Bitartekotzari buruzko bi artikulu

Argitaratua: Wednesday, 8 November 2023, 11:35 AM
Bitartekotzari buruzko bi artikulu

Estrategias lingüísticas para la sociedad multilingüe liburuak hizkuntzen didaktikaren inguruko hamahiru artikulu biltzen ditu, hizkuntza-alorreko profesionalen artean gero eta interes handiagoa baitago ikuspegi komunikatiboak duen ahalmenean sakontzeko, gizarte eleaniztunek dakartzaten erronken testuinguruan.  Sarrera honetan, bitartekotzari buruzko bi artikuluren gaineko azalpenak eskainiko ditugu: 1) Sara Robles irakasleak idatzitako "La mediación en el Companion volume (CV): exégesis y reflexiones para su inclusión en ELE "eta 2) Jorge Martí-Contreras irakaslearen La mediación lingüística en español para fines específicos: el ámbito de los negocios. Lehenengoak bitartekotzari buruzko azalpen teoriko argigarriak eskaintzen dizkigu eta, horrekin batera, bigarren hizkuntzen irakaskuntzarako jarduera-sorta bat eta proposamen-dekalogo bat ere. Bigarrenak, berriz, ahozko eta idatzizko bitartekotza lantzeko jarduerak proposatzen ditu negozioetarako espainieraren eremurako. Octaedro argitaletxeak sarbide irekian argitaratu du, eta doan deskarga daiteke argitaletxearen webgunean.


1) Bitartekotza Liburu Osagarrian (LO): exegesia eta zenbait gogoeta bitartekotza txertatzeko gaztelera atzerriko hizkuntza moduan irakasteko eskoletan

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua: ikaskuntza, irakaskuntza, ebaluazioa (EEMB) liburua 2001ean argitaratu zuen Europako Kontseiluak [2005ekoa da euskarazko argitalpena], eta bitartekotzaren estrategia komunikatibo berria txertatu zuen bigarren hizkuntzen ikas-irakas prozesuetan. Bitartekotzaren kontzeptua ulertzeko, argi izan behar da eragile sozial moduan hartzen dela hiztuna, hartu-emana  eta ulermena ahalbideratzen duena. Izan ere,  elkarrizketa ahalbideratzen du jatorri ezberdina duten herritarren artean eta zubi-lana egiten du kultura eta hizkuntza ezberdina dutenen artean. Bestalde, bitartekotzak, askotan, oinarrizko beste hiru estrategia konbinatzea dakar: ulermena, ekoizpena eta elkarreragina.  

Paradigma berri honetan, zabaldu egiten da hizkuntzaren funtzio komunikatiboa informazio-igorle moduan, betiere xede izanik ikaskideei laguntzea. Ikaslea eragile sozial gisa hartzeko kontzeptua estu dago lotua ekintzara bideratutako ikuspegiarekin, zeinetan ikasleak zenbait eginkizun bete behar dituen testuinguru sozial batean —ez soilik hizkuntzarekin lotutakoak—, betiere helburu jakin batzuk lortzeko, banakako ikaskuntza gaindituz norberaren burua aberasteko eta ikuspegi zabalago bat eraginez komunikazioaren berezko lankidetza-trukearen zerbitzura.    

Lehen artikulu honetan, hiru bitartekotza-motak (testuena, kontzeptuena eta komunikazioarena) lantzeko jarduera-zerrenda bat eskaini ez ezik, ikasgelarako proposamen-dekalogo bat ere txertatu du egileak. EEMBaren liburu osagarrian (EEMB LO, 2020koa da jatorrizkoa; 2022koa euskarazko argitalpena) luze eta zabal lantzen da bitartekotzaren estrategia, eta, horregatik, komenigarria da bertako deskriptoreak baliatzea eskoletarako jarduera didaktikoak planifikatzean.  

