Atzerriko hizkuntzak adinekoei irakasteko gakoak

Argitaratua: asteazkena, 2026(e)ko irailaren 9(e)an, 09:54(e)tan
IS 61

Marek Derenowski da Itzulpen Saila bildumako 61. zenbakiaren egilea. Jatorrizko lana, Insights into Senior Foreign Language Education, Multilingual Matters argitaletxeak plazaratu zuen 2021ean. 

Atzerriko hizkuntzak adinekoei irakasteko gakoak liburuak adinekoen hizkuntza-ikaskuntza du aztergai, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren ikuspegitik. Egileak adinekoen ikaskuntzari buruzko aurreiritzi eta estereotipo negatiboak zalantzan jartzen ditu, eta zahartzearen alderdi biologikoak, psikologikoak eta sozialak uztartuz azaltzen du zergatik den beharrezkoa adin-talde horren beharretara egokitutako hizkuntza-irakaskuntza. Horretarako, adineko ikasleen motibazioak, zailtasunak eta ikaskuntza-ezaugarriak aztertzen ditu, bai eta irakasleen prestakuntzaren garrantzia ere.

Lanak ikuspegi teorikoa eta praktikoa uztartzen ditu: zahartzaroari eta bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko oinarri kontzeptualak eskaintzeaz gain, ikasgelarako orientabideak, jarduera- eta material-proposamenak eta adinekoekin lan egiten duten hizkuntza-irakasleen eginkizunari buruzko gogoetak jasotzen ditu. Horregatik, interes bereziko irakurketa izan daiteke helduen euskalduntzean diharduten irakasleentzat, gero eta anitzagoa den ikasle-helduen errealitatea hobeto ulertzeko eta horri erantzuteko tresnak eskaintzen baititu.

Liburuaren aurkibidea eta sarrera eskura daude erantsitako fitxategietan. 2024an, liburuaren erreseina argitaratu zen Irakasbilen.

Jatorrizko argitalpena

Derenowski, M. (2021). Insights into Senior Foreign Language Education. Multilingual Matters. 

Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

Insights into Senior Foreign Language Education

"Insights into Senior Foreign Language Education" liburua (Marek Derenowski)

Aldaketa sozio-kulturalek eta gizartearen zahartzeak nolabaiteko interesa piztu dute adinekoen hezkuntzaren esparruan. Nolanahi ere, adinekoen hezkuntzaren gaiak ez du behar besteko arretarik izan oraindik. Horregatik, "Insights into Senior Foreign Language Education" liburuak giza zahartzearen prozesuari eta bizialdi osoko ikaskuntzaren filosofiari lotutako gai batzuk jorratzen ditu, arlo horrek ezinbestean ezagutza eta arreta handiagoa eskatzen duela iritzita.
Marcela Fritzler

55 urtetik gorako helduen hizkuntzen ikas-irakaskuntzarako ikuspegi bat

55 urtetik gorako helduei beste hizkuntza bat irakasteko ikuspegi pedagogiko espezifikoa behar da, bai eta haien beharrak eta interesak errespetatuko dituzten ikaskuntza estrategikoak izango dituen didaktika bat ere. Irakasleak haien ikas-irakas prozesuan inplikatutako faktore afektibo, kognitibo eta sozialak ulertu behar ditu, bai eta aipatutako adin-tarteko ikasleek dituzten motibazio-ardatzen azpian dagoen erronkaz jabetu ere. Artikulu honetan, helduentzako metodologia baten oinarri diren zutabe pedagogikoak deskribatuko dira laburki, eta zenbait jardueraren adibide zehatzak emango dira azaldutako teoria praktikan jartzeko. https://doi.org/10.54512/TEQA2512