"Un caso extremo de clase plurilingüe y heterogénea. Inmigrantes refugiados" artikulua (García, E. eta Khraiche, V.)

Argitaratua: Monday, 27 February 2023, 11:45 AM
ASILIM

"Un caso extremo de clase pluringüe y hetereogénea. Inmigrantes refugiados", Eva María García Ortiz eta Victoria Kraiche Ruiz-Zorrillak idatzitako artikulua eman zen argitara 2013an Revista Nebrija de Lingüística Aplicada a la Enseñanza de Lenguas aldizkariaren 13. zenbakian. Artikulu honetan, Madrilgo Etorkinaren Hizkuntza Integraziorako Elkarteko (Asilim) irakasle-taldeak 2008-2011 bitartean Alcobendasko Errefuxiatuentzako Harrera Zentroan migratzaileei gaztelania irakasten izandako esperientziaren nondik norakoak xehetzen dira. Egileen iritziz, ikas-irakas prozesu honetan lortutako emaitzek horrelako egoeretan zein urrats metodologiko bidera daitezkeen erakusten dute, bai ikastalde heterogeneoekin, baita zailtasun pedagogiko txikiagoa dutenekin ere.

Esperientzia honetan, ikasleek profil ugari zituzten: taldean hizkuntza asko hitz egiten ziren, eleaniztun mordoa zegoen bertan, prestakuntza akademiko ezberdinak zituzten (analfabetoak, lanbide liberalak, etab.), nabarmena zen kultur dibertsitatea, egoera emozional zailak bizi zituzten eta ezberdina zen haien gaztelaniaren ezagutza-maila.

Programaren helburuak lortzeko, ikasleen ikasteko estiloetan oinarritu ziren (1) bisuala, 2) bisuala-irakurlea, 3) entzutezkoa eta 4) kinestesikoa). Oro har, irakasleak konturatu ziren prestakuntza akademikorik txikiena zutenek (analfabetoek, analfabeto funtzionalek…) eta ahozko tradizio handiagoa zuten Afrikako migratzaileek ikas-estilo mistoa zutela (entzutezkoa eta kinestesikoa); eta jatorri arabiarra edota europarra nahiz asiarra zutenek, aitzitik, bisualagoa eta bisuala-irakurlea.  

Horrela, bada, ikas-estilo bisuala duenak arbelean dagoena kopiatuz edo idatziz ikasten du; entzutezkoa duenak, berriz, entzunez; eta kinestesikoak, azkenik, ukitzen eta egiten duenaren bidez. Bisuala nekatu egiten da, entzuten denbora luze igaro behar izanez gero; entzutezko estiloa duenak gustuko du entzutea, baina hitz egin behar izaten du, oharrak hartzeko bere modua baita; eta kinestesikoak mugitu eta keinuak egin behar izaten ditu, ez aspertzeko.

Artikuluan, oinarrizko jarraibideen dekalogoa eskaintzen da. Adibidez: 1) Irakaslearen erronkarik handiena da ikasleen motibazioa eta asperdura kudeatzea, 2) Ikasteko era ezberdinak asebete behar dira, 3) Prestakuntza txikia eduki edo analfabetoa den ikaslea, besterik gabe, ez da zertan izan “ikasprozesuan atzean geratzen dena”, baldin eta erreparatzen bazaio haren ikasteko erari, etab.

Era honetako ikastaroetan funtsezkoa da ikasteko estilo ezberdinak zaintzea eta ikasle-ekipo egokiak sortzea, ohiko taldeen ordez. Egoera didaktiko hauek bideratzeko, aditu askok ahozko ikaskuntzaren alde egin ohi dute eta alfabetatzea atzeratzeko gomendioa ere eman izan du batek baino gehiagok. Eva Mª García eta Victoria Khraiche irakasleek, berriz, emaitza positiboak lortu zituzten batera bideratuz bi prestakuntza-mota horiek eta ikaskuntza esanguratsua sustatuz.

Metodologiari dagokionez, Atazetan Oinarritutako Irakaskuntzaren alde (AOI) egin, eta Sheila Estaire irakaslearen proposamen didaktikoa baliatu zuten; alegia, ikasle migratzaileak eguneroko bizitzan sortzen zitzaizkien arazoak ahalik eta azkarren bideratzeko gai izan behar ziren: beren datuak baliatuz zenbait dokumentu bete, garraio-txartelak erosi, osasun-zentroarekin harremanetan jarri, beren sentimenduez hitz egin psikologoekin, etxebizitza bilatu, lana bilatu, etab.

Amaitzeko, irakasle hauen aburuz, gisa honetako talde heterogeneoetan, hizkuntza-irakasleek jarrera eta trebetasun bereziak izateaz gain, nagusiki bigarren hizkuntzen irakaskuntzan aritzeko prestakuntza espezifikoa behar dute, ez baita nahikoa eskarmenturik gabeko irakasleen borondatea eta inplikazioa.



Erreferentzia bibliografikoak:

[HABE Liburutegian]


Etorkinez Hizpide aldizkarian artikuluak:

Show comments
  • basque school of barakamarga ibáñez - Fri, 31 Mar 2023, 6:27 AM
    Bi kontu: neuk ere etorkinei eman dizkiet ELE eskolak eta holako klase heterrogeneoak izan ditut, eta beharrak asko laguntzen du motibatzen, testuinguruak bultzatzen ditu ikastera .
    Beste kontu bat " ikas-estiloak" , ez dago inolako ebidentziarik , hezkuntza-zientziak dioenez, mito handia da, eta gomendatzen dute mitoa barreiatzen uzteari. twitter.com/hruizmartin/st…