Irakasbil
Didakteka
Askotariko ikasgela
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Mungia Idarreta, Alex

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Mungia Idarreta, Alex
- Bisitak: 385
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Carol Ann Tomlisonek ikasle guztien beharrei erantzuteko estrategia ugari proposatzen ditu El aula diversificada liburuan. Irakasle honek hezkuntza-sistema formalaren markoan kokatutako jarraibideak eskaintzen ditu, eta horietako batzuk sarrera honetara ekarri ditugu, aldeak alde, lagungarri izan daitezkeelakoan baita helduen euskalduntzeko eskoletan ere.
Ez dago formula bakarra askotariko ikasgela sortzeko.
Funtsezkoari erreparatu
Askotariko ikasgelan, arreta handiz diseinatu behar dira ikas-irakas prozesuan landu beharreko funtsezko gaitasun eta kontzeptuak, eta, ondorioz, irakaslea saiatuko da, alde batetik, gaitasun eskasagoa duten ikasleek oinarrizko gaitasun eta nozioak landu ditzaten eta, beste alde batetik, ikasle aurreratuenek ideiarik konplexuenak. Xedea da ikasle bakoitzari iruditzea interesgarri dagokion lanketa didaktikoa.
Bereizezinak dira irakaskuntza eta ebaluazioa
Askotariko ikasgelan, etenik gabeko ebaluazioaren bidez egin ohi da egoeraren diagnostikoa. Helburua da irakasleak egunero jasotzea ikasleen gaitasunei buruzko informazioa, eta, batez ere, hurrengo eguneko eskolak egokitzeko tresna bilakatzen da ebaluazioa.
Ebaluazio formatiboa talde txikitan hitz eginez bideratu daiteke, edo debateak eginez klase osoarekin, edo lanak aztertuz, iritziak jasoz, etab. Honela, irakasleak jakin lezake nork ulertzen dituen funtsezko kontzeptuak, nork egin ditzakeen eginkizunak eta helburuak lortu, zein gaitasun-maila duten edota zein interes-maila. Orduan, irakasleak hurrengo eguneko eskola planifikatzen du, xede izanik ikasle bakoitzari laguntzea dagoen tokitik aurrera egiten.
Ikasle guztiek parte hartzen dute beraