Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan

Argitaratua: Sunday, 7 December 2003, 3:45 PM
Itzulpen Saila 45

LIBURU HAU ZERTAZ DEN ETA ZELAN ERABIL DAITEKEEN


"Motibazioa gaur egun irakasleek aurrean daukaten erronkarik konplexu eta handiena da, zalantza barik".

(SCHEIDECKER eta FREEMAN 1999: 116)

Luze argudia daiteke motibazioa hizkuntz irakaskuntzaren giltzarrizko arazoetako bat dela frogatzeko, eta ikasleak motibatzeko trebetasunak funtsezkoak direla hizkuntz irakasleentzat, baina ez zinateke liburu hau irakurtzen egongo horretaz jabetuta egongo ez bazina. Beraz, hasi beharrean banan-banan azpimarratzen zein garrantzitsua den motibazioa irakasle/ikasle/ikertzaile/hezkuntza politikaren diseinatzaile eta, gutxi gorabehera, gainerako jende guztiarentzat, zilegi izan bekit liburu hau oso ikuspegi diferente batetik hastea.

Ba ote da "motibazioa" delako gauzarik?

Zentzu hertsian ez dago "motibazioa" delako gauzarik. Jakina, motibazioari buruzko liburu baten sarreran ezin daiteke halako baieztapenik egin segituan ñabardurak erantsi barik. Esan gura dudana da "motibazioa" kontzeptu abstraktu eta hipotetikoa dela, jendeak halako edo holako moduan zergatik pentsatzen duen azaltzeko erabiltzen duguna. Garbi dago zentzu horretan terminoak era askotako motiboak biltzen dituela bere baitan -pizgarri ekonomikoetatik hasi, adibidez soldata-igoera, eta sineste idealistetaraino, esaterako askatasun nahia- eta motibo horiek oso gutxi dutela komunean, gauza bat izan ezik: denek daukatela eragina jendearen portaeran. Hortaz, egokiena da esatea "motibazioa" esangura ugari estaltzen dituen guardasol moduko terminoa dela.

Zergatik erabiltzen dugu "motibazioa" terminoa hain esangura lausoa badauka? Nik uste dut beste barik oso bide egokia dela berez nahiko arazo konplexua dena aipatzeko. Esaterako, ikasle bat "motibatuta" dagoela diogunean, irakasle eta guraso gehienek ondo imajina dezakete zer esan nahi dugun: ikasle sutsu, saiatu eta gogotsua, ikasteko arrazoi onak dauzkana, kemenez eta lehiaz ikasten diharduena, eta tinko eusten diona lanari. Hala ere, nahiko deserosoa litzateke zehatzago izatea eta ezaugarri horiek guztiak zerrendatzea. Antzera, ez dugu arazorik izango ikasle "desmotibatua" irudikatzen, nahiz eta, berriz ere, nahiko arazotsua izan litekeen "desmotibazio" hori zehazki zertan den azaltzea.

Terminoa berdin da erabilgarria hala teoriagile eta ikertzaileentzat nola irakasleentzat, giza gogoaren alderdi oinarrizko bat nabarmentzen duelako. Alderdi horrek zerikusia dauka pertsonak nahi/desiratzen duenarekin (hots, funtzio "konatiboekin"), ez pertsonak modu arrazionalean pentsatzen duenarekin (hots, funtzio "kognitiboekin") edo sentitzen duenarekin (hots, funtzio "afektiboen" aldean). Snow, Corno eta Jackson-ek ( 1996) Handbook of Educational Psvchology-n  laburbiltzen dutenez, giza gogoan hiru alderdiok bereiztea (konazio, kognizio eta afektuaren arabera) mendeetako kontua da. eta benetan bereizketa lagungarria da ikasle zehatzak gogoan hartzen ditugunean: ez al dira "grina", "argitasuna" eta "izaera" kontuan hartzeko begi bistako ezaugarriak gure ikasleren bat deskribatzen jartzen garenean (adibidez, Martin ikasle sentibera eta argia da, eta benetako interesa dauka historian...)'?

 Laburbilduz, "motibazioa" lotuta dago giza gogoaren alderdi oinarrizkoenetako bati, eta irakasle eta ikertzaile gehienak bat etorriko lirateke esatean oso eginkizun garrantzitsua betetzen duela edozein ikas-egoeraren arrakastan edo huts egitean. Neure esperientziak diost atzerriko hizkuntza bat benetan ikasi gura duten (hau da, benetan motibatuta dauden) ehun ikasletik 99 gai izango direla gutxienez itxurazko ezagutza praktiko bat lortzeko, hizkuntzetarako daukaten trebezia edozelakoa izanda ere.

Liburu honen edukiaz

Liburu hau lehendabizikoa da bigarren hizkuntza/hizkuntza arrotzaren arloan (H2) motibazio-estrategiak aztertzeari huts-hutsean emandakoa; hau da, ikaslearen motibazioa sortu eta iraunarazteko metodo eta teknikei oso-osoan eskainia. Asko idatzi da motibazioa zer den azaltzeko, eta haren osagai eta alderdiak deskribatu dira, eta zelako eragina daukaten ikaskuntzan; alabaina, oso gutxi aztertu da ezaguera teoriko horiek ikasgelan zelan aplika daitezkeen. Ikasgelan diharduten profesionalek uste baldin badute (arrazoiz) ikertzaile gehienek ez dutela praktikarako esanguratsua den ezer handirik esan gai honetaz -bestela esanda, "hor konpon" esan dietela- egoera horri zelanbaiteko erremedioa jartzea da liburu honen asmoa.

