Irakasbil
Didakteka
Dislexia ikasgelan: inklusioa landuz (eta II)
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Villoslada Fernández, Iñaki

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Villoslada Fernández, Iñaki
- Visits: 184
- Comments: 0
- Favorites: 0
Irakasleentzako orientabide praktikoak
Dislexiari buruzko aurreko sarreran azaldu den bezala ("Dislexia eta hizkuntza-probak: inklusioa landuz"), dislexiak eragina du hizkuntzaren prozesamenduan, bereziki irakurketan eta idazketan. Dislexikoen ezaugarri linguistiko eta kognitiboek zuzenean eragiten diote hizkuntza-jardueren errendimenduari; eta, ondorioz, beharrezkoa da irakaskuntza-praktikak egokitzea, ikasleek gaitasun linguistikoak modu egokian garatu ahal izateko.
Dislexia duten ikasleek hainbat fenomeno linguistiko ager ditzakete, besteak beste: letren edo silaben ordena nahastea, antzeko grafia duten hitzak nahastea, letrak, silabak eta hitzak ezabatzea edo gehitzea, irakurketa motela eta erritmo gabea eta ortografia-zailtasunak.
Ikasle heldu askok dislexiaren ondorioz zenbait ezaugarri berezko eduki ditzakete, hala nola hitz ezezagunekin zailtasunak izatea, irakurketa edo idazketa saihesteko joera, testuen ulermen txikiagoa edo idatzizko diskurtsoa antolatzeko zailtasunak. Era berean, hizkuntza-jarduerek antsietatea eta urduritasuna sor ditzakete, eta faktore emozional horiek zuzenean eragin dezakete errendimenduan.
Bestalde, ikerketek erakutsi dute irakurle guztiek hiztegi-errepertorio zabala garatu behar dutela irakurketa-fluxua eta ulermena hobetzeko. Erabiltzen ditugun materialak eta praktikak dislexikoentzat egokitzeko, honako hauek kontuan izatea aholkatzen da.
1. Denboraren eta ebaluazioaren egokitzapena
- Idatzizko ariketetan denbora gehigarria eman.
- Denbora luzatzea posible ez denean, ariketen kopurua murriztu, edukien kalitateari eutsita.
- Ebaluazioan edukiari lehentasuna eman, eta akats formalak edo ortografikoak feedbackaren bidez eman.
- Ebaluazioan, feedbacka ahoz edo audio-grabazioen bidez eman.
2. Testuen eta material idatzien irisgarritasuna
- Zutabekako egiturak saihestu, testuaren jarraipena errazteko. Lerrokatu ezkerretik.
- Letra-tipo eta -tamaina irisgarriak erabili; adibidez, 12-14 tamainako serif gabekoak: Arial, Comic Sans.
- Testua paragrafo labur eta egituratuetan banatu.
- Irudiak, diagramak eta grafikoak erabili, edukia ulertzen laguntzeko.
- Testuaren ulermenerako funtsezkoak diren hitz edo esaldiak nabarmendu letra lodiz edo kolorez (berdea eta gorria izan ezik, daltonikoei zailtasunak ez sortzearren).
- Esaldiak ez azpimarratu, eta saihestu letra etzana.
- Esaldi bat lerroaren bukaeran ez hasi, saihestu laburdurak eta laburtzapenak eta sinbolo gehiegi ez erabili.
- Testuak audio-formatuan ere eskaini.
- Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren Printzipioak kontuan izan.
3. Argibideen eta jardueren formulazioa
- Argibideak modu argi, sinple eta zuzenean eman.
- Argibideak urrats zenbakitu eta sekuentziatuetan banatu.
- Argibideak ahoz ere eman.
- Galdera irekiegiak edo egitura konplexukoak saihestu, eta galdera zehatzagoak lehenetsi.
4. Ikaskuntza-antolaketa eta laguntza-estrategiak
- Talde txikietan edo bikoteka lan egin, elkarren arteko laguntza sustatzeko. Saihestu bikoteak egiterakoan bi pertsona dislexiko bikotekideak izatea edo talde berean egotea.
