Egiaztatzegintza-erakundeek erabilitako azterketa-ereduen analisi konparatiboa. Etorkizunerako proposamena_Monografiak 8

Argitaratua: Tuesday, 13 June 2023, 12:46 PM
Maddi Zubiaurre Otamendi

Egiaztatzegintza-erakundeek erabilitako azterketa-ereduen analisi konparatiboa. Etorkizunerako proposamena izeneko ikerlan hau duzu e-Hizpideko zortzigarren monografia. HABE erakundeak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindu bidez ditu arautuak euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza, eta berorren 7. artikuluan ebaluazioaren xedea eta ezaugarriak. Aginduaren aipatu artikuluan, komunikagaitasunaren ebaluazioa ekintza komunikatiboen bidez balioetsiko dela ezartzen da, baita elkarreragina eta bitartekotza eskatzen duten atazak baliatuz ere. Izan ere, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu osagarriak (Europako Kontseilua, 2020), HEOCean ezarritako lau hizkuntza-trebetasunak gaindituz, lau komunikazio-modu deskribatzen ditu: ulermena, ekoizpena, komunikazioa ahalbidetzeko elkarreragina eta bitartekotza.  

Horrekin guztiarekin lotuta, Maddi Zubiaurre Otamendik helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaileak gaitzeko bekaldian 2020 eta 2021ean HABEn egindako ikerketaren emaitza duzu Monografiak 8. Aldez aurretik, e-HIZPIDE aldizkariaren 100. zenbakian argitaratutako artikuluan eman zuen ikerlanaren berri. Ikerlanak atal hauek ditu: 1) marko teorikoa, 2) zenbait erreferentziazko egiaztatzeko-erakunderen azterketa-proben analisi konparatiboa eta 3) HABEren etorkizuneko azterketa-ereduaren proposamena. Horrekin batera, HOBErako mintzamen-probaren diseinu-proposamena ere bai.


https://doi.org/10.54512/AUSK9306


Oharra: erantsita dagoen pdf dokumentuan nabigatzeko aukera dago.


HABE liburutegian.


Beste eduki interesgarriak

Maddi Zubiaurre Otamendi

Egiaztatze-proben analisi konparatiboa eta etorkizunerako proposamena: trebetasun bateratuak eta bitartekotza

Artikulu honek bi helburu ditu: hizkuntzen egiaztatzegintza-erakundeek erabilitako azterketa-ereduen analisi konparatiboa egitea eta etorkizunerako azterketa-proposamen bat aurkeztea. Lehenari dagokionez, bi izan dira aztergai nagusiak: alde batetik, egiaztatze-probetan hizkuntza-trebetasunak bateraturik ala bereizirik lantzen dituzten eta, bestetik, bitartekotza-jarduerek nolako presentzia duten haien egiaztatze-probetan. Izan ere, bitartekotzak indar handia hartu du Europako Erreferentzia Marko Bateratuak komunikazio-modutzat jo zuenetik eta haren Liburu osagarriak bitartekotzaren balioa nabarmendu eta bitartekotza-deskriptoreak eskaini zituenetik. Ikergai horiek luze eta zabal aztertu ondoren, bigarren helburuari dagokion azterketa-proposamena aurkeztu diogu HABE erakundeari. https://doi.org/10.54512/GWJP7653