Didakteka
Unitate didaktiko inklusiboen diseinua (Pérez Fernández, L.M.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Edukiak:
- Autonomia

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Edukiak:
- Autonomia
- Bisitak: 221
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Lucila María Pérez Fernándezen Clases inclusivas de lenguas extranjeras liburua denon eskura dago HABE liburutegian. Egileak zenbait proposamen egiten ditu ikuspegi inklusiboa lantzeko hizkuntzen irakaskuntzan, non ikasleen behar eta gaitasun ezberdinak hartzen diren aintzat.
Liburuaren laugarren atalean, "Diseño de unidades inclusivas para clases de lenguas extranjeras", unitate didaktiko inklusiboen diseinurako zenbait estrategia proposatzen ditu. Diseinu hori egituratzeko gakoak ematen ditu honako azpiatal hauetan:
- Aurrezagutzaren aktibazioa. Ikasleen aurretiazko ezagutzak identifikatu eta aktibatzeko teknikak, ikaskuntza berria horien gainean eraikitzeko.
- Maila bat baino gehiagorako jardueren diseinua. Ikasleen gaitasun eta beharrei erantzuteko jarduera malguak sortzeko proposamenak.
- Ikaskuntza modu espiralean, ulermena finkatzeko. Kontzeptu eta trebetasunen errepikapen progresiboa ulermena eta gaitasunak sendotzeko.
- Aldamiatze-proposamenak. Ikasleei laguntza egituratua eskaintzeko estrategiak, autonomia eta konfiantza garatzeko.
Estrategia horiek euskararen irakaskuntzan aplika daitezke, kontuan hartuta ikasgelan askotariko ikasleak daudela eta ikaskuntza esanguratsua sustatu nahi dela. Adibidez, maila bat baino gehiagorako jardueren diseinuak aukera ematen du ikasle bakoitzaren erritmo eta estiloari egokitzeko eta aldamiatze-teknikek ikasleen autonomia eraikitzen laguntzeko.
Hiru aldamiatze-mota sailkatzen ditu egileak, Dodge-n arabera (2001):
- Jasotzeko aldamioak. Jarduera nagusiaren aurretik, ikaslea prestatzeko ematen diren euskarriak. Esate baterako, irakurketa batean gako-hitzen glosario bat ematea edo galdera batzuk planteatzea.
- Eraldatzeko aldamioak. Jarduera nagusia egin bitartean, parte-hartze aktiboa eragin eta ulermena lantzeko euskarriak. Adibidez, talde-eztabaida batean irakaslea tartean sartzea, zenbait kontzeptu argitzeko.
- Ekoizteko aldamioak. Jarduera nagusiaren ondoren, ikasitakoak geroagoko ikasgaietan eragina izateko euskarria. Adibidez, idazmen-jarduera baten ondoren, irakasleak idazlan bat osorik errepasa lezake, atzeraelikadura zehatz bat eskaini eta etorkizuneko beste idazlan batzuk hobetzeko estrategiak eztabaidatu.
Ondoren, aldamiatze-mota horien arabera, hizkuntza-jarduera bakoitzari dagozkion ariketa-adibide praktikoak ematen ditu liburuan. Adibidez:
Hizkuntza-jarduera hartzaileak |
Jasotzeko aldamioak |
Eraldatzeko aldamioak |
Ekoizteko aldamioak |
Entzumena |
Ikus-entzunezko gaiarekin zerikusia duen hiztegia ematea ikasleei. |
Bideoa/audioa etetea gakoak diren puntuetan, ideiak eztabaidatzeko eta kontzeptuak argitzeko. |
Ulermen-galderak egitea, bideoan/audioan hartutako informazioa ebaluatzeko. |
Irakurmena |
Gako-hitzetan oinarrituta, ikasleek testuaren edukia asmatzea. |
Eskaneatze-estrategiak irakastea, testuko informazio zehatza bilatzeko. |
Ikasleek testuaren egileari gutun bat idaztea, bere pentsamenduak, galderak eta erreakzioak adierazteko.
|
Ondoren, ahozko nahiz idatzizko praktikak bideratzeko ingurune egokia sortu behar da ikasgelan, eta aldamiatze-estrategien beste adibide batzuk ematen dira. Esate baterako,
Hizkuntza-jarduera ekoizleak |
Aldamiatze-estrategia |
Aldamiatze-estrategia |
Mintzamena |
Elkarrizketa-markoak: aurretik emandako esaldiak edo galderak ematen zaizkie ikasleei, oinarri gisa euren erantzunak eraikitzeko. |
Ordezkapen-taula: aurrez zehaztutako esaldi-ereduak eta hiztegi-aukerak dituzten plantillak ematen zaizkie, mintzamen-trebetasunak praktikatzeko eta hobetzeko. |
Idazmena |
Idazteko markoak: formatu edo egitura zehaztu bat, ikasleek idazlanak sortzeko. |
Antolatzaile grafikoak: mapa kontzeptualak, grafikoak edota buru-mapak onuragarriak izan daitezke aurretiazko ikasleen ezagutza aktibatzeko, ideiak antolatzeko eta hiztegia nahiz gramatika-egiturak modu argi batean hautatzeko. |
Beraz, atal honek irakasleei tresna praktikoak eskaintzen dizkie, unitate didaktiko inklusiboak diseinatzeko eta ikasle guztien parte-hartzea eta arrakasta bermatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Pérez Fernández, L.M. (2024). Clases inclusivas de lenguas extranjeras. Dykinson.