Didakteka
"Insights into Senior Foreign Language Education" liburua (Marek Derenowski)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Bisitak: 255
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Aldaketa sozio-kulturalek eta gizartearen zahartzeak nolabaiteko interesa piztu dute adinekoen hezkuntzaren esparruan. Nolanahi ere, adinekoen hezkuntzaren gaiak ez du behar besteko arretarik izan oraindik. Horregatik, Insights into Senior Foreign Language education liburuak giza zahartzearen prozesuari eta bizialdi osoko ikaskuntzaren filosofiari lotutako gai batzuk jorratzen ditu, arlo horrek ezinbestean ezagutza eta arreta handiagoa eskatzen duela iritzita.
Liburu honen helburu nagusia da helduen hizkuntzen ikas-irakas prozesuari lotutako arazoei buruzko kontzientzia handitzea. Atzerriko hizkuntzen gerogogia ere deitu izan zaio adinekoen atzerriko hizkuntzaren hezkuntzari. Testuan, ahalegina egin da adineko ikasleekin lan egiten duten hizkuntza-irakasleen profilari buruzko argitasun handiagoa eskaintzeko, baita aurrera begirako prestakuntzarako iradokizunak emateko ere.
Antza denez, idazlearen iritziz, ez dago adineko ikasleak talde berezi moduan kontuan hartzen dituen metodologia espezifikorik. Hortaz, handia da talde horren hezkuntza-prozesua arrakastaz sustatuko duten metodologiak ezartzeko premia. Hori horrela izango bada, aldaketa handiak egin behar dira irakasleen prestakuntzan; ikasleentzat atseginagoak eta lan egiteko egokiagoak diren hezkuntza-inguruneak sortzeko, behar adinako ezagutza eta trebetasuna izan dezaten.
Bestalde, ikasle nagusientzako atzerriko hizkuntzen hezkuntzaren inguruan dauden aurreiritzi eta estereotipo batzuk gezurtatu nahi izan ditu Derenowskik. Hori lortze aldera, hezkuntza-mota horri lotutako gaien azterketa sakona eta eguneratua egin du.
Azken batean, egileak eztabaida eta ideien trukea sustatu nahi izan du eta atzerriko hizkuntzen gerogogian beharrezkoak eta eraikitzaileak diren aldaketak bultzatu.
1. kapitulua. Zahartzearen diziplinarteko ikuspegia. Hainbat ikuspegitatik aztertzen da zahartze-prozesua: fenomeno biologiko, filosofiko, soziologiko eta kultural gisa.
2. kapitulua. Etengabeko ikaskuntza gizarte garaikide batean. Kapitulu horren ardatza bizialdi osoko ikaskuntzaren kontzeptua da. Kontzeptu hori bi ikuspuntutatik ikertu du. Bata da jaiotzen garenetik hiltzen gareneraino jasotzen dugun jakintza, eta bestea hezkuntza bideratua, programa eta proiektuetan gauzatu behar dena.
3. kapitulua. Adinekoentzako hizkuntzen ikaskuntza. Helburu nagusia da deskribatzea atzerriko hizkuntzetan helduek jarraitzen duten prozesua. Bertan, adinekoen hezkuntzaren ikerketaren laburpena jaso du, baita adinekoak atzerriko hizkuntzak ikasten hasteko izan ditzakeen arrazoiak eta ikastean topa ditzakeen arazoak ere. Gainera, oztopo afektiboak ezabatzeko hezkuntza-programetan egin litezkeen aldaketak aztertzen dira, ikasmateriala eraginkorra eta motibatzailea izan dadin, eta helduentzako ikas estrategiak erabil daitezen. Horietaz gain, ikasle horiekin lan egiten duten hizkuntza-irakasleen ezaugarriak aztertzen ditu idazleak.
4. kapitulua. Ahotsak ikasgelatik. Helduen kasuan hizkuntzen ikas-irakas prozesua gehiago ezagutzeko azterlan baten berri ematen da. Dirudienez, ez dago 50 urtetik gorako ikasleak talde berezi moduan kontuan hartzen dituen metodologia espezifikorik. Ondorioz, oraindik ez da jotzen adindunentzako hizkuntzen irakaskuntza hizkuntza-irakasleen hasierako prestakuntzaren bereizgarritzat eta, horrela, bermatu ahalik eta modu eraginkorrenean egingo dela atzerriko hizkuntzen irakaskuntza. Halaber, hizkuntza-irakasleen ezaugarri espezifikoak ere identifikatzen ditu.
5. kapitulua. Ondorioak eta iradokizunak etorkizuneko ikerketetarako. Izenburuak dioenez, bertan ondorioak eta etorkizunean egingo diren ikerketetarako iradokizunak azaltzen dira. Nahiz eta zahartzaroak mugak izan, une atsegina izan dadin lortzeko, modu bat izan liteke mentalki aktibo sentitzea eta, horrela, gizarteratu eta isolamendua gainditzea.
Argitaletxearen aurkezpena
Liburu honek ikasle nagusiei atzerriko hizkuntzak irakasteak berekin dituen ezaugarri bereizgarriak aztertzen ditu. Helduentzako atzerriko hizkuntzen hezkuntzan adinak eta ikasteko zailtasunek izan ditzaketen oztopoak eztabaidatzen dira, bai eta erronka horiek gainditzeko konponbideak ere. Idazleak hainbat ikuspegitatik deskribatzen ditu giza zahartzearen prozesuak, eta bizialdi osoko ikaskuntzaren kontzeptua aipatzen du. Liburuak adineko ikasleekin lan egitean har daitezkeen praktikak, jarduerak eta ikasgelako materialak proposatzen ditu. Horiek baliagarriak izango dira irakasleentzat eta maisu-maistren prestatzaileentzat, bai eta hezkuntza-politiken arduradunentzat eta planifikatzaileentzat ere. Gainera, oztopo afektiboak ezabatzeko hezkuntza-programetan egin daitezkeen aldaketak deskribatzen ditu, ikasmateriala eraginkorra eta motibatzailea izan dadin, eta helduentzako ikas estrategien erabilera sustatzen du.
Erreferentzia:
Derenowski, M. (2021). Insights into Senior Foreign Language Education. Multilingual Matters. https://doi.org/10.21832/9781800412224