Irakasleentzako inklusio-jarraibide orokorrak

Published: Tuesday, 17 June 2025, 10:32 AM
ImagineThatStudio, Pixabay

Heterogeneotasuna izan ohi da desgaitasunen bat duten pertsonen ezaugarri nagusietako bat, eta, hala, euskaltegietako irakasleentzat ere erronka da Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala aplikatzea. Nolanahi ere, adituen iritziz, inklusio-bidean sakontzeko, gakoa da ikuspegi zabala bezain gertukoa izatea eta, besteak beste, nork bere alea jartzen asmatzea —esaterako, irakasle batek ikasgelan edota irakasle-taldeak euskaltegian—, kontuan hartuta zer-nolako balio, printzipio edota jarraibideak ikusi nahiko liratekeen gauzatuta norberaren lantokitik kanpora. Ezaguna den moduan, “ezer egiten ez duena da gehien erratzen dena, berak egin dezakeena hutsaren hurrengoa izango dela uste baitu”. 

Diseinu Unibertsalaren ikuspegitik, honako alderdi hauei erreparatu behar zaie curriculumak diseinatzean:

  • Curriculumaren diseinuak egokitu behar du ikasleen premia edo ezaugarrietara, eta ez alderantziz. Beraz, irekiak, eskuragarriak eta malguak izan behar dute. 
  • Malguak izan behar dute helburuetan, metodologian, baliabideetan, materialean eta ebaluazio-moduetan. 
  • Hasieratik diseinatu behar dira, ikasle guztiek etorkizunean izan ditzaketen premiei erantzun ahal izateko.
  • Diseinu horri esker, gero ez lirateke hainbestetan egin behar curriculumaren egokitzapen espezifikoak dibertsitate funtzionala duten ikasleentzat.

Desgaitasun bakoitzari buruzko ezaugarrietan sakondu aurretik, komenigarria da argi izatea zenbait jarraibide orokor, irakasleek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntza-erantzun inklusiboa eta egokitua eman ahal izateko abiapuntu gisa. Ildo horretan;

Irakasleen jarrera
  • Komeni da irakasleek ikasleen desgaitasunei buruzko ahalik eta informaziorik osatuena edukitzea (adb., ezaugarriak, nola jokatu...).
  • Komeni da beti galdetzea haien premiei buruz eta curriculuma eskuragarriagoa izateko ezarri beharreko egokitzapenei buruz.
  • Naturaltasunez jokatu, eta ikaslea ez epaitu aldez aurretik ezaugarri fisiko edo psikiko jakin batzuengatik.  
  • Irakasleek ez dute ikasgelan identifikatuko desgaitasuna duen ikaslea, baldin eta horretarako baimena ematen ez badu ikasleak berak. 

Ikasgelako giroa

  • Ikasleen premiak gogoan, ingurune egokia ahalbidetuko dute irakasleek, jarraibideak eta erantzukizun partekatuak ezarriz eta jarrera kooperatiboak nahiz laguntza pertsonalak zein materialak sustatuz ikaskideen artean. Ildo horretan, erabakigarria da ikasleek irakaslearen erreferentzia positiboa izatea.
  • Komeni da ikasgelan aniztasunarekiko errespetuzko giroa eta komunikazio zuzena lortzea, ikasleen konfiantza, autonomia pertsonala eta parte-hartzea sustatuta.

Irakas-teknikak egokitzeko gomendioak

  • Ikasgelan
    • Irisgarritasuna bermatu behar da ikasgeletan, eraikinetan eta komunikazioan.
    • Erraztu ikasleek beren beharretara eta ezaugarrietara egokitutako tokia izatea (adb., sarbidea, argiztapena, arbeletik hurbil egotea...).
    • Erraztu beste ikaskide batzuen lankidetza.
    • Behar izanez gero, klaseak grabatzen utzi. 
    • Beharrezkoa denean, ikaslearekin adostu nola erraztu bere parte hartzea.

  • Ikasteko materiala
    • Materialak garaiz banatu.
    • Ahalik eta dokumentaziorik gehien eman ikasleari (adb., apunteak, eskemak, aurkezpenak...); ahal dela, euskarri informatikoan.
  • Baliabide didaktikoak 
    • Hitzez adierazi edukia eta aldez aurretik eman ikasleari ahozko azalpena edo, egoki bada, irakatsitako materialaren gidoi idatzi bat edo kopia bat.
    • Beharrezkoa denean, egokitu materialak (adb., azpitituluak...).
    • Erraztu laguntza teknikoen erabilera, gailu bereziak beharko dira-eta eguneroko zeregin didaktikoak egiteko (arbela, bideoak...).

  • Ikasgelaz kanpoko lanak
    • Kontuan hartu ikaslearen aukerak eta mugak: joan-etorrietarako, materiala edota tresnak erabiltzeko, zenbait tokitara iristeko, etab.

