en edota Instagram-en) lan egitea motibagarria izan daiteke; esate baterako, ikasgelan Twitter-eko simulatzailea erabilita. Horren helburua da irakurleei begirako informazioa egokitzea eta birformulatzea modu zehatz eta laburrean, ahozko nahiz idatzizko informazio luze bat interpretatu ondoren. Jarduera honetarako jarraibideak honako hauek dira: 

a) ahalik eta laburpen zehatzena egin baliabideren batetik (bideo, abesti, testu idatzi, argibide...) erauzitako informazioari buruz, aurretik testuetako gakoak identifikatuta, eta gero txio bat idatzi (gehienez ere, 140 karaktere); 
b) ikasle bakoitzaren txioak iruzkindu Twitter-eko simulatzailean; 
c) ikasle bakoitzak bere txioa ahoz laburtu A1 mailako ikasle bati; 
d) ikasgelako txio-irabazlea zein den bozkatu, eta, horretarako, inkestak egiteko sarean dagoen aplikazioren bat baliatu (adibidez, Mentimeter, Kahoot, Tricider).

2. Adituaren lerrunean (C1) ahozko eta idatzizko trebetasunak garatzeko, umorezko telebista-saio batean oinarritzen da jarduera hau. Lehenik eta behin, bideoa ikusarazi, eta gero, dena (ironia, bigarren zentzua eta guzti) ongi ulertu dela egiaztatuko du irakasleak. Izan ere, testuinguruaren arabera, bideoak aukera asko eskaintzen ditu hizkuntzaren bigarren zentzuak interpretatzeko. Ondoren eta bukatzeko, ikasleak bitartekari-lana egingo du gaitasun-maila baxuagoa duten eta hizkuntza menperatzen ez duten beste ikasle batzuei umorezko esketxa ulertarazteko eta azaltzeko, ahozko ulermen-trebetasunak garatzeko input esanguratsuaren bidez. 

Artikulu honen egileak gomendatu du, era berean, Adolfo Sanchez Cuadrado-ren El concepto de mediación aplicado a la enseñanza de lenguas (2022) liburuko jarraibideak segitzea: Sánchez Cuadradok berak liburu horren aurkezpenean idatzitako 1. atalaz emandako hitzaldia eskuragarri dago IRAKASBILen. Bertan, bitartekotzaren inguruko kontzeptu berrien azalpen baliagarriak eman zituen gaiaren nondik norako nagusien berri jakin nahi duenarentzat. 


Erreferentzia bibliografikoa

Mendizábal de la Cruz, N. (2022). La mediación lingüistica y cultural: de la teoría a la práctica en el aprendizaje de español como lengua extranjera. Foro de profesores de E/LE, 18, 77-95. https://doi.org/10.7203/foroele.18.24439


Beste eduki interesgarriak

Twitter

Twitter idazmena hobetzeko: azterlan baten berri

"El uso de Twitter para mejorar la competencia de la expresión escrita en el aprendizaje de lenguas extranjeras" da 2011ko abenduan argitaratutako artikulu baten izenburua. UNEDeko Germán Ruipérez, María Dolores Castrillo eta Jose Carlos García Cabrero dira artikulugileak. Atzerriko hizkuntzaren ikaskuntzan idazmena hobetzeko Twitter-en erabilera aztertu zuten; esperiantzaren testuinguruan, berriz, A1 eta A2 mailetako aleman-ikasleak eta urrutiko ikaskuntza.
Les cahiers du GERES

Bitartekotza, hizkuntza ikasteko komunikazio-modu gisa eta gaitasun profesional gisa

Carmen Ramos eta Pilar Salamanca irakasleek bitartekotza gaiaz komunikazio bat aurkeztu zuten GERES (Groupe d'Étude et de Recherche en Espagnol de Spécialité) taldeak 2018ko ekainean antolatutako nazioarteko topaketetan; talde berak argitaratutako aldizkariaren 11. zenbakian dago jasota artikulu gisa.
LdeLengua

Podcast bat bitartekotzari buruz (Carmen Ramosi elkarrizketa LdeLenguan)

Gurean ezaguna dugun Carmen Ramos izan da L de Lengua podcastaren 146. zenbakian elkarrizketatua; bitartekotza izan dute hizpide.
"Mediación en el aprendizaje de lenguas: estrategias y recursos" liburuaren azala.

Bitartekotza hizkuntzen irakaskuntzari aplikatua (baliabide gehiago hemen)

Azken urteetan bitartekotza izan da hizkuntzen didaktikan gehientsuen landuriko gaietako bat, hizkuntza-trebetasunak gainditu eta komunikazio-moduen eredura egokitzeko ahaleginean. Aurten Adolfo Sánchez Cuadradok bitartekotzari buruz koordinaturiko liburua argitaratu da ("Mediación en el aprendizaje de lenguas: estrategias y recurso"s), eta liburu horren aurkezpenean berak emandako hitzaldia dakarkizuegu, gaiaren nondik norako nagusien berri jakin nahi duenarentzat.