Elkarreragina hizkuntz curriculumean

Argitaratua: Sunday, 18 December 2005, 9:55 AM
Itzulpen Saila 47

Egilearen hitzaurrea


Liburu hau hizkuntz hezitzaileentzat da. Dozena erdi bat urtez garatu den proiektu baten berri ematen du. Proiektu horretan, oraindik aldaketak egiten ari naiz etengabe. Beraz, irakurleak ez luke produktu amaitutzat hartu beharko, baizik eta garatzen ari den lanaren argazkitzat, itxi gabe gera litekeen prozesu ireki baten erakusgarri.

Liburuak hizkuntz curriculumaren planteamendu filosofikoa izan nahi du hainbat dikotomia konpontzeko, hala nola ezagutzaren eta balioen, teoriaren eta praktikaren, eta, ikerketaren eta irakaskuntzaren artekoak. Argitu nahi du, era berean, zer gertatzen den, prozesuan emaitzetan bainoago pentsatzen dugunean. Aldi berean, hainbat terminoren esanahi arruntak, hala nola teoria, praktika, ikerketa, curriculuma eta ikaskuntzarenak, ez ditut bere horretan besterik gabe hartu. Saiatu naiz, ordea, pentsamolde berrietara egokitzen diren esanahi berriak bilatzen, eta osotasun terminologikoa lortzen. Ez naiz behar bezain urrun iritsi saio horretan, baina ekarpen baliagarri batzuk egin izana espero dut.

Irakurlearentzat liburua praktikoa eta teorikoa, praktikoa eta filosofikoa izatea nahi dut. Izan ere, ohiko etiketetatik urruntzea espero dut. Espero dut, batez ere, irakurleak adoretuko dituela beren kasa pentsatzera eta, hizkuntz irakaskuntzari dagokionez, beren proiektua eraikitzera. Nahiz eta ahaleginik handiena egin dudan ahalik eta garbien izateko eta teknizismoetatik urruntzeko, batzuetan beharrezkotzat jo dut oinarri teorikoei heltzea. Eta, atal horiek testu nagusitik nabarmendu egin ditut, paragrafoaren hasieran espazio handiagoa utziz, eta, marra bertikala eginez ezkerraldean. Jakina, irakurleak alde batera utz ditzake atal horiek, baina, nire ustez, argudio garrantzitsuak ematen dituzte.

Beti bezala, hainbat pertsonak eman du laguntza liburu hau egiteko. Lehenik eta behin, Chris Candlin aipatuko dut, bere sostengua eta ikuspegia funtsezkoak izan baitira, eta Monterey Institute of International Studies delakoko hainbat ikasle, batzuetan OAB amaituta eta burututa egotea nahi izango zuketenak. Hala ere, haietako batzuek eskuzabal irakurri zituzten aurreko bertsioak eta iruzkin baliagarriak egin zituzten. Bereziki eskertu nahi nieke Kim Marie Cole, Eve Connell (ikasgelako datuetako batzuk trasnkribatu zituena), Paul Magnuson, Stephanie Stauffer, troy Titteington eta Carol Woods-i.

Lankide batzuekin izandako elkarrizketek, batez ere Kathi Bailey, Josep María Cots, Rod Ellis, Celia Roberts eta Ruth Larimer-ekin, puntu asko argitzen lagundu didate halaber, nahiz eta haien iradokizun guztiak behar bezala aprobetxatu ez ditudan.

Aida, Jan eta Marcus ni bezain pozik egongo dira liburua azkenik amaituta dagoelako. Nire eskerrik beroenak haien laguntza eta egonarriarengatik.

Was der Leser auch kann, das überlass dem Leser (Irakurleak egin dezakeena, utzi irakurleari).

(Ludwig Wittgenstein, 1980b:77, Vermischte Bemerkungen. Frankfurt: Suhrkamp).


HABEren liburutegian


Beste eduki interesgarriak

TANTAK 34

Ikasgelan elkarrekintza didaktiko emankorrak diseinatzeko jarraibideak 

Haizea Galarragak eta Idurre Alonsok irakasleek sekuentzia didaktikoetan elkarrekintza modu eraginkorrean eta sistematikoan txertatzeko gida baliagarri bat eskaini dute artikulu honetan. Ikerketa zabalago baten parte da artikuluan azaltzen den adibidea, irakasleen prestakuntza ardatz eta Arizmendi ikastolarekin elkarlanean. Hezkuntza formaletik at ere, interesgarri gerta dakioke edozein irakasleri. Izan ere, egileek hezkuntza-ibilbideko edozein arlotan erabil daitekeen diseinu-taula bat aurkeztu dute, tresna bizia izateko asmoz eraikia eta irakasle bakoitzak bere errealitatera moldatzeko sortua.