Prestakuntza-jarduerak

"Nagusiei eskolak emateko ikuspegi didaktikoa" web-mintegia

Published: Friday, 16 January 2026, 12:30 PM
Marcela Fritzler

Marcela Fritzler adituak "Nagusiei eskolak emateko ikuspegi didaktikoa" web-mintegia eskainiko du gaztelaniaz, HABEk antolatuta, urtarrilaren 28an.

  • Eguna: Urtarrilaren 28a (asteazkena)
  • Ordua: 13:00 - 14:30
  • Online (Teams)

Web-mintegian parte hartu nahi baduzu, bete ezazu esteka honetan aurkituko duzun formularioa. Izen-ematea doakoa da. Web-mintegira konektatzeko lotura urtarrilaren 27an jasoko duzu.

Oharra 

Ez da ziurtagiririk emango. 


Web-mintegiaren nondik norakoak

60 urtetik gorako helduei bigarren hizkuntza edo hizkuntza gehigarri bat irakasteak ikuspegi pedagogiko espezifikoa eskatzen du, talde horren beharrak eta interesak aintzat hartuko dituena. Ikasle gazteak ez bezala, ikasle nagusi hauetako bakoitza bere biografia linguistiko, helburu zehatz eta motxila kulturalarekin iristen da eskolara. Beren ikasprozesuaren arrakasta, neurri handi batean, irakasleek ikasle nagusiak motibatzen dituzten faktore afektibo, kognitibo eta sozialak ulertzearen baitan dago, hala nola adimena aktibo mantentzeko nahia edo modu arinean ulertzeko nahiz komunikatzeko aukera.

Web-mintegi honetan, didaktika holistikoa, kulturartekoa eta multisentsoriala lantzeko proposamena egingo da, eta ikaslearen segurtasuna, konfiantza eta autonomia lehenetsiko dituen eskolako giroa sortzeko funtsezko estrategiak aurkeztuko dira, non akatsak prozesuaren zati gisa ikusiko diren. Norberaren bizipenetan ardaztutako jarduerak baliatzen dituen metodologia aurkeztuko da; hau da, hizkuntzaren ikaskuntza ikasleen esperientzia pertsonalekin lotzen duena. Askotariko dinamikak aztertuko dira: jolasak eta benetako materialen erabilera (abestiak edota podcastak, adibidez), adimen artifizial sortzaileen mekanismoak eta belaunaldien arteko proiektuak integratzea.

Ikuspegi honen helburu nagusia hiztegia eta gramatika ikaste hutsetik harago doa. Ikaslea ahalduntzea bilatzen du, bere independentzia sendotuz eta beste hizkuntza bat ikasiz norbera aberasteko, bai norbanako moduan, bai kulturaren alorrean.


Other interesting content

Marcela Fritzler

55 urtetik gorako helduen hizkuntzen ikas-irakaskuntzarako ikuspegi bat

55 urtetik gorako helduei beste hizkuntza bat irakasteko ikuspegi pedagogiko espezifikoa behar da, bai eta haien beharrak eta interesak errespetatuko dituzten ikaskuntza estrategikoak izango dituen didaktika bat ere. Irakasleak haien ikas-irakas prozesuan inplikatutako faktore afektibo, kognitibo eta sozialak ulertu behar ditu, bai eta aipatutako adin-tarteko ikasleek dituzten motibazio-ardatzen azpian dagoen erronkaz jabetu ere. Artikulu honetan, helduentzako metodologia baten oinarri diren zutabe pedagogikoak deskribatuko dira laburki, eta zenbait jardueraren adibide zehatzak emango dira azaldutako teoria praktikan jartzeko. https://doi.org/10.54512/TEQA2512
Educational Gerontology

Heldu nagusiei hizkuntza gehigarri bat irakasteari buruzko ikerketa bat

Iva Koutskak idatzitako “Teaching English as a foreign language to older adult learners: a qualitative exploration of four perspectives” artikulua eman zen argitara "Educational Gerontology" aldizkarian 2024an. Bertan, egindako ikerketa baten berri eman zuen. Ikasle heldu nagusien eremurako irakasle-jardunerako desiragarritzat jo daitezkeen zenbait alderdi baliozkotu ziren, parte hartu zuten heldu nagusiek era positiboan baloratuak zituztenak gainera. Ikerketaren mugak aintzat hartuta, beste testuinguru batzuetarako ere interesgarriak izan daitezke artikuluan jasotako emaitzak, iritziak eta proposamenak.