Erresilientzia, erronkei aurre egiteko gaitasuna

Argitaratua: Friday, 8 August 2025, 10:00 AM
Yamu_Jay, Pixabay

Andrea Izquierdo doktoreak idatzitako Desarrollo de competencias sociales y emocionales para fortalecer el bienestar del profesorado liburua sarbide irekian dago eskuragarri pdf formatuan.

Egileak xehe aurkezten ditu hezkuntza emozionalean oinarritutako estrategia batzuk, xede izanik irakasleak seguru sentiaraztea ikas-irakas prozesuetan sortutako erronkei aurre egitean. Argitalpen honetan, honako alderdi hauek garatzen dira: emozioen pertzepzioa, balorazioa eta adierazpena, erregulazio emozionala, estresaren erabilera eraginkorra, asertibitatea, enpatia edota erresilientzia. Sarrera honetan, erresilientziari buruzko puntu nagusiak jaso dira. Erresilientzia landuz gero, gatazkak era eraginkorrean konpondu litezke, era honetara ikuspegi orekatua, elkar ulertzea eta adostasuna sustatzen baita. Izan ere, gatazkei aurre egitean, erresilientziak egoeraren ebaluazio objektiboa ahalbidetu eta konponbide eraikitzaileak bilatzen laguntzen du.

Erresilientzia garatzeko estrategia orokorrak

Denboraren poderioz ikasi eta sendotu daitekeen gaitasuna da erresilientzia, praktikaren bidez landu eta, ondorioz, eragozpenei aurre egiteko gaitasuna hobetzen laguntzen duena. Jarraian, funtsezko estrategia batzuk azaltzen dira:

Jarrera positiboa – Baikortasuna - Birenkoadratzea
Antzeko estrategiak dira jarrera positiboa, baikortasuna eta birenkoadratzea.
  • Jarrera positiboa izatea funtsezkoa da, eragozpenei ikuspegi eraikitzailez aurre egin ahal izateko. Esaterako, ikasleen jarrera desegokien aurrean, irtenbide berritzaileak topatu eta eragozpenen eraginez abailtzea saihesten da.
  • Baikorrak motibazioari eusten dio eta une zailetan ez du itxaropena galtzen. Adibidez, irakasle baikor batek, ikasleen emaitza kaskarren aurrean, irakas-metodoak hobetzeko nahiz doitzeko aukera moduan ikusi lezake egoera hori, eta aldaketa horiek etorkizunean emaitza hobeak eragingo dituztela sinetsi.
  • Birenkoadratzea egoera bat ikuspegi positiboago batetik berrinterpretatzean datza. Esate baterako, ikasleen kritika edo gatazken aurrean, irakasle erresilienteak egoera birenkoadratu lezake eta ikusi abagune hori ikasle horiekiko komunikazioa nahiz harremana hobetzeko aukera moduan.
Umorea
Umorea tresna bikaina da egoera zailak erlatibizatzeko. Adibidez, eskoletan umorea darabilen irakasleak tentsioa arindu dezake eta, ondorioz, ikasteko giro egokiago bat lortu.

Nork bere buruaz erruki izatea
Egoera zailetan nork bere buruarekin lagun batekin izango lukeen jarrera atsegin eta ulerkor bertsua izatea da xedea. Autokritika suntsitzailea saihestu eta nork bere burua onartuz arintzen da presioa. Esaterako, egun korapilatsu bat igaro ondoren, irakasle bat bere buruaz erruki daiteke eta gogoan izan irakaskuntzan ohikoa dela egun konplikatuagoak izatea.

Laguntza-sareak
Harreman-sare sendoak izanez gero, laguntza emozional eta praktikoa lortzen da. Ondorioz, estresa arindu, ikuspegi berriak lortu eta erronken aurrean bakarrik ez zaudela sentitzen da. Esate baterako, ikasgelan izandako gorabehera bati aurre egiteko, beste irakasle bati eskatzen bazaio iritzia, arazoa konpontzeko iradokizun zehatzak jaso litezke.

Erresilientzia lantzeko estrategia zehatzak

1. Malgutasuna lantzeko estrategiak

Erresilientzia lantzeak aldaketarako prest egotea eskatzen du. Orobat, egokitzeak pertsona moduan hazi edota elkarreraginean aritzea eragozten duten pentsamoldeak eta jokabideak aldatzeko jarrera izatea. Testuinguru honetan, garrantzizkoa da malgutasun kognitiboari erreparatzea, zeren eta honako teknika hauek landu baitaitezke: berregituraketa kognitiboa, pentsamendu-geldialdia eta autojarraibideak.

