Hizkuntzen irakaskuntza inklusiboa

Published: Wednesday, 7 January 2026, 10:37 AM
Mosaikoa

Ingurune inklusibo eta irisgarria lortzeko, lagungarria da funtsezko faktore batzuk ulertzea eta kontuan izatea irakaslearen esku dagoela zenbait neurri hartzea, curriculuma aurkezteko moduak ikasle guztientzat ahalik eta irisgarrienak izan daitezen. Harreman onak lantzea da irakaskuntza inklusiboa eraikitzeko oinarria, eta, horretarako,  komunikazio argia behar da. Horregatik, bereziki garrantzitsua da esaten dena denek ulertzen dutela ziurtatzea eta, aurrera egin ahalean, gauzak ondo ulertu direla maiz egiaztatzea. 

Irakaslearen erabateko ardura da taldean ikaskuntza eraginkorra ahalbidetzeko kultura garatzea. Irakasleak taldeko gizarte-dinamikarekin adi egon eta inor baztertuta geratzen ez dela bermatu behar du. Ikaskuntza-desberdintasun espezifikoak (IDEak) dituzten ikasleekin lan egitean —batez ere, autismoaren edo arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren ezaugarriak dituztenekin—, batzuetan ohi baino toleranteagoa izan behar da. Dena den, hasieratik argi utzi behar zaio ikastaldeari mugak non dauden eta zer ez den inoiz onargarria (adibidez, erasoak, segurtasun-arauak haustea...).   

Garrantzizkoa da argibide erraz eta argiak ematea eta batere anbiguotasunik ez egotea IDEak dituzten ikasleekin, ezaugarri autistak dituzten ikasleek hitzez hitz har dezakete-eta esaten den guztia. Bestalde, idatzizko eta ikusizko argibideak ere eman ahal zaizkie ikasleei, baldin eta behar badute; adibidez, buletdun zerrenda bat, bulet bakoitzean ekintza bat adierazita. Ekintza bakoitza zehazki deskribatuta eta horretarako denbora-tarteak ere adierazita, orientabide gisa. Jarduera ahalik eta aldaketa gutxienekin egin beharko litzateke, eta baliteke IDEak dituzten ikasle batzuek urrats bakoitza ondo burutzen dela ziurtatu nahi izatea hurrengoarekin hasi aurretik eta, agian, ez ohartzea denbora aurrera doala. Era berean, garrantzitsua da feedback positiboa ematea ikasleari autokonfiantza indartzeko. Hala ere, hobe da argi eta garbi hitz egitea eta zintzo jokatzea, eta aholku eraikitzaileak ematea lana hobetzeko moduari buruz.  

Ideia nagusiak 
  • Irakaslearen ardura da ziurtatzea egokiak direla ikasle guztiek hizkuntza ikasteko baldintzak (fisikoak, sozialak eta akademikoak). 
  • Baliteke ingurune fisikoa (altzariak, materialak eta ekipamenduak barne) ez egotea beti irakaslearen kontrolpean, baina ahalik eta ondoen erabili beharko lirateke ikasleen beharrei erantzuteko, baita ingurune birtualetan ere. 
  • Irakasleak materialak aurkezteko modua egokitu dezake, eta ikasleen ezaugarrietara moldatzeko jarduerak desberdindu, atazari, materialei, espektatibei eta emandako laguntzari dagokienez. 
  • Komunikazioak argia izan behar du, eta informazio garrantzitsua modu batean baino gehiagotan eskaini behar da (adibidez, ahoz, grafikoen bidez, idatziz...). 
  • Feedback positiboa eman behar da, kolokan jarri gabe ikasleak bere gaitasunekiko duen konfiantza. 
  • Irakasleek ikasteko desberdintasun espezifikoak dituzten ikasleei arrakasta lortzen lagundu diezaiekete, ikasgelako dinamikak norbanako bati nola laguntzen edo oztopatzen dion jakinda, errutinak moldatu eta mantenduta, eta ikasketa-programa egokituz.  
  • Hizkuntza-irakasleak ere saiatu behar dira programan ikas-estrategia orokorragoak txertatzen, ikasleek ikasteko trebetasun eta teknika metakognitibo eraginkorrak gara ditzaten.  


Jarduerak 
  1. Ebaluatu ikasgelan lan egiteko nahiago dituzun moduak. Pentsatu bakarkako eta taldeko lanaren artean zer proportzio duzun gogokoen, baita irakaskuntzako elementu holistikoen eta analitikoen arteko proportzioa ere.  
  2. Eztabaidatu zer neurritan aldatu beharko litzatekeen irakasleak hobesten duen lan egiteko modua, taldekideen ezaugarrietara egokitzeko. Zer ondorio praktiko eta psikologiko izango lituzke nork bere irakas-estiloa aldatzeak? 
  3. Hausnartu: izan al duzu inoiz ikasteko desberdintasun espezifikoak zituen ikasleren bat? Hausnartu horri buruz. Ikasgelako kudeaketako zer aldaketa txikik izan zezaketen eragina ikasle horrengan? 
  4. Oztopoak gainditu: zer oztopo daude ikasgelako kudeaketan aldaketak ezartzeko, ikasteko desberdintasun  espezifikoak dituzten ikasleen ezaugarrietara egokitzeko? Nola gainditu daitezke oztopo horiek?    

Erreferentzia bibliografikoa:
Kormos, J. eta Smith, A.M. (2025). Ikaskuntza-desberdintasun espezifikoak dituzten ikasleei hizkuntzak irakastea. HABE.

HABE liburutegia



Azaleko irudia: Pixabay



Other interesting content

ImagineThatStudio, Pixabay

Irakasleentzako inklusio-jarraibide orokorrak

Euskaltegietan ere, euskara-eskolak gero eta inklusiboagoak eta egokituagoak izan daitezen lanean dihardute eta, hala, sarrera honetan, irakasleentzako jarraibide orokor batzuk ematen dira praktika didaktikoa elikatzeko lagungarri izan daitezen.
IS 60

Ikaskuntza-desberdintasun espezifikoak dituzten ikasleei hizkuntzak irakastea

"Ikaskuntza-desberdintasun espezifikoak dituzten ikasleei hizkuntzak irakastea" da Itzulpen Saila bildumako 60. zenbakiaren izenburua. Judit Kormos eta Anne Margaret Smith dira egileak. 2024koa da bigarren argitalpena ("Teaching Languages to Students with Specific Learning Differences") eta Multilingual Matters argitaletxea. Bakun izan da itzultzailea.