- Hobeto kontzentratu eta irakaslearekin gehiago elkarreragin dezaketen tokian kokatu gelan.
- Eskemak, mapa kontzeptualak eta antolatzaile grafikoak erabili, gidoiak eman idazlanetan.
- Idatzizko ekoizpenerako egitura-ereduak eta txantiloiak eskaini.
- Hiztegi garrantzitsua aldez aurretik landu, testuaren ulermena errazteko.
- Irakurketa gidatua eta pausatua egin.
- Arbelaren inguruan eta gelako paretetan arreta galaraziko duen informazio idatzi asko egotea saihestu (hormirudiak, kartelak, iragarkiak...).
- Pazientzia izan eta laguntza eta animoak emateko prestutasuna erakutsi.
5. Ahozko ekoizpenaren egokitzapena
Ahozko jardueretan ere egokitzapenak egitea garrantzitsua da, prozesamendu-denboraren beharra kontuan hartuta. Uxue Pérez Litagok azpimarratzen duen bezala, komeni da berehalako erantzunak eskatzen dituzten jarduerak saihestea.
Horren ordez, gomendagarria da:
- Galderak aldez aurretik ematea.
- Hausnarketarako denbora eskaintzea.
- Oharrak egiteko aukera ematea.
- Erantzuna prestatzeko denbora nahikoa ematea.
Neurri horiek ikasleen benetako gaitasun linguistikoa modu egokiagoan erakustea ahalbidetzen dute
6. Laguntza teknologikoen erabilera
- Zuzentzaile ortografikoak eta idazketa-laguntzako tresnak erabili.
- Audio-materialak eskaini eta irakurri beharreko testuak zailtasun handikoak direnean grabatuta eman zenbaitetan.
7. Alderdi emozionalak eta motibazioa
- Ikaskuntza-ingurune segurua eta presiorik gabea sortu.
- Akatsak ikaskuntza-prozesuaren parte gisa aurkeztu.
- Ahalegina eta aurrerapena kontuan izan.
- Ikasleen indarguneak identifikatu eta balioetsi.
Alderdi emozionalek eragin zuzena dute hizkuntza-errendimenduan, eta, beraz, haiek zaintzea funtsezkoa da.
Ondorioa
Azaldutako egokitzapen eta estrategia hauek dislexia duten ikasleen behar espezifikoei erantzuten laguntzen dute, hizkuntza-ikaskuntza irisgarriagoa eta eraginkorragoa bihurtuz. Hala ere, neurri horiek ez dira soilik ikasle hauentzat onuragarriak; izan ere, irakaskuntza argiagoa, egituratuagoa eta inklusiboagoa sustatzen dute, eta, ondorioz, ikasle guztien ikaskuntza-prozesua hobetzen dute.

Gehiago jakiteko
Lázaro López-Villaseñor, M. (zuz.) (2025). Revista de Investigación en Logopedia, 15 [zenbaki berezia]. Universidad Complutense de Madrid, Universidad de Castilla la Mancha eta Colegio Oficial de Logopedas de Castilla la Mancha. https://revistas.ucm.es/index.php/RLOG/issue/view/4691
Pérez Litago, U. (2025, ekainaren 11). La influencia de la dislexia en el aprendizaje del inglés: un hallazgo inesperado. The Conversation. https://theconversation.com/la-influencia-de-la-dislexia-en-el-aprendizaje-del-ingles-un-hallazgo-inesperado-257936
Pérez-Litago, U., Rojas-Guerra, J. M., Martínez-García, C., & Suárez-Coalla, P. (2025). Language skills of adults with dyslexia in English as a foreign language: Proposal of a language spontaneity deficit hypothesis. Annals of Dyslexia, 75, 313-338. https://doi.org/10.1007/s11881-025-00326-1
Irudia: Copilot erremintaz egina

