Didakteka
Bigarren hizkuntzen irakaskuntzan eragiten duten norbanakoaren faktoreak
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Edukiak:
- Autonomia
- L2
- Motivation

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Edukiak:
- Autonomia
- L2
- Motivation
- Bisitak: 308
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Factores individuales en el aprendizaje de segundas lenguas izenburua duen liburua argitaratu du Vigoko Unibertsitateko Ingeles, Frantses eta Aleman Filologia Departamentuko irakasle titular Rosa Alonso Alonsok. Bigarren hizkuntzen ikaskuntzaren eta eskuratzearen arloan oinarritu da bere ikerketa, eta zenbait artikulu, monografia eta liburu ere argitaratu ditu. Hizkuntzen Irakaskuntza eta Ikaskuntzaren Hiztegiaren egilekidea da (ELE, 2007) eta, gaur egun, Vigo International Journal of Applied Linguistics aldizkariaren editore nagusia.
Zein faktorek eragiten dute hizkuntzen irakaskuntzan?
Liburuan, bigarren hizkuntzaren (H2) irakaskuntzan eragina duten zazpi faktore nabarmenenak aztertu ditu Rosa Alonsok, eta kapitulu bana eskaini dio bakoitzari:
- Adina. Kapitulu honetan, murgiltze-testuinguru batean egindako ikerketak azaltzen dira, eta H2 ikasten hasteko adinik onenaren afera jorratzen. Ikerketen arabera, adinaren faktorea ez da inputaren kalitatea/kantitatea bezain erabakigarria bigarren hizkuntzak ikastean.
- Gaitasuna. Kapitulu honetan, hizkuntzak ikasteko pertsonek dituzten gaitasunak aztertzen dira, baita norbanakoaren hizkuntza-gaitasun horrek zein harreman duen memoriarekin, adinarekin, adimenarekin eta motibazioarekin ere.
- Adimena. Kapitulu honetan, adimenari buruzko ikerketa klasikoak nahiz egungo adimen anitzen teoria eta ikerketa horiek dakartzaten ondorio pedagogikoak lantzen dira.
- Motibazioa. Kapitulu honetan, faktore honi buruzko ikerketa-aldi desberdinak azaltzen dira. Seguruenik, faktorerik ikertuena izan da; batez ere, Zoltan Dörnyei-ren lanek markatzen dute egungo ildoa gai honen inguruan.
- Izaera. Faktore honek aldagai batzuk biltzen ditu bere baitan; besteak beste, autoestimua, enpatia, inhibizioa, barnerakoitasun nahiz kanporakoitasunaren azterketa. Kapitulu honetan, era berean, ikaslearen antsietatea eta sinesmenak aztertzen ditu autoreak.
- Estilo kognitiboa eta ikas-estiloa. Kapitulu honetan, estilo horien arteko berdintasun eta desberdintasunak aztertzen dira, eta ikasteko modu desberdinak jorratzen, hala nola menpekoa eta beregaina. Eta horrek guztiak dakartzan inplikazio pedagogikoak azaleratzen dira.
- Ikas-estrategiak. Kapitulu honetan, ikasteko estrategien sailkapen batzuen ikuspegi zabala eskaintzen da, gai hau aztertzeko erabilitako tresnak eta beren inplikazio pedagogikoak.
Ondorioak
Interesgarria da liburu honen bukaerako ondorioetan Rosa Alonsok egiten duen ekarpena; hau da, zein inplikazio pedagogiko dakartzan arestian aipatutako norbanakoen faktore horiek kontuan hartzeak bigarren hizkuntzen irakaskuntzan, eta, bidenabar, alor horretan izan litezkeen etorkizuneko ikerlerroak adierazten ditu.
Rosa Alonsoren lehen ondorio argia izan da egiaztatzea bigarren hizkuntzen ikaskuntzan gizabanakoen faktoreek garrantzi handia dutela. Zenbait faktorek elkarri eragiten diotela adierazten du; esate baterako, motibazioa ez da egonkorra eta estatikoa, baizik eta bizitzaren joan-etorrian aldatu egiten da, eta beste faktore batzuen eraginpean egon ohi da.
Motibazioa eta beste faktore batzuen azterketek eta euren arteko elkarreraginek zenbait ondorio pedagogiko dakartzatela dio Rosa Alonsok. Irakasleak ikasgelako ikasle bakoitza ezagutu behar du, ez baitaude bi ikasle berdin, eta bakoitzaren ezaugarri eta beharrak kontuan hartu behar ditu, baita gizabanakoen desberdintasunen dinamismoa ere, ikasle bakoitzaren testuinguruaren, egoeraren nahiz esperientzien arabera aldatzen baita dena ikasprozesuan. Horrek guztiak irakasteko orduan doikuntzak egin beharra dakarkio irakasleari.
Bukatzeko, etorkizuneko ikerlerroak zeintzuk izan daitezkeen azaldu du liburuaren egileak. Motibazioari buruzko ikerketa asko egin dira, baina beste zenbait faktoreri buruz gutxiago ikertu da, hala nola hizkuntzak ikasteko gaitasuna eta horrek beste faktore batzuekiko duen harremana (adib. adimena eta motibazioa). Motibazioari buruz asko ikertu bada ere, badira hutsuneak, ez baita irakaslearen motibazioan sakondu. Rosa Alonsoren ustez, ikertu beharko litzateke irakaslearen motibazioa nola hobetu eta horrek nola eragingo lukeen ikasleengan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Alonso Alonso, R. (2023). Factores individuales en el aprendizaje de segundas lenguas. Peter Lang.