Didakteka
Ikasgelan elkarrekintza didaktiko emankorrak diseinatzeko jarraibideak (Alonso, I., Galarraga, H.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Edukiak:
- Gaitasun soziolinguistikoa
- Autonomia
- Elkarrekintza
- Interaction
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Edukiak:
- Gaitasun soziolinguistikoa
- Autonomia
- Elkarrekintza
- Interaction
- Bisitak: 899
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Haizea Galarragak eta Idurre Alonsok honako artikulu hau argitaratu dute TANTAK Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza aldizkariaren 34. zenbakian: “Ikasgelan elkarrekintza didaktiko emankorrak diseinatzeko tresna baten sorkuntza”.
Artikulu hau irakasleei eskainitako prestakuntza-prozesu baten ondoren idatzi dute egileek, eta bertan helduen euskalduntzearen esparruko sekuentzia didaktikoetan ere elkarrekintza didaktikoak diseinatzeko baliagarri izan daitezkeen zenbait orientabide eskaintzen dira. Izan ere, artikuluan diseinu-adibide errealak jasotzen dira, eta diseinu horretan laguntzeko sortu duten taula erabiltzeko zenbait gako ere ematen dituzte.
Ikaslea bere ikasprozesuaren erdigunean jarri nahi bada, garrantzitsua da komunikatzeko eta ezagutzak elkarrekin eraikitzeko moduak bilatzea, Haizea Galarragaren eta Idurre Alonsoren esanetan; eta, ildo horretatik, komunikazio-testuinguru bakoitzean hitza nork, noiz, nola eta zertarako erabili jarri dute jomugan.
Elkarreraginaren komunikazio-modua, besteak beste, EEMBaren Liburu Osagarrian lantzen da, eta oso kontuan hartzekoa da: "(…) Ikaskuntzan ere elkarreragina funtsezkoa da. Elkarreragineko estrategiak biltzen dituzten EEMBko eskalek ondo islatzen dute hori: “hitza hartzea”, “elkarlana” (elkarlaneko estrategiak) eta “azalpenak eskatzea” izeneko eskalek, adibidez. (…)” (EEMB LO, 71. or.). Elkarrekin komunikatzeko gaitasuna sustatu nahi bada, hizkuntzari buruz pentsatzeko eta hitz egiteko gaitu beharko litzateke ikaslea, eta ikaslea erdigunean jarririk, ikaskuntza dialogikoa izango luke oinarri: elkarrekin hitz egin, elkarrekin ikasteko.
Ikasleari hitza emanez elkarrekin hitz egitea da ikasgelan elkarrekin ezagutza eraikitzea, eta arrazoinamendu kolektiboa sustatzea: ideia horren sustraietan legoke interthinking terminoa, eta horrek aditzera ematen du elkarrekin pentsatzeak eramango duela norbera modu autonomoan ere pentsatzera. Artikuluan, arlo jakin bateko jarduerak diseinatzean, hizkuntzaren lanketa aurreikusi behar dela diote adituek, hau da, elkarrekintza didaktikoa berariaz diseinatu behar dela.
Bukatze aldera, ikasle- eta irakasle-rolak aldatzeko nahiz ikaskuntza sozialki eta taldean eraikitzeko erronkak daude etorkizunerako, baina erronka horiek bi baldintzatzaile dituzte: bata, ikasleen komunikaziorako hizkuntz gaitasunen aniztasuna, eta, bestea, elkarrekintza didaktikoaren diseinu eta sistematizazio falta, edukiaren lanketarekin batera.
Azken batean, ikasgelan ikaskuntza sozialki eraikitzeko komunikaziorako kalitatezko testuinguru emankorrak sortu behar dira eta ikasleari ikaskuntzan sakontzen lagundu. Ikaskideei entzuten ikastea oinarrizko gaitasuna dirudien arren, curriculumeko edukien kopuru handiak eragin lezake elkarreraginerako tarte gutxi uztea. Horregatik, elkarreragina curriculumean txertatzeko zenbait orientabide ematen dituzte artikulu honetan bi ikerlariek:
1. Testuingurua (denbora, espazioa eta materiala: jardueraren kokapena eta denboraren, espazioaren nahiz materialaren kudeaketa): Non kokatu jarduera? Zenbat denbora eskaini? Nola antolatu ikasgela?
2. Ikasleekiko harremana (harreman-mota, estrategia diskurtsiboak): Nolako harreman-mota sustatu ikasleekin? Zein estrategia diskurtsibo erabili harreman egokia sustatzeko?
3. Parte-hartzeen nolakotasuna (irakaslearen nahiz ikaslearen parte-hartzea): Noiz hartu hitza irakasleak eta zertarako? Ikaslearen parte-hartzean, zenbat denbora eskaini jarduera-mota bakoitzari?
4. Ikasleen hizketaldiak bideratzeko moduak (irakaslearen galderak/ eskaerak, ikasleen berbaldiak sakontzeko estrategia diskurtsiboak, ikasleen arteko elkarrekintza sustatzeko bideak): Nori luzatu eskaera edo galdera? Zein galdera-mota baliatu momentu bakoitzean? Nola lagundu berbaldian sakontzen? Nola sustatu ikasleen arteko elkarrekintza talde handian?
Ondorio
gisa, artikulugileek argi adierazten dute diskurtsoa ez dela soilik garatzen
ikasleak talde txikitan jarrita eta, horrezaz gain, ezinbestekoa dela testuinguru
eta estrategia espezifikoak berariaz lantzea eta planifikatzea. Artikuluan,
luze-zabalago azaltzen dira elkarrekintza diseinatzeko orientabideak, eta,
horrela, irakasleak elkarrekintza lantzeko orientabide baliagarri horiek
erabili ahal izango ditu sekuentzia didaktikoak bideratzean.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOA:
Galarraga Arrizabalaga, H. eta Alonso Amezua, I. (2022). Ikasgelan elkarrekintza didaktiko emankorrak diseinatzeko tresna baten sorkuntza. Tantak, 34 (1). https://doi.org/10.1387/tantak.22803