2016/17 ikasturtearen hasiera euskaltegietan: ekitaldi akademikoa

Argitaratua: Friday, 19 August 2016, 1:01 PM
ekitaldi akademiako 2016/17

Ikasturte berriari ongietorria egiteko, eta matrikulazio-kanpaina sustatze aldera, ekitaldi akademikoa eratu du HABEk Donostian (Eureka Zientza Museoa — Mikeletegi, 43-45), irailaren 8an, eguerdiko 12:00etan. Maite Goñi irakasleak Teknologiaren aukerak hizkuntzen irakaskuntzan. Heldu erronkari! hitzaldia egingo du. Eta Iñigo Urkullu Renteria lehendakari jauna izango da mahaiburu.

  • Lekua: Donostian (Eureka Zientzia Museoa — Mikeletegi, 43-45)
  • Hizlaria: Maite Goñi
  • Hitzaldia: Teknologiaren aukerak hizkuntzen irakaskuntzan. Heldu erronkari!


Maite Goñi (@euskaljakintza), Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Literatura eta Hizkuntzen didaktikaren Departamentua eta MU Online. Maite Goñi Euskal Filologian (Deustuko Unibertsitatea) eta Ingeles Filologian (EHU/UPV) lizentziaduna da. Ibilbide luzea egina du Ordiziako Jakintza Ikastolan, eta, egun, Mondragon Unibertsitateko MU Online taldean dabil, irakasleen formazio pedagogiko-teknologikoaren arduradun; horretaz gain, eskolak ematen ditu zenbait masterretan, ‘Informazio eta Komunikazio Teknologiak hezkuntzan’ irakatsiz.

Irakasleen formazioan dihardu zenbait berritzegune eta forotan, IKTen erabilera sustatzeko hezkuntzan eta gaitasun digitalaren esparruetan. Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide eta IKT Batzorde-atalaren zuzendaria da. Ekimen ugari ditu sarean (euskaljakintza bloga, gaurko hitza, hitzapasa…), eta sari asko irabazi ditu. Hainbat komunikabidetan ere parte hartzen du, Internetez eta teknologiaz: EITBko Azpimarra saioan eta Euskadi Irratiko Amaraunako Sarelarien tartean, besteak beste.

Duela urte batzuk, irakasle askok errezeloz begiratzen zion teknologiari. Egun, ordea, garbi dugu ezinbesteko osagai bihurtu dela eguneroko jardunari aurre egiteko: ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak hobetzeko, komunikazioa errazteko,  berrikuntza pedagogikoari heltzeko... Baina nola atera etekina ustezko aukera horiei guztiei bidean etsi gabe? Zein da Informazio eta Komunikazio Teknologietatik Ikaste eta Jakintza Teknologietara jauzi egiteko eman beharreko urratsa? Testuinguru honetan, zergatik da hain garrantzitsua Norberaren Ikasketa Ingurunea garatzea? Besteak beste, galdera horiei erantzuten saiatuko gara, baita galdera horien erantzunetatik galdera berriak plazaratzen ere. Horretaz gain, orokorrean irakaskuntzan —eta, bereziki, hizkuntzen irakaskuntzan— datozen urteetan zabalduko diren joerei begira ipiniko gara.

Beste eduki interesgarriak