Irakasbil
Argitalpenak
e-Hizpide 105
- Atala:
- Dokumentu-mota:
Bitartekotza C2 mailan: nola diseinatu jarduera egokiak eta motibagarriak
- Argitalpenak
- Sortua: 20 June 2025
- Bisitak: 223
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Azken urteotan, bitartekotzaren hotsa geroz eta gehiago ari da entzuten. Bai, orain, hizkuntza-eskuliburuetan usu ageri da, maila askotan; eta ez da harritzekoa hizkuntza egiaztatzeko probetan ere eskatzea, erakunde batean eta bestean. Ustea da komunikazio-modu bat dela, trebetasuna ez baino; baduela zer eskainia didaktikarako eta pedagogiarako, eta ez dela hizkuntzak ikasten laguntzeko bakarrik... hortaz, komeni da bitartekotza-jarduera batzuk gelan ere lantzea, baina nola? Ikus dezagun zer egin daitekeen C2 mailan bitartekotza-jarduera batzuk planifikatzeko, aipatu diren alderdi horiek lantze aldera.
«Gutxi ordaintzen didate, baina izugarri gustatzen zait nire lana». Hizkuntza gehigarrien eskolak, errealitatea zalantzan jartzeko tokia
- Argitalpenak
- Sortua: 25 April 2025
- Bisitak: 206
- Iruzkinak: 1
- Gogokoak: 0
Hizkuntza gehigarrien eskoletan jarrera eta kulturartekotasun kritikoak garatuko badira, Diskurtsoaren Azterlan Kritikoen eta kulturartekotasun berrituaren suposizio teorikoetatik abiatu behar da, hiru gai hauei erreparatuz nagusiki: identitateen eraikuntza, bestetasunaren eraikuntza eta egitateen irudikapena. Hala, era askotako jarduera didaktikoak proposatuko dira hiru gai horien inguruan. Ikuspegi pedagogikotik, jarrera eta kulturartekotasun kritikoa garatzeak esan nahi du ikaskuntzaren erdigunean jarri behar dela nork bere buruari galderak egiteko, gauzak zalantzan jartzeko eta norbera ere zalantzan jartzeko gaitasuna; halaber, beste modu batera planteatu behar direla irakasleen eta ikasleen rolak, bai eta material didaktikoei heltzeko era ere.
Azkenik, ikuspegi didaktikotik, sekuentzia didaktikoak bost fasetan antolatzeko planteamendua landuko da: aktibazioa, gauzak zalantzan jartzea eta gogoeta egitea, esanahi propioak ematea, informazioa biltzea eta eraldaketa soziala lortzeko ekoiztea (prosumizioa).
Euskara-txinera: hizkuntza-aniztasunaren kolore aberatsak
- Argitalpenak
- Sortua: 14 May 2025
- Bisitak: 1030
- Iruzkinak: 1
- Gogokoak: 1
Piktogramen bidez mandarin-txineraren eta euskararen arteko zubiak eraikitzeko baliabide bat aurkeztuko da artikulu honetan. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jatorri txinatarra duten pertsonak 6.000 inguru dira, eta mandarin-txinera da batzuen lehen hizkuntza. Pertsona horien arteko zenbait gurasoak dira eta beste zenbait eskoletako ikasleak. Batetik, gurasoek euskara ikastearen aukera egin dezakete seme-alabei ikasprozesuan laguntzeko. Bestetik, ikasle hauen lehen hizkuntza txinera bada, jakina da horretan oinarritzeak edo herentzia-hizkuntza babesteak mesede egiten diola hizkuntza gehigarriak ikasteari.
Halaber, piktogrametan oinarritutako materialek aukerak eskaintzen dituzte irisgarritasun kognitiboa ahalbidetuz ikasteko. Hori honela, piktogramez sorturiko baliabideak erabiltzen dira derrigorrezko eskolatzean, ordezko sistemetako bat direlako eta horretarako protokoloa abian delako. Artikulu honetan, Euskal Herrian dauden txinatar pertsonen datuak eta eskola-familia-komunitatearen arteko harremanen gaia azaldu ondoren, mandarin-txineraren ezaugarriak eta hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko ziurtagiriak aurkeztuko dira. Gero, piktogramek ikas-irakaskuntzarako duten balioa erakutsiko da eta sorturiko baliabidea (mandarin-txineraz eta euskaraz 21 ataletan sailkatutako 686 piktograma) zertan datzan eta nola sortu den argituko da. Azkenik, ondorioak eta erreferentziak daude.
