Ostiralean hil zen Jose Mari Lasa Amorebieta, oso pertsona ezaguna gure sektorean: urte luzeetan Barakaldoko Udal Euskaltegian aritutakoa, HABEren azterketa-deialdietan tutore eta aztertzaile izandakoa...
Hileta-elizkizuna gaur izango da Bilboko Karmelon. Goian bego.
Ikasturte berriari ongietorria egiteko, eta matrikulazio-kanpaina sustatze aldera, ekitaldi akademikoa eratu du HABEk Donostian (Eureka Zientza Museoa — Mikeletegi, 43-45), irailaren 8an, eguerdiko 12:00etan. Maite Goñi irakasleak "Teknologiaren aukerak hizkuntzen irakaskuntzan. Heldu erronkari!" hitzaldia egingo du. Eta Iñigo Urkullu Renteria lehendakari jauna izango da mahaiburu.
Izenburu hori duen artikulua argitaratu berri da MarcoELE aldizkariaren 23. zenbakian; José Manuel Foncubierta eta José María Rodriguez dira egileak.
Gaztelaniaren ikaskuntza da testuingurua, baina, zalantzarik gabe, euskararen ikas-irakaskuntzan ere badu bere tokia irudimenak.
Irakasleen gaitasun digitalez edota IKTak eta irakasleen prestakuntzaz ari garenean, TPACK deritzona da erreferentzia-ereduetako bat zalantzarik gabe. 2006an azaldu zen lehenengoz; landua eta garatua izan da harrezkeroztik. Hala, 2009ko artikulu berrikusia plazaratu zuten Koehler, Mishra eta Cain-ek 2013an; 2015ean gaztelaniaz eman da argitara artikulu hori berori.
ELE irakasleei zuzendutako online gidaren 2016ko bertsioa sareratu berri du María del Carmen Méndez Santosek.
Izatez gaztelania-irakasleentzakoa den arren, geure esparrurako ere badago atal interesgarri bezain erabilgarririk.
Europa osoko 17 hizkuntzen biziberritze-prozesuan dabiltzan eragileak bilduko dira, ekainaren 23-24an, Hernaniko Orona Ideion, horretarako martxan jarritako jardunbideak, eta haiei lotutako esperientziak, gainerakoekin partekatzeko, eta, hala, guztiek guztiengandik ikasteko parada izateko.
Hirurehun mila hiztun baino gehiago irabazi ditu euskarak azken hiru hamarkadetan; bi heren hezkuntza sistemak datozkionak eta heren bat helduen euskalduntzetik. Horixe da, hain zuzen, Joseba Erkizia HABEren zuzendari nagusiak BERRIAn azaldutakoa. Hemendik hogei urtera ere helduen euskalduntzearen sareak euskaldun berriak ematen jarraituko duela adierazi du, betiere, euskaldun berria teknikoki honela definituta: abiapuntua Hizkuntzen Europako Markoaren A2 maila edo txikiagoa izanik, B1 maila edo handiagoa eskuratzen duena.