23. KORRIKAri buruzko unitate didaktikoak argitaratu ditu AEK-KORRIKAk

Argitaratua: Friday, 23 February 2024, 10:54 AM
23 KORRIKA

Ikastunitate hauen helburua da KORRIKA ezagutzera ematea, euskaltegiak girotzea eta ikasleak parte hartzera animatzea. Unitateak aurrez aurre, autoikaskuntzan zein online egiteko egokitu ditugu.

Hiru lan topatuko dituzue korrika.eus webgunean.

1. Unitate laburrak

Albiste motzak dira, edizio honetako kanta aitzakiatzat hartuta, KORRIKA badatorrela iragartzekoak. Behe-mailetan kantaren lanketaz gain, Ane Elordi Alburquerque KORRIKAko arduradun nagusiari egindako elkarrizketa ere txertatu dugu maila horietan KORRIKA zer den azaltzeko. Unitatetxo horiei lotuta, Kahoot jolasa sortu dugu: behe-mailetan, landutakoa errepasatzeko, eta, goi-mailetan, aurrezagutzak piztuz, jarduerei hasiera emateko.

2. KORRIKA ibilbidearen jolasa. 

Aurtengo berrikuntza online txarteldegia da. Horri esker, paperezko txartelak mozten ibili beharrean, irakasle-ikasleek online irakurri ahal izango dituzte galderak. Hiru galdera-mota ditu (KORRIKA, GEOGRAFIA eta EUSKARA). KORRIKA eta GEOGRAFIA ataletan, kultura orokorrari buruzko galderak topa daitezke txarteletan (audioak eta bideoak ere badaude). EUSKARAren atalean, aldiz, gramatika eta hizkuntza arauei lotutako galderak edo egitekoak izango dituzte.

3. “KORRIKA, historian” izeneko lana. 

Lan honetan, ibilbide birtual bat proposatzen da KORRIKAren historian zehar, hiru ataletan antolatuta: 80ko hamarkada, 90eko hamarkada eta XXI. mendea. Ibilbidean, KORRIKA ardatz hartuta, hainbat gairi buruz mintzatuko dira ikasleak: 1980. urteko gertakariez, KORRIKAren abestiez, munduko hizkuntza gutxituez, Euskal Herriaz... Jardueretan, KORRIKAren historia ezagutzeaz gain, hizkuntza lantzeko hainbat ariketa eskaintzen dira, baita ikasitakoaz mintzatzeko hiru Kahoot ere.

Ikasmaterialak hemen dituzue eskura.  Azalpen bideoa ere eman dugu argitara: https://www.youtube.com/watch?v=OtjVZtUVYaI