Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza berritzeko giltza

Argitaratua: Wednesday, 1 December 2021, 12:05 PM

Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza berritzeko giltza liburua argitaratu zuen Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 2021eko ekainean, eta azaroaren 24an aurkeztu dute Karmele Perez, Agurtzane Azpeitia eta Arantza Ozaeta irakasle eta MIKER taldeko ikertzaileek Eskoriatzako campusean. Liburuak 100 orrialde ditu, eta denon eskura dago PDF formatuan.  

Lan honetan biltzen da Mondragon Unibertsitateko MIKER ikerketa-taldeak azken 15 urtean izandako esperientziatik eraikitako markoa. Denbora horretan, ehundik gora ikastetxe eta erakunderekin izan dituzte harremanak, eta ikas-irakaskuntzaren gaia ardatz harturik egindako lan horien bidez, taldeak prestakuntza-eredu bat sortu du. Bertan, azpimarratzen dute hezkuntza berritzeko ezinbestekoa dela irakaslearen praktikak eraldatzea, eta horretarako giltza irakasleen prestakuntza gogoetatsua dela.  Horretarako, liburuan hainbat tresna eskaintzen dituzte, eta abiapuntu gisa, gogoeta bera sustatzeko galdera batzuk proposatzen dituzte. 

Egileek bereziki hizkuntzen irakaskuntzan jarri dute arreta, eta hizkuntza gaitasunean eragiteko hiru giltzarri aipatzen dituzte:  

  1. Hizkuntzen trataera integratua jorratzea (eleaniztasuna helburu, euskara ardatz). 

  1. Hizkuntzen eta arloko edukien trataera integrala egitea (testu-generoen alderdi irakasgarriak). 

  1. Ikasgela barruko elkarrekintza didaktikoa modu bateratuan eta sistematikoan sustatzea (elkarrekintza bera langai). 

Azken batean, gizartea aldakorra eta ezegonkorra denez, horretara egokitzen lagunduko digun hezkuntza nahi dugu, eta begirada kontziente eta kritikoz moldatzeko gai diren pertsonak trebatu.  

 


Bibliografia:  

Perez Lizarralde, K., Azpeitia Eizagirre, A., eta Ozaeta Elorza, A. (2021). Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza berritzeko giltza. Mondragon Unibertsitatea. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. 


Beste eduki interesgarriak

Itzulpen Saila 55

Hizkuntza-irakaslea: irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako gaitasun metodologikoa

HABEk eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako 19. Uda ikastaroaren ondorio bat da obra hau. Hala, Itzulpen Sailaren baitakoa den arren, Gabriel Díaz Maggioli irakasleak HABEk plazaratzeko propio idatzitako liburua da. 2014an izan zuen sorburua, Joanba Bergarak (garai hartan HABEko Prestakuntza ataleko arduraduna zenak, hain zuzen) egilearekin harremanetan jartzea erabaki zuenean, eta elkarrekin hizkuntza-irakasleen gaitasun metodologikoa garatzeko proposamena definitzen hasi zirenean. Gaitasun hori, hain justu, hizkuntza-irakasleek beren ikasleen ikaskuntza-premiak asetzeko behar dituzten metodoak, teknikak, ikuspegiak eta paradigmak aukeratzeko duten trebetasuna da.
TANTAK 34

Ikasgelan elkarrekintza didaktiko emankorrak diseinatzeko jarraibideak 

Haizea Galarragak eta Idurre Alonsok irakasleek sekuentzia didaktikoetan elkarrekintza modu eraginkorrean eta sistematikoan txertatzeko gida baliagarri bat eskaini dute artikulu honetan. Ikerketa zabalago baten parte da artikuluan azaltzen den adibidea, irakasleen prestakuntza ardatz eta Arizmendi ikastolarekin elkarlanean. Hezkuntza formaletik at ere, interesgarri gerta dakioke edozein irakasleri. Izan ere, egileek hezkuntza-ibilbideko edozein arlotan erabil daitekeen diseinu-taula bat aurkeztu dute, tresna bizia izateko asmoz eraikia eta irakasle bakoitzak bere errealitatera moldatzeko sortua.