Irakasle motibatzaile ona izateko estrategiak

Argitaratua: Wednesday, 26 March 2025, 8:59 AM
IS 45

Zoltan Dörnyei-ren Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan liburua HABEk euskaratu zuen 2003an, eta Irakasbileko Itzulpen Sailean dago liburuaren hitzaurrea eta aurkibidea. Liburuaren irakurleei egiten zitzaien gomendioa da bukaeratik bertatik irakurtzen hastea, ondorioetan liburu osoan agertzen diren motibazio-estrategia guztiak zerrendatzen baitira. Gogora ekar ditzagun.

Hizkuntzen irakaskuntzan motibazioa sustatzeko, ez da komeni liburuko lehenengo estrategiatik hasi eta guztiak batera aplikatzea. Horren ordez, pausoz pauso joatea da gomendagarriena. Dörnyei-ren liburuko 35 motibazio-estrategien zerrenda aurrean izanik, honako lau urrats hauek ematea proposatzen da (ikus behean erantsitako taula):

1. Lehenik, begiratu zerrendari eta markatu dagoeneko erabiltzen dituzun motibazio-estrategiak: "Erabiltzen dut".

2. Bigarrenik, aukeratu arloren bat eta, liburuan horri buruz diharduten pasarteak irakurrita, indartu jada erabiltzen duzun jokabide motibagarri hori.

3. Hirugarrenik, nahiago baduzu, orain arte erabili ez duzun baina baliagarria izan litekeen arlo estrategikoren bat landu.

4. Azkenik, estrategia berri hori probatu eta denbora jakin bat igaro ondoren, markatu probatu berri duzun estrategia hori: "Probatuta". Beste estrategiaren bat probatu eta motibazioaren beste arloren bat landu nahi baduzu, egin gauza bera: probatu eta ikusi zeure ikasleekin zer gertatzen den.

Egilearen arabera, denbora behar da liburuan proposatutako estrategiak gauzatzeko. Lehenengo, ikasle gutxi batzuekin probatzeko gomendioa ematen du, eta, gero, behatu zer gertatzen den. Lagungarri irudituz gero, erabili  eguneroko eskoletan, eta arrakastatsua izan dela ikusten bada, zabaldu inguruan.

Laburbilduz, hizkuntza-ikasleen motibazioa sustatzeko estrategia ugari eskaintzen ditu Dörnyei-k liburuan. Aberasgarria litzateke eskolak ematean pixkanaka aplikatzea motibazioa bultzatzeko estrategia horiek. 


HABE liburutegian



Erreferentzia bibliografikoa:

Dörnyei, Z. (2003). Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan. HABE.

Beste eduki interesgarriak

Itzulpen Saila 45

Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan (Zoltán Dörnyei)

Luze argudia daiteke motibazioa hizkuntz irakaskuntzaren giltzarrizko arazoetako bat dela frogatzeko, eta ikasleak motibatzeko trebetasunak funtsezkoak direla hizkuntz irakasleentzat, baina ez zinateke liburu hau irakurtzen egongo horretaz jabetuta egongo ez bazina. Beraz, hasi beharrean banan-banan azpimarratzen zein garrantzitsua den motibazioa irakasle/ikasle/ikertzaile/hezkuntza politikaren diseinatzaile eta, gutxi gorabehera, gainerako jende guztiarentzat, zilegi izan bekit liburu hau oso ikuspegi diferente batetik hastea.