Nolanahi ere, artikuluaren "Eztabaida eta ondorioak" atalean irakur litekeenez, Sara Roblesek zerrendatzen dituen jarduerak ikasleek transmititu behar dituzten edukietan oinarritzen dira, eta helburu horretarako prestatu behar dira horiek eskoletan. Jarduera horiek, zehazki, testuen bitartekotzari dagozkionak dira.  Adibide moduan, hona hemen testuen bitartekotza lantzeko jarduera bat: Informazio zehatza transmititu (ordutegiak, helbideak, prezioak, instrukzioak, erreportajeak…), zenbait euskarri baliatuta (eskuorriak, gidak, posta…).

2) Bitartekotza linguistikoa xede berezietarako espainieran: negozioen eremua

Bigarren artikulu hau negozio-arloko espainieraren irakaskuntzaren eremuan kokatzen da. EEMB LO du abiapuntu, eta eskoletan bitartekotza lantzeko baliatu daitezkeen zenbait jarduera-mota azaltzen ditu. Xede berezietarako hizkuntzaren esparruan, atazatan oinarritutako irakaskuntzaren bidez egiten da lan (irakurleak jakingo duen bezala, ikuspegi komunikatibo honen helburua da ikasgelan hizkuntza benetan erabiliz ikasaraztea) edo proiektuka (jarduera-sorta bat planifikatzen da, eta produktu jakin bat lortzen da sekuentzia horren emaitza moduan).

Jarduera didaktikoak hiru bitartekotza-mota lantzeko sortu dira: testu baten bitartekotza, kontzeptu baten bitartekotza eta komunikazioaren bitartekotza. Egilearen arabera, jarduerak prozesu kognitiboen arabera sailkatu litezke (gogoratu, ulertu, aplikatu, aztertu, ebaluatu eta sortu), eta prozesu kognitibo horiek guztiak landu litezke A1etik C2ra arteko eskoletan. Jarduera-proposamen hauek Bloom-en sailkapena baliatzen dute, eta bitartekotza-mota bakoitzerako hiru jarduera proposatzen dira. Esate baterako:

a) Gogoratu (ez da ezinbestekoa ulertzea): deskribatu, identifikatu, itzuli.

    Deskribatu
    1. jarduera (Testuen bitartekotza): Laneko txatean azaldutako azken 15 mezuak irakurri ondoren, beste pertsona bati transmititu jasotako informazioa.
    2. jarduera (Kontzeptuen bitartekotza): Bideokonferentzia batean parte hartu duzu bezero espainiar batekin. Bulegoko lankideari errepikatu jasotako informazioa.
    3. jarduera (Komunikazioaren bitartekotza): Lan egiten duzun hoteleko erantzungailu automatikoan bost dei jaso dituzu. Adierazi ea bezeroak pozik dauden, ea gorabehera soil bat den edo ea deia gaizki-ulertu kultural baten ondorioz egin den.

b) Ulertu (ideiak eta gertaerak): sailkatu, konparatu, adibidez hornitu, azaldu, inferitu, ulertu, parafraseatu, laburtu.

d) Aplikatu (irtenbideak aurkitu arazo eta egoerak konpontzeko, aldez aurretik eskuraturiko ezagutzak eta teknikak baliatuz): erakutsi, gauzatu.

e) Aztertu (gutxieneko atalak aztertu, gero balioetsi edo ebidentziak bilatzeko): deseraiki, integratu, antolatu.

g) Ebaluatu (arrazoitu irizpide batzuen arabera):  egotzi, egiaztatu.

h) Sortu: eraiki, diseinatu.


Bistan denez, artikuluotako ideia nagusiak eta adibide batzuk besterik ez dira jaso sarrera honetan, eta, ondorioz, informazioa osatzeko, jatorrizko artikulua irakurri besterik ez dago.  



Oharrak

  • IKASBILen bi jarduera didaktiko daude eskura: 

  1. Idatzizko bitartekotza-jarduera. Erakundea sare sozialetan  
  2. Idatzizko bitartekotza-jarduera. Emakume zientzialarien egoera