Ikusiko duzuenez, liburu praktikoa da hau, eta azterketa teoriko mugatua baino ez du eskaintzen. Hala ere, ikasgelarako aurkeztuko ditudan ideia zehatzak hausnarketa teoriko sendoetan oinarrituta daude. Azken hamarkada bietan hizkuntz irakaslea, irakasleen trebatzailea, lanaldi osoko ikertzailea, unibertsitateko irakaslea eta doktorego-programako zuzendaria izan naiz, eta ondoko kapituluek neure esperientziatik iragazitako materiala biltzen dute, hezkuntzaren psikologiari eta H2ri buruzko bibliografia esanguratsuenari gainbegiratua emateaz gainera. Motibazioaren oinarri teorikoen eta horretaz egindako ikerketen azterketa zehatzagoa gura izanez gero, ikus 1. atalaren hasierako "Irakurgai osagarriak" izeneko koadroa.

Liburu hau zelan erabili

Liburu honen egilea izanda, harrigarri gerta daiteke nik esatea irakurtzen ditudanean "zelan izan arrakasta negozioetan" edo "zelan motibatu ikaslea" erako liburuak, normalean, gehiago sentitu ohi naizela desegokia eta dorpea inspiratua baino. Irakasleentzat beren-beregi egindakoak diren hezkuntzaren psikologia-eskuliburuek ere gainez egin ahal diote irakurleari euren ideia eta gomendioen bilduma eskergaz, gainerakoan bikainak izan arren. Liburu hau egitean oso ondo ohartu nintzen zelako erronka handia zen motibazioari buruzko "zer egin ..." tipoko liburu bat idaztea: zelan aurkeztu ahal diegu irakasleei aukera-sorta zabal bat, ekintza positiborako ideiak emango dizkiena? Zelan egin aurkezpen ugari eta aberatsa, baina beldurra sortu barik eta irakurleei pentsarazi barik zein eremu konplexua den hau, eta zenbat gauza e; dabiltzan egiten?

Erronka horri aurre egin nahian, saiatu naiz testuari ematen nire iritziz garrantzitsuak diren hiru ezaugarri, hots, laburra izatea (gehienok ez baitugu denbora asko gure prestakuntza osatzeko), sistematikoa (zentzu handirik ez dauka-eta zimentarriak ematea, gero hari beste iturri batzuez osatu behar bada ideia osoa izateko) eta interesgarria (ez zaizkidalako liburu aspergarriak gustatzen, nahiz eta onartu behar dudan ez dela erraza irakurlea, irrikaren irrikaz, lo egin barik edukitzeko moduko liburu bat idaztea motibazioaz).

Zein da, beraz, liburu hau erabiltzeko modurik onena? Edozein liburu 1. ataletik hastea da begi bistakoena, baina kasu honetan agian hori ez da estrategiarik onena. Lehen atalean, eta zimentarri gisa, gainbegirada emango diet motibazioari buruzko teoriei, baina hori ez da ezinbestekoa motibaziorako estrategiak arrakastaz erabiltzeko. Ikasgelan erabiltzeko teknikak 2. ataletik 5. atalera bitartean azalduko ditut, eta agian zenbait irakurlek bertara jo gurako dute zuzenean. Bestalde, aparteko interesa edo kezka sortzen dizun motibazioaren arloren bat aukeratu nahi izanez gero, horretarako dauzkazu hasierako aurkibidea eta amaierako izendegia: bertan begiratu, eta arazo jakin horren azterketara jo dezakezu artez, testua kontsultarako liburu moduan erabiliz.

Jokabide heterodoxo samarra izan liteke -eta horixe gomendatuko nieke nik irakurle gehienei- liburua bukaeratik bertatik hastea, hau da, Ondorioetatik. Bertan argudiatzen dudanez, motibaziorako errepertorioa garatzean, estrategien zenbatekoa barik, estrategien nolakoa da ardura duena. Estrategia guztiak batera eskuratzen saiatu beharrean, jende gehienarentzat -neuretzat bai, behintzat- erabilgarriagoa da aukera egitea eta apurka-apurka joatea, norberaren irakats-estiloarekin eta ikasle taldearekin ondoen doazen estrategia gutxi batzuk hautatuz. Horren argitan, Ondorioen atalak jarraibide orokorrak eta proposamen zehatzak ematen ditu motibazioaz arduratuko den irakasmoldea pixkanaka lortzen joateko.

HABEren katalogoan


Beste eduki interesgarriak

Factores individuales en el aprendizaje de segundas lenguas

Bigarren hizkuntzen irakaskuntzan eragiten duten norbanakoaren faktoreak (Alonso Alonso, R.)

Bigarren hizkuntzak ikasteko faktore indibidualez arduratzen da liburu hau, eta, zehazki, honako faktore hauek hartzen ditu kontuan: adina, hizkuntza-gaitasuna, inteligentzia, motibazioa, nortasuna, ikas-estiloak nahiz estilo kognitiboak eta ikas-estrategiak. Izaera didaktikoa du; gai bakoitza erraz ulertzeko moduan idatzita dago, adibidez edo etsenpluz hornitua, kapitulu bakoitzaren amaieran alderdi garrantzitsuenen laburpenez osatua eta landutako gaiari buruzko zenbait jarduera biltzen ditu. Ikasgelan eskola-gida gisa erabil daiteke; bakarka, ikaskuntza autonomorako edo kontsulta-lan gisa. Horretarako, gai bakoitzak bere bibliografia du, irakurketa errazteko eta kontsulta arintzeko.