https://doi.org/10.54512/BBPQ2631
Atzerriko hizkuntzak ikasteko ikuspegien hobekuntza zahartze osasuntsua sustatzeko: berrikuspen sistematiko bat
- Argitalpenak
- Sortua: 22 May 2025
- Bisitak: 222
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Azterlan honen helburu nagusia hauxe da: adineko pertsonei atzerriko hizkuntza bat irakasteko ikuspegi edo planteamendu egokienak zein diren ikertzea, erdietsi nahi dituzten emaitzak lortzen laguntzeko, eta zer onura dituzten aztertzeko. Analisiak zorrotz jarraitzen dio berrikuspen sistematikoak eta metaanalisiak egiteko PRISMA metodologiari, eta belaunaldi zaharrenentzat atzerriko hizkuntzak ikasteko dauden ikuspegiak landu dituzten funtsezko ikerketa esperimentalak identifikatzea du xede.
Guztira, aurkitutako bederatzi ikerlan hartu dira aintzat berrikuspen sistematiko honetan. Horien iturriak Web of Science eta Scopus atarietan eskuratu dira. Egindako aurkikuntzek aditzera ematen dute atzerriko hizkuntzak ikasteak adinekoen ongizatea eta kalitatez zahartzea bultza ditzakeela, ikaskuntzaren emaitzak edozein direla ere.
Horrek esan nahi du atzerriko hizkuntzak ikasten dituzten hirugarren adineko pertsonentzat onura nagusia ez dela hizkuntzan lortzen duten gaitasun-maila, subjektiboki gogobeteta sentitzea baizik. Hori, hain zuzen, pizgarri egokia izan daiteke ikaskuntzan emaitza hobeak lortzeko, baldin eta ikasleei ikaskuntza-ingurune atsegina eta segurua eskaintzen bazaie, eta ikasteko ikuspegi egokiak erabiltzen badira; era horretan, dagoeneko badituzten ezagutzetan eta esperientziatik abiatuta aurrera egin dezakete, bai eta interesatzen zaizkien gaiei buruz eztabaidatuta ere.
Beraz, atzerriko hizkuntzako irakasleek zeregin garrantzitsua dute adinekoen hezkuntza-prozesuan; izan ere, metodo eta material didaktikoek, pertsona nagusien hezkuntza-premietara egokitzen badira, eragin positiboa izan dezakete adinduen funtzio kognitiboak mantentzeko –eta, are hobetzeko–, bai eta haien jarduera mentalak hobera egiteko ere; horren ondorioz, osasuntsu zahartzen jarraitzen dute.
JATORRIZKO ARGITALPENA
Klimova, B. eta de Paula Nascimento e Silva, C. (2024). Enhancing Foreign Language Learning Approaches to Promote Healthy Aging: A Systematic Review. Journal of Psycholinguist Research, 53, 48. https://doi.org/10.1007/s10936-024-10088-3
Aldizkariaren eta egileen baimenaz egokitua, itzulia eta argitaratua.
HEOCeko adierazpide linguistiko batzuek B2 eta C1 azterketetako idazlanetan duten isla. HABE-IXA corpusa aztergai
- Argitalpenak
- Sortua: 7 April 2025
- Bisitak: 380
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Lan honetan Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumeko adierazpide linguistiko zehatz batzuek benetako ekoizpenetan zer-nolako agerpena eta erabilera duten ezagutzeko burutu den ikerketa aurkeztuko da. Egiaztatze-prozesuetan aritu izan diren hainbat adituk HEOCeko adierazpideen artean B2 eta C1 mailetan erabiltzeko desiragarri diren 5 fenomeno lehenetsi ondoren, HABE-IXA corpuseko 240 idazlan aztertu dira. Horretarako Markin tresnaren bidez aukeratutako adierazpide linguistikoen agerpen-kopurua, erabilera zuzenak eta erabilera okerrak eskuz etiketatu dira.
Horrela, teoriak (HEOCak eta adituek) diotena eta ekoizpen errealek islatzen dutenaren arteko aldea enpirikoki aztertuz, bai hizkuntzalaritza konputazionalaren alorrean interes orokorra dutenentzat, bai euskararen irakaskuntza- eta ebaluazio-esparruetan jarduten duten eragileentzat, ekarpen bat egitea da artikulu honen xede nagusia.
2025eko urtarrila-ekaina
https://doi.org/10.54512/GNIP9093