  • Funtsezko alderdiak
    • Batzuetan, egokitu egin behar dira irakasteko metodoak, teknikak edota jarduerak, kalitatezkoak izan daitezen desgaitasuna duten ikasleei ematen zaizkien eskolak. Kontua ez da edukia aldatzea, baizik eta nola egiten den, nola planteatzen den eta nola egiaztatzen den ikas-irakas prozesuaren bilakaera. 
    • Irakasleak aurreikusi behar du denbora luzeagoa behar izaten dela jarduera didaktikoa bideratzeko desgaitasunen bat edo berariazko premiaren bat duten ikasleekin. 
    • Desgaitasunen bat duten ikasleek gehienetan aldez aurretik antolatu behar izaten dute beren errutina, eta, ondorioz, saihestekoak dira ikasgelako azken orduko aldaketak, eragin handia izan baitezakete haiengan.  
    • Ikasle bakoitza bakarra den heinean, arreta pertsonalizatuak berebiziko garrantzia dauka. 
    • Desgaitasuna pertsonaren beste ezaugarri edo baldintza bat da, eta ez da pertsona hori definitzen duena.  

Praktika didaktikoa hobetzeko aukera bat  da aniztasuna, eta ez “arazo”. Ikasle bakoitza da garrantzizkoa, eta denek dute garrantzi bera. Beraz, erronka da teoriaren eta praktikaren arteko tartea txikitzea, eta gure balioak eta printzipioak gauzatzen joatea. Azken batean, Administrazioaren politiken eta irakasleen praktika didaktikoen arteko sinergiak bilatuz, gero eta helburu inklusiboagoak lor ditzagun helduen euskalduntzean.  


Gehiago jakiteko


Irudia:ImagineThatStudio,Pixabay

Other interesting content

Discapacidad e inclusión. Manual para la docencia.

Desgaitasuna eta inklusioa. Irakaskuntzarako gidaliburua (Verdugo, M. eta Schalock, R.)

Liburu honetan ("Discapacidad e inclusión. Manual para la docencia"), ikas-irakas prozesuetan laguntza inklusiboak kudeatzean kontuan hartu beharreko oinarrizko ikuspegia ematen da. Ildo horretatik, hezkuntza inklusiboa bideratzeko funtsezko irizpideak eskaini eta aldaketarako gakoak azaleratzen dira bertan. Puntako adituek idatzi dituzte gidaliburu mamitsu honetan luze-zabal jorratzen diren 21 kapituluak, eta, zalantzarik gabe, gogoeta nahiz praktika didaktikorako gako baliagarri ugari topatuko ditu irakurleak orrialdeotan: eskubideei buruzkoak, sailkapenaz, jarrerez, desgaitasun intelektualaz, pertsonarengan ardazturiko planifikazioaz, ikasle gorren inklusioaz, ikusteko desgaitasunaz, autismoaz, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaz, hezkuntza inklusiboaz, irisgarritasun eta diseinu unibertsalaz, teknologiaz...
"Clases inclusivas de lenguas extranjeras" - Lucila María Pérez Fernández.

Unitate didaktiko inklusiboen diseinua (Pérez Fernández, L.M.)

Lucila María Pérez Fernándezek Clases inclusivas de lenguas extranjeras liburua argitaratua du 2024an. Liburu honek hizkuntzen irakaskuntzan inklusioak duen garrantzia aztertzen du, ez soilik printzipio etiko gisa, baizik eta estrategia eraginkor moduan, ikasle guztiek ahalik eta gaitasunik handiena lor dezaten, beren maila edozein delarik ere. Laugarren kapituluak hizkuntzen irakaskuntza inklusiboarekin lotutako metodo, estrategia eta printzipio zehatzak aztertzen ditu, eta jarduera-adibide batzuk proposatzen ere bai.
Askotariko ikasgela

Askotariko ikasgela

Carol Ann Tomlisonek ikasle guztien beharrei erantzuteko estrategia ugari proposatzen ditu "El aula diversificada" liburuan. Irakasle honek hezkuntza-sistema formalaren markoan kokatutako jarraibideak eskaintzen ditu, eta horietako batzuk sarrera honetara ekarri ditugu, aldeak alde, lagungarri izan daitezkeelakoan baita helduen euskalduntzeko eskoletan ere.
Mosaikoa

Hizkuntzen irakaskuntza inklusiboa

Sarrera honetan, Ikaskuntza-desberdintasun espezifikoak dituzten ikasleei hizkuntzak irakastea Itzulpen Saila bildumako 60. zenbakiaren 5. kapituluko ideia nagusien laburpena eskaintzen da. Aipatu kapituluan, honako gai hauek lantzen dira: komunikazioa eta harremanak, ikasgela fisikoa, ikasgela birtuala, ikasgelaren kudeaketa, curriculuma, desberdintzea eta pertsonalizatzea eta ikasteko trebetasunak garatzea. Eta, kapituluaren amaieran, funtsezko ideien laburpena, jarduerak eta irakurgai osagarriak.