Didakteka
Hizkuntzen eskola jolas-dinamiken bidez planifikatzea eta kudeatzea (Arrieta Castillo, C. eta Celorrio Aguilera, I.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Trebetasunak:
- Edukiak:
- Motivation
- Gaitasun komunikatiboa
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Trebetasunak:
- Edukiak:
- Motivation
- Gaitasun komunikatiboa
- Bisitak: 427
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Carolina Arrieta Castillo irakasleak hizkuntzen irakaskuntzan dihardutenei zuzenduriko egile askoren liburu bat erredaktatu eta koordinatu du: Discurso, comunicación y gestión del aula de ELE. Liburu horren editorea da, eta, Iris Celorrio Aguilerarekin batera, “Juego comunicativo: Planificar y gestionar el aula de ELE con dinámicas de juego” liburuko zazpigarren eta azken atala idatzi du.
Lehenik eta behin, autoreek jolasak zer diren eta hizkuntzen eskolan nola erabil daitezkeen azaltzen dute atal horretan, baita gako-kontzeptuak definitzen ere; besteak beste, gamifikazioa eta jolasa desberdinduz. Izan ere, gamifikazioa zenbait jolas-elementu jolaserako ez den testuinguru batean erabiltzeari deritzo. Ikasgelan ikasle-profil desberdinek elkarri eragiten diotenez, parte-hartze maila desberdinak ere antzematen dira, eta hori kontuan hartuz kudeatu behar da guztia.
Ondoren, gamifikazioa deritzon prozesu hori zertan datzan azaltzen dute, ez baita soilik jolas bat ikasgelan sartzea. Egileen hitzetan, ikaskuntzaren gamifikazio horren diseinuak honako hiru etapa hauek izan behar ditu:
1. Abstrakzio-etapa: helburuak planteatu behar dira taldea nolakoa den kontuan hartuta, gamifikazioa dibertigarria eta motibagarria izan dadin ikasle guztientzat.
2. Sormen-etapa: sistema gamifikatuaren elementuak diseinatu behar dira (talde-dinamikak, mekanikak eta jolas-elementuak).
3. Planifikazio-etapa: irakasleak aurreikusi behar du sistema prestatzeak eta praktikan jartzeak ematen duen denbora (zenbat saio edota jarduera…).
Jolasaren bitartez ikasgelaren dinamika planifikatzeari eta kudeatzeari buruzko azalpenak ematen dituzte, luze eta zabal, jolas interesgarri batzuen adibideak, zenbait irizpideren arabera sailkaturik. Esate baterako:
- Jolasak eskatzen duen gaitasunaren arabera: mugimendua eskatzen duten jolasak (aulki-jolasak…), jolas intelektualak (Istorio faltsuaren jolasa…), jolas afektiboak (taldea kohesionatzeko; adib., izotza urtzeko jolasak), trebetasunen jolasak (aho-korapiloak…), jolas sozialak (Tabu, rol-jokoak, mahai-jokoak…) eta zorizko jokoak (adib., bingoa).
- Jolasean lantzen den trebetasunaren arabera: mintzamena lantzeko ez ezik, irakurmena eta entzumena lantzeko ere egokia litzateke Ipuin zatikatua —maila baxuetan, ipuin baten zatiak har daitezke eta, maila altuetan, liburu baten atalak—; idazmena lantzeko, berriz, surrealismo frantsesetik hartutako Hilotz paregabearen hitz-jolasa, hizkuntzen irakaskuntzan aplika daitekeena, eta talde osoa inplikatuz egiturak lantzeko ariketa baliagarria izan liteke.
Egileen arabera, ikasteko motibazioan eragiten du jolasak, eta, gainera, onurak ditu ikasgelan (esaterako, ikasleen hizkeraren ekoizpen-kopurua areagotzen du); horregatik, irakasleak bere irakaskuntzan barneratu behar du baliabide hori erabil dezakeela; jolasa baliabide bat gehiago da, baina ez bakarra noski, eta ez testuinguru guztietarako. Jolasak, alde batetik, ahalbidetzen du edukia modu praktikoan erabiltzea, eta, bestetik, talde-dinamika interesgarriak sortzea elkarreraginean.
Beraz, azken atal honetan, gomendio batzuk ematen dituzte egileek gamifikatu behar denerako: lehenik, helburuak planteatu behar dira, eta horren arabera, eskolak diseinatu eta irizpideen arabera jolas-elementu bat edo bestea aukeratu.
Erreferentzia bibliografikoa:
- Arrieta Castillo, C. eta Celorrio Aguilera, I. (2021). Juego comunicativo: Planificar y gestionar el aula de ELE con dinámicas de juego In C. Arrieta Castillo (ed.), Discurso, comunicación y gestión del aula de ELE (223–259 or.). Udima.
- CEF. (2022, apirilaren 5a). Discurso, comunicación y gestión del aula de ELE - Presentación Libro. [Bideoa]. YouTube. https://www.youtube.com/watch?v=Zvva8xWpe3s.