Berregituraketa kognitiboa
Esaterako, lanean gatazka sortzen bada lankideen artean, frustrazioan murgildu ordez, pentsamendu arrazionalen bidetik jo liteke, irtenbideren bat bilatzeko. Ondorioz, pentsatu beharrean, esaterako, desadostasun honek pikutara bidaliko du proiektu osoa. Honela birformula liteke: ez nagoenez ados ikuspegi horrekin, egokiena izango da lasai hitz egitea irtenbide adostu bat bilatzeko.

Pentsamendu-geldialdia
Eten egin behar dira behin eta berriz errepikatzen diren pentsamendu ezkorrak. Adibidez, irakasle bat kezkatuta egon daiteke espero ez zuen moduan emandako eskola batekin. Honela, adibidez, behin eta berriz errepika lezake ez nuen gai hori horrela azaldu behar eta, ondorioz, era eraginkorrean irakasteko segurtasun falta eragin liezaioke pentsamendu horrek. Teknika honetan sakondu nahi izanez gero, egileak 162. orrialdetik aurrera eskaintzen ditu jarraibide eta jarduera zehatzak.

Autojarraibideak
Baieztapen hauek lortu nahi diren pentsamendu, sentimendu eta jokabideak errazteko baliatzen dira. Garrantzizkoa da era positiboan egitea eta lortu nahi den horretan jartzea fokua eta ez saihestu nahi den horretan. Esaterako, esan beharrean ez naiz urduri jarriko (antsietatea sor bailezake), eraginkorragoa da lasai egongo naiz adieraztea, zeren eta baieztapen positiboek eduki nahi den jokabidea sendotzen baitute. Teknika honetan sakontzeko, jo 165. orrialdera.

2. Arazoak konpontzeko estrategiak
Arazoei irtenbidea bilatzeko, funtsezko bi estrategia balia litezke: a) biok irabazi irtenbidea eta b) negoziazioa. Biak dira asertibo izatearen osagarri, alde guztien interesak kontuan hartu eta guztientzat onuragarri diren irtenbideak bilatzen baitira.

Biok irabazi estrategiak ikuspegi kolaboratiboa garatzen du, eta, ondorioz, guztiek ikusten dute bideragarri topatutako irtenbidea. Esaterako, irakasle-talde batek gai bat lantzeko prestakuntza-saioa antolatu nahi badu eta beste talde batek beste gai bat, konponbidea izan liteke egun ezberdinetan antolatzea bi saio horiek. 
Negoziazioaren bidez, alde guztiek bilatzen dute akordioa zer edo zertan amore emanez. Esaterako, irakasleak eskolan jarduera praktiko bat proposatzen du, baina ikasleek nahiago dute teoria landu, azterketa bat prestatu nahi baitute. Negoziazioak ekar lezake azalpen teoriko labur bat ematea jarduera praktikoaren aurretik, esaterako. Jarraian, bi estrategia horien ezaugarriak laburbilduta. 

 

  Biok irabazi irtenbidea 

  Negoziazioa 

  Ikuspegia 

 Kolaboratiboa. 

 Konpromisoa. 

  Helburua 

 Irtenbide sortzaileak bilatzea. 

 Amore emanez ailegatzea akordioetara. 

  Emaitza 

 Denek onuraren bat ateratzea. 

 Amore emanez akordio onargarria lortzea. 

  Gogobetetasuna  

 Guztiek gogobetetasun handia izatea. 

 Txikiagoa izan liteke, amore ematen baita. 

  Aplikazioa 

 Sortzaile izateko aukera ematen duten egoeretan. 

 Irtenbide azkarra eskatzen duten egoeretan. 


Praktikoa da liburua. Ondorioz, irakurleak liburuan azaldutako estrategiak egikaritzeko jarduera-sorta zabala topatuko du 169. orrialdetik aurrera, eta eranskinetan, berriz, jarduera horietarako irtenbide-proposamenak, baita gogoeta eragiteko zenbait galdera ere. Eta gai honetan sakontzeko interesa duenak bibliografia-erreferentzia oparoa dakar liburuak (179. or.)
Erreferentzia bibliografikoa
Izquierdo Guillermo, A. (2025). Desarrollo de competencias sociales y emocionales para fortalecer el bienestar del profesorado. Octaedro. https://octaedro.com/libro/desarrollo-de-competencias-sociales-y-emocionales-para-fortalecer-el-bienestar-del-profesorado/
Irudia: Yamu_Jay, Pixabay

Beste eduki interesgarriak

IS 45

Irakasle motibatzaile ona izateko estrategiak

Hizkuntza-ikasleen motibazioa sustatzeko zenbait estrategia daude, eta irakasleek pausoz pauso aplika ditzakete. Zoltan Dörnyei-ren "Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan" liburuak motibazio-estrategia ugari biltzen ditu. Liburua HABEk euskaratu zuen 2003an, eta irakurleei bukaeratik hastea gomendatzen zitzaien, azken atalean motibazio-estrategia guztiak zerrendatzen baitira. Gogora ekar ditzagun.