HABEk hirugarrenez eskaini nahi du "Jardun bikoa helduen euskalduntzean" prestakuntza-egitasmoa, helduen euskalduntzean eskolak ematen ari diren irakasleak jardun biko irakastereduan berariaz prestatzeko. Dena den, gaitasun digitala areagotzeko eta, azken finean, garapen profesionalerako ere baliagarria da.
Bi ikastarok osatzen dute 2024ko urritik 2025eko apirilera bitartean gauzatuko den prestakuntza-eskaintza. Ikastaroak online egingo dira; betiere, praktika tutorizatuaren balio erantsia bermatuta. Lehen ikastaroaren aurrematrikulazio-epea 2024ko ekainaren 17tik 24ra bitartean izango da.
HABE liburutegiaren webguneari buruzko web-mintegian izena emateko epea martxoaren 8 arte egongo da zabalik, helduen euskalduntzean ari diren irakasleei nahiz arduradun akademikoei zuzenduta.
Gauza jakina da azken hamarkadetan ikerketa gutxi egin direla AH/H2aren irakaskuntzaren esparruko ikaskuntzaren nahasmenduen eta Hezkuntza Premia Berezien arloan. Era berean, argi dago oso beharrezkoa dela ikastetxeetan eta erakundeetan gaiari buruzko prestakuntza espezializatua jasotzea.
Beraz, kontuan hartuta gaiari buruzko ikerketa urria, desgaitasun ugari daudela eta gai honetan sektoreak dituen beharrak, honako hauek dira prestakuntza honen helburuak: ekarpen teorikoetatik haratago, batetik, ikasle hauei AH/H2a irakastea zertan datzan argitzea eta, bestetik, ikuspegi inklusibo eta berritzaile batetik, irakasleei eskaintzea ezaugarri horiek dituzten ikasleekin erabili beharreko hezkuntza-joera berriak, tresnak eta estrategiak, betiere komunikazioan eta lankidetzan oinarrituta.
Nola planifikatu jarduerak ikasgelan maila bat baino gehiago ditugunean? Nola erantzun ikasleen behar, erritmo eta maila ezberdinei? Nola diseinatu maila ezberdinetarako jarduerak, ikasle guztiek ikasi eta ahalik eta etekin handiena atera dezaten? Nola proposatu aldamiatze-teknika koherentea? Eta nola egin ikasle bakoitzaren jarraipen pertsonalizatua? Ikastaro honetan, ikuspegi praktiko eta aktibo batetik abiatuta, galdera horiei erantzungo zaie.
Bitartekotza-jarduerak egiaztatze-azterketetan txertatu izanak irakasleek ikasgelan komunikazio-modu hori landu beharra ekarri du. C2 mailak baditu bitartekotzaren praktikarako lagungarri gerta daitezkeen berariazko ezaugarri batzuk, baina, beste alde batetik, erronka batzuk ere sortzen dira.
Ikastaroan zenbait alderdi teoriko jorratuko badira ere, guztiz praktikoa eta bereziki C2 mailara egokitua izango da. HABEren C2 mailako egiaztatze-probaren bitartekotza-ariketak ez ezik, beste bitartekotza-jarduera batzuk ere landuko dira.
Moodle plataforman ikastaroak sortzen ikasteko prestakuntza emango du Silvia Sola irakasleak. Edozein irakaskuntza-moldetarako erabilgarria izango da, bai aurrez aurrekorako, bai jardun bikorako, bai online eskolak emateko.
Plataformak eskaintzen dituen zenbait tresna aztertuko dira: komunikazioa sustatzeko, elkarreraginerako, ikasleak motibatzeko, gaiak aurkezteko eta ebaluaziorako. Era berean, Moodle-n txerta daitezkeen erreminta batzuk izango dira langai.
Ikastaro hau guztiz praktikoa izango da. Bertan, labur berrikusiko dira hizkuntzaren irakaskuntzan baliatutako metodo eta ikuspegi nagusiak, horien alderdi baliagarrienak gaur egungo ikasgelan, eta, ondoren, ikuspegi komunikatiboen prozedura-gakoetan sakonduko da. Horrela, bigarren hizkuntzen ikasgelako edukiak eta komunikazio-jarduerak modu eraginkorragoan irakasteko aplikazio praktikoak, baliabideak eta estrategiak landuko dira.
Ikasgelara eraman beharreko testuek nolakoak izan behar duten azalduko du irakasleak, baita nola irakatsi curriculumaren edukiak ere. Era berean, jarduera bideratuenetatik libreenetara eta parte-hartzaileenetara sekuentziatutako praktika-prozesuak nola garatu ere aztertuko da.
Ikastaro honen helburua oinarri teoriko-metodologikoak, baliabideak, prozedurak eta tresnak eskaintzea izango da, bertaratutakoek irakasteko dituzten moduak zabal ditzaten, ikaslea inplikatu eta ikasgelan parte hartzera bultzatuko duten ikuspegi aktiboak aplikatuz.
Orientabide horiek guztiak jarduera eta sekuentzia didaktikoetan gauzatuko dira, ikasleak euskaraz modu eraginkorrean komunikatzeko gai izan daitezen.