Dislexia eta hizkuntza-probak: inklusioa landuz (I)

Argitaratua: asteazkena, 2026(e)ko otsailaren 18(e)an, 09:59(e)tan
Dislexia adierazteko irudia
Zer da dislexia?

Dislexia oinarri neurobiologikoa duen ikasketa-zailtasun espezifikoa da, eta ez dago lotuta adimen-mailarekin edo motibazio faltarekin. Irakurketan eta idazketan zailtasunak ager daitezke, baita ahozko hizkuntzaren prozesamenduan, lan-memorian eta informazio fonologikoa manipulatzeko gaitasunean ere. Ondorioz, dislexia duten ikasleek ahalegin kognitibo handiagoa egin behar dute, eta horrek testuaren ulermen globala zaildu dezake.

 Antonia Liberalek bi azalpen nagusi azpimarratzen ditu:

  1. Defizit fonologikoaren hipotesia: hizkuntza-soinuak hautemateko eta prozesatzeko zailtasuna.
  2. Automatikotasun-defizitaren hipotesia: trebetasun motor, bisual eta entzunezkoak automatizatzeko zailtasuna. 

Idatzizko sistemaren gardentasun-mailak ere eragina izan dezake: 

  • Ortografia opakuak dituzten hizkuntzetan (ingelesa, frantsesa…) ohikoena da irakurketaren zehaztasun falta.
  • Ortografia gardenagoa dituztenetan (euskara, gaztelania…), ordea, irakurketaren moteltasuna da adierazle nagusia.

Bigarren hizkuntza ikasteko erronkak

H2 bat ikasteak zenbait gaitasun erabiltzea eskatzen du: hiztegia memorian gordetzea eta azkar berreskuratzea, irakurketaren abiadura eta ulermena lantzea, eta idazketa-estrategiak finkatzea, besteak beste.

 Dislexikoek erronka handi hauek izan ohi dituzte:

  • H1ean dituzten estrategiak ez dira beti automatikoki transferitzen H2ra.
  • Hiztegia ikastea zailagoa da, bereziki H2ko hiztegia neurri handi batean H1ekin partekatzen ez denean.
  • Prozesamendu fonologikoko eta automatizazio-mekanismoetako mugak nabaritzen dira.

Ortografia gardena izatea abantailatzat ikus daitekeen arren, hizkuntza postpositiboa izateak zailtasunak areagotu ditzake H1 prepositiboa (gaztelania, frantsesa, ingelesa…) duten ikasle dislexikoentzat. Bigarren hizkuntza bat ikasten ari den pertsona dislexiko batek hiztegia ikasteko zailtasun handiagoak izango dituela dioen hipotesiarekin lan egin behar da, bereziki hizkuntzaren berezko hiztegiarekin. Gaztelania edo frantsesa H1 gisa duen ikasle bati arrakasta lema ondo ikastea eta ahoz zein idatziz zuzen ekoiztea zailago egin dakioke arrisku lema baino (riesgo edo risque lemetatik abiatzen bada). 

Mailak egiaztatzeko  jardueretan, honako hauek atzeman izan dira:

  • Hitzaren antzeko soinua duen beste bat erabiltzen dute maizago: arazo/azaro.
  • Silaben errepikapenarekin gorabeherak izaten dituzte (mutu → mututu, Mutriko → Mutrikuko, astearte → astearterarte).
  • Testua antolatzeko moduan ere gorabeherak izan ditzakete: kasu batzuetan, dena paragrafo bakarrean adierazten dute; beste batzuetan, berriz, paragrafo gehiegi idazten dituzte.

Ebaluazio inklusiboa

Egokitzapenak ez dira neurri tekniko-administratibo hutsak: ikuspegi etikotik ere ezinbestekoak dira. Ebaluazioak aukera-berdintasuna eta parte-hartze osoa bermatu behar ditu, zailtasun gehigarririk sortu gabe. Edonola ere, Antonia Liberalekin batera, adierazi behar da erakunde egiaztatzaileek erronka garrantzitsu bati egin behar diotela aurre: egokitzapenek zer eragin duten behar bereziak aztertzea azterketatako hautagaien errendimenduan, betiere proben baliozkotasuna eta fidagarritasuna bermatuz.

Egokitzapenak

HABEk  honako egokitzapen hauek eskaintzen dizkie dislexikoei:

  • Azterketa beste gela batean egiteko aukera.
  • Azterketa egiteko denbora % 33 luzatzea
  • Idatzizko materiala 14 puntuko letra-tamainan, lerro eta erdiko tartearekin eta Sans Serif hizki-motarekin aurkeztea.
  • Dislexia larria, disgrafia edo disortografia kasuetan, ordenagailuz egiteko aukera.

Zuzenketan bermatzen da HEOCeko komunikazio-gaitasunak betetzen direla; hala ere, epaimahaiek azterketariaren egoera kontuan hartzen dute.

Ahozko azterketari dagokionez, HABEk zenbait jarraibide ematen dizkie aztertzaileei. Besteak beste, kontuan hartzen da dislexia duten pertsonek zailtasunak izan ditzaketela erabili nahi duten hitza beren lexiko mentalean aurkitzeko. Horren ondorioz, honako egoerak gerta daitezke:

  • Hitza mihiaren puntan balute bezalako sentsazioa dute.
  • Badakite zer hitz behar duten, baina batzuetan zailtasuna dute kanporatzeko.
  • Antzeko soinua duen beste hitz bat erabiltzen dute: arrastaka/arrakasta, erabili/erabaki, kexatu/kezkatu, edo hitza eraldatzen dute: abididez, biladiko, kazabarra…
  • Zehaztasunik gabeko hitzak/esapideak erabiltzen dituzte maizago: “gauza”, “eta hori…”
  • Autozuzenketa maizago erabili ohi dute.

Erreferentziak

Agindua, 2020ko irailaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautzen dituena, eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. Gasteiz, 2020ko irailaren 28koa, 191. zenbakia. https://www.euskadi.eus/web01-bopv/eu/bopv2/datos/2020/09/2003876e.shtml

Liberal Trinidad, A. (2023). Entender la dislexia para diseñar pruebas de idiomas adaptadas. In Instituto Cervantes, El español en el mundo 2023. Anuario del Instituto Cervantes (225-246. or.). https://cvc.cervantes.es/lengua/anuario/anuario_23/el_espanol_en_el_mundo_anuario_instituto_cervantes_2023.pdf

Kosmos, J. eta Smith, A. M. (2025). Ikaskuntza-desberdintasun espezifikoak dituzten ikasleei hizkuntzak irakastea (itzul.). HABE (jatorrizkoa, 2024).

Paniagua Martín, D. (2023). Dislexiaren paradoxa bigarren hizkuntzaren / atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan. e-Hizpide, 101. https://doi.org/10.54512/GXKC9594


Irudia: Copilot AAko tresnaren laguntzaz sortua

Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

Diego Paniagua

Dislexiaren paradoxa bigarren hizkuntzaren / atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan

Artikulu honen helburua da dislexia duten ikasleentzat bigarren hizkuntzaren (H2) / atzerriko hizkuntzaren (AH) irakaskuntza nolakoa den zehaztea eta irakasleei estrategiak, metodologiak, esku hartzeko gidalerroak eta hezkuntza-baliabideak ematea esku-hartze hori kalitatez egin ahal izateko; izan ere, nahasmendu hori (irakurtzean hitzak deskodetzeko eta arin berreskuratzeko zailtasunak izatea eta irakurtzeko erraztasunean, prosodian, idazketan eta ortografia arbitrarioaren erabilera egokian arazoak izatea du ezaugarri), beste oztopo bat gehiago da hizkuntza gehigarrien ikaskuntzan, dauden arazoak aldez aurretik jatorrizko hizkuntzan izandakoen emaitza baitira. https://doi.org/10.54512/GXKC9594
IS 60

Ikaskuntza-desberdintasun espezifikoak dituzten ikasleei hizkuntzak irakastea

"Ikaskuntza-desberdintasun espezifikoak dituzten ikasleei hizkuntzak irakastea" da Itzulpen Saila bildumako 60. zenbakiaren izenburua. Judit Kormos eta Anne Margaret Smith dira egileak. 2024koa da bigarren argitalpena ("Teaching Languages to Students with Specific Learning Differences") eta Multilingual Matters argitaletxea. Bakun izan da itzultzailea.
ikasle dislexikoa haren irakaslearekin

Dislexia ikasgelan: inklusioa landuz (eta II)

Dislexiak hizkuntzaren prozesamenduan eragiten du, bereziki irakurketan eta idazketan, eta horrek irakaskuntza- eta ebaluazio-praktiken egokitzapena eskatzen du. Lan honek dislexia duten ikasleen ohiko ezaugarri linguistiko, kognitibo eta emozionalak kontuan hartuta, jardunbide didaktiko egokiak laburbiltzen ditu: denboraren eta ebaluazioaren malgutasuna, testu eta materialen irisgarritasuna, argibide argi eta egituratuak, laguntza-estrategia espezifikoak, ahozko ekoizpenerako egokitzapenak, baliabide teknologikoen erabilera eta alderdi afektiboen zaintza. Proposatutako neurriek hizkuntza-ikaskuntza irisgarriagoa eta eraginkorragoa sustatzen dute, eta, ikuspegi inklusibo batetik, ikasle guztien errendimendua hobetzen laguntzen dute.