Adierazitako asmoari jarraikiz, Itzulpen Saila bildumako 58. zenbakia ere sarbide irekian jarri berri du HABEk. Hala, interesaturik dagoen ororen esku dago liburu osoa Irakasbil webgune honetan, pdf formatuan eta "Creative Commons by-nc-nd" lizentziapean (Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe).
HABEk hirugarrenez eskaini nahi du "Jardun bikoa helduen euskalduntzean" prestakuntza-egitasmoa, helduen euskalduntzean eskolak ematen ari diren irakasleak jardun biko irakastereduan berariaz prestatzeko. Dena den, gaitasun digitala areagotzeko eta, azken finean, garapen profesionalerako ere baliagarria da.
Bi ikastarok osatzen dute 2024ko urritik 2025eko apirilera bitartean gauzatuko den prestakuntza-eskaintza. Ikastaroak online egingo dira; betiere, praktika tutorizatuaren balio erantsia bermatuta. Lehen ikastaroaren aurrematrikulazio-epea 2024ko ekainaren 17tik 24ra bitartean izango da.
Sarbide irekia edo Open Access (OA) ezagutza sortzeko, partekatzeko eta erabiltzeko modua aldatzen ari den mugimendu globala da. Hala, zientzia-informazioa doan eta copyrightaren muga gehienak gaindituta erabiltzea da proposamena. Ondorioz, edonork eskuratu, irakurri, deskargatu, partekatu eta berrerabil dezake informazio hori, tarifak ordaindu edo baimen bereziak eskatu gabe, sarri askotan Creative Commons lizentziapean. "Irakasbil" atariko eduki ugari horrela daude, e-Hizpideko artikuluak, besteak beste. Orain,"Itzulpen Saila" bildumako zenbait liburu horrela jartzeko urratsak egingo ditu HABEk.
"Berdintzen" beka-deialdiaren bitartez argitaratu diren bost ikerketa-lanen aurkezpen-ekitaldia egingo du Eusko Jaurlaritzak, mintegi-formatuan, otsailaren 29an. Aurkezpena aurrez aurre edo online ikusi ahal izango da. Izena eman behar da aldez aurretik.
Unitate didaktikoak argitaratu ditu AEK-KORRIKAk ekimena ezagutzera emateko, euskaltegiak girotzeko eta ikasleak parte hartzera animatzeko. Unitateak aurrez aurre, autoikaskuntzan zein online egiteko egokitu dituzte eta eskura daude korrika.eus webgunean.
Lourdes Oñederra Olaizola doktorea izango dugu hizlari 2023ko irailaren 15ean Bilbon egingo den helduen euskalduntzearen 2023/2024 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan; Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu jauna izango dugu mahaiburu. Hitzaldiaren izenburua, berriz, “Ahoskeraren lanketa didaktikoa”.
Aurtengo urtarriletik maiatzera bitartean burutu da "Jardun bikoa helduen euskalduntzean ikastaroa (1. edizioa)", eta, orain, bigarrenez eskaini nahi dugu berariazko prestakuntza, helduen euskalduntzean euskara-eskolak ematen ari diren irakasleak jardun bikoan prestatzeko.
Bigarren aldi honetan, 2023ko urritik 2024ko martxora bitartean gauzatuko da ikastaroa. Prestakuntza-eskaintza elkarren osagarri diren bi ikastarok osatzen dute, online egingo dira, betiere praktika tutorizatuaren balio erantsia bermatuta. Lehen ikastaroaren aurrematrikulazio-epea 2023ko irailaren 4tik 19ra bitartean izango da.