Heldu nagusiei hizkuntza gehigarri bat irakasteari buruzko ikerketa bat

Argitaratua: Thursday, 28 August 2025, 2:25 PM
Educational Gerontology
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Murua Anzola, Iñaki
  • Bisitak: 524
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Iva Koutskak idatzitako “Teaching English as a foreign language to older adult learners: a qualitative exploration of four perspectives” artikulua eman zen argitara Educational Gerontology aldizkarian 2024an. Bertan, egindako ikerketa baten berri eman zuen. Ikasle heldu nagusien eremurako irakasle-jardunerako desiragarritzat jo daitezkeen zenbait alderdi baliozkotu ziren, parte hartu zuten heldu nagusiek era positiboan baloratuak zituztenak, gainera. Ikerketaren mugak aintzat hartuta, beste testuinguru batzuetarako ere interesgarriak izan daitezke artikuluan jasotako emaitzak, iritziak eta proposamenak.

Koutskaren esanetan, nahiz eta mendebaldeko gizarteetan heldu nagusien kopurua handitzen joan eta talde horren aurreikuspenak aldatzen, esparru horretako irakaskuntzaren inguruko ikerketa gutxi dago, eta, gainera, ez da ohikoa eremu horretarako irakasleen prestakuntza espezifikoa, are gutxiago ingelesaren irakaskuntzari erreparatuz gero.

Horregatik ekin zion miaketa-ikerketa kualitatibo-konparatibo bati hirugarren adineko unibertsitate batean, aztertzeko nola ekin ahal zaion heldu nagusiei ingelesa atzerriko hizkuntza gisa irakasteari. Hala, 64 eta 75 urte bitarteko ikaslez osatutako ingeles-ikastaro batean bi irakasle-motaren jarduna alderatu zuen: lanean ari ziren irakasleak (ustez, eskarmentudunak) eta irakasle izateko prestakuntza jasotzen ari zirenak (ustez, esperientziarik gabeak). Horiexek dira, beraz, artikuluaren izenburuan agertzen diren lau ikuspegiak: bi irakasle-taldeenak, ikasleena eta ikertzailearena.

Ikerketaren emaitzei erreparatuta, heterogeneotasuna da ikasle heldu nagusiei irakasteko faktorerik garrantzitsuena; bizitzan zehar bildutako ezagutzak eta esperientziak oso anitzak dira. Alderdi positibotzat hartu beharko litzateke, eta, horregatik, bizipen eta esperientzia horiek ikasprozesuan baliatu.

Zahartzearekin lotutako aldaketa fisiko, mental eta emozionalek badute eraginik heldu nagusien ikasprozesuan. Esate baterako:

  • Zeregin batzuk burutzeko denbora luzeagoa behar dute, baina arduraz egin ohi dituzte.
  • Burmuinaren alde desberdinak erabiltzen dituzte atzerriko hizkuntzak ikasteko; beraz, abstrakzio-gaitasuna eta pentsamendu logikoa hobetu daitezke.
  • Informazioa geldoago prozesatzen dute eta kontzentrazioa gal daiteke estimulu gehiegi baldin badago.
  • Epe luzerako memoria egonkor samarra da, baina horra heltzeko sarbidea motelagoa da; epe laburreko memorian izaten da eraginik.
  • Ez dago alde esanguratsurik pertsona gazteek eta nagusiek ikasteko duten gaitasunean, azken horien erreakzio-denbora luzeagoa bada ere.

 Heldu nagusiek atzerriko hizkuntzak ikastean badute alde onik.

  • Lexiko-mailak egonkorrak izaten dira.
  • Testuinguru berrietara egokitu daitezkeen ikasestrategiak garatuak dituzte ikasle nagusi askok.
  • Aldez aurretik lehen hizkuntzan eskuratutako kontzeptuetan oinarritu dezakete atzerriko hizkuntzen ikaskuntza.
  • Badute komunikazioan esperientziarik; horrek elkarrizketetan parte hartzea eta konpentsazio-estrategiak baliatzea errazten die.
  • Ikasle eraginkorragoak dira, helburu argiak izaten baitituzte eta horiek lortzeko gogor lan egiten baitute.

Ikerketaren arabera, irakaskuntza-jarduera arrakastatsuak eta ongi baloratuak honako alderdi hauek ditu.

  • Giro atsegina eta konfiantzazkoa sortzea.
  • Materialak eta jarduerak taldearen erritmora eta beharretara egokitzea.
  • Autonomia eta autoebaluazio positiboa sustatzea.
  • Ikasleen bizipenak ikasteko baliabide gisa aintzat hartzea.
  • Ikasle bakoitzaren muga, zailtasun eta beharrekiko sentikorra izatea;
  • Ikasleen parte hartze aktiboari eskaintzen zaion denbora handitzea.
  • Taldeari egokitutako ikasestrategiak garatzen laguntzen duten jarduerak egitea.
  • Ikasleen nahiak eta beharrak errespetatzea.

Ikerketaren emaitzen arabera, lanean ziharduten irakasleengan (esperientzia dutenengan, alegia) hobeto islatzen zen egokitzeko gaitasuna eta handiagoa zen haien kasuan ikasleen asebetetze-maila; gai ziren ikasleen motibazio espezifikoagoak eta oztopo partikularragoak identifikatzeko. Ikasten ari ziren irakasleak intuizioan oinarritu ziren, neurri handian, egokitzapenak egiteko. Baina bi irakasle-motak saiatu ziren giro positiboa sortzen eta ikasleek esperientziaz goza zezaten.

Artikuluan “geragogia” aipatzen da pertsona nagusien ohiko aldaketa fisiko, kognitibo eta psikologikoei egokitutako irakaskuntzaz diharduen jakintzagaia izendatzeko; Txekian eta Polonian garatzen ari da, adituaren esanetan, baina ez ei da oraindik eremu zientifiko independentea. Gainera, aipatutako bi herrialde horietan, atzerriko hizkuntzen geragogia osasunari edo hezkuntza orokorrari buruzko azterlanetan lantzen da, eta ez atzerriko hizkuntzen metodologia espezifiko gisa. Aipa dezagun HEOCen eta EEMBn ez dela “geragogia” terminoa esplizotuki agertzen. Hala ere, badugu Glotodidaktika Hiztegian eta Zutabe aldizkariaren zenbait edukitan “andragogia” hitza. Glotodidaktika Hiztegian, esaterako, honako hau dugu:
“Helduei ikasten laguntzeko artea eta zientzia. Helduen hezkuntzaren teoria, prozesuak eta teknologia”. 

Edonola ere, artikuluan eta sarrera honetan aipatutako alderdi asko badaude jasota arestian esandako erreferentziazko testuetan.



Erreferentzia bibliografikoa

Koutska, I. (2024). Teaching English as a foreign language to older adult learners: a qualitative exploration of four perspectives. Educational Gerontology50(6), 492–508. https://doi.org/10.1080/03601277.2024.2312043

Beste eduki interesgarriak

Marcela Fritzler

55 urtetik gorako helduen hizkuntzen ikas-irakaskuntzarako ikuspegi bat

55 urtetik gorako helduei beste hizkuntza bat irakasteko ikuspegi pedagogiko espezifikoa behar da, bai eta haien beharrak eta interesak errespetatuko dituzten ikaskuntza estrategikoak izango dituen didaktika bat ere. Irakasleak haien ikas-irakas prozesuan inplikatutako faktore afektibo, kognitibo eta sozialak ulertu behar ditu, bai eta aipatutako adin-tarteko ikasleek dituzten motibazio-ardatzen azpian dagoen erronkaz jabetu ere. Artikulu honetan, helduentzako metodologia baten oinarri diren zutabe pedagogikoak deskribatuko dira laburki, eta zenbait jardueraren adibide zehatzak emango dira azaldutako teoria praktikan jartzeko. https://doi.org/10.54512/TEQA2512
Klimova & De Paula

Atzerriko hizkuntzak ikasteko ikuspegien hobekuntza zahartze osasuntsua sustatzeko: berrikuspen sistematiko bat

Azterlan honen helburu nagusia hauxe da: adineko pertsonei atzerriko hizkuntza bat irakasteko ikuspegi edo planteamendu egokienak zein diren ikertzea, erdietsi nahi dituzten emaitzak lortzen laguntzeko, eta zer onura dituzten aztertzeko. Analisiak zorrotz jarraitzen dio berrikuspen sistematikoak eta metaanalisiak egiteko PRISMA metodologiari, eta belaunaldi zaharrenentzat atzerriko hizkuntzak ikasteko dauden ikuspegiak landu dituzten funtsezko ikerketa esperimentalak identifikatzea du xede. Guztira, aurkitutako bederatzi ikerlan hartu dira aintzat berrikuspen sistematiko honetan. Horien iturriak Web of Science eta Scopus atarietan eskuratu dira. Egindako aurkikuntzek aditzera ematen dute atzerriko hizkuntzak ikasteak adinekoen ongizatea eta kalitatez zahartzea bultza ditzakeela, ikaskuntzaren emaitzak edozein direla ere. Horrek esan nahi du atzerriko hizkuntzak ikasten dituzten hirugarren adineko pertsonentzat onura nagusia ez dela hizkuntzan lortzen duten gaitasun-maila, subjektiboki gogobeteta sentitzea baizik. Hori, hain zuzen, pizgarri egokia izan daiteke ikaskuntzan emaitza hobeak lortzeko, baldin eta ikasleei ikaskuntza-ingurune atsegina eta segurua eskaintzen bazaie, eta ikasteko ikuspegi egokiak erabiltzen badira; era horretan, dagoeneko badituzten ezagutzetan eta esperientziatik abiatuta aurrera egin dezakete, bai eta interesatzen zaizkien gaiei buruz eztabaidatuta ere. Beraz, atzerriko hizkuntzako irakasleek zeregin garrantzitsua dute adinekoen hezkuntza-prozesuan; izan ere, metodo eta material didaktikoek, pertsona nagusien hezkuntza-premietara egokitzen badira, eragin positiboa izan dezakete adinduen funtzio kognitiboak mantentzeko –eta, are hobetzeko–, bai eta haien jarduera mentalak hobera egiteko ere; horren ondorioz, osasuntsu zahartzen jarraitzen dute. JATORRIZKO ARGITALPENA Klimova, B. eta de Paula Nascimento e Silva, C. (2024). Enhancing Foreign Language Learning Approaches to Promote Healthy Aging: A Systematic Review. Journal of Psycholinguist Research, 53, 48. https://doi.org/10.1007/s10936-024-10088-3 Aldizkariaren eta egileen baimenaz egokitua, itzulia eta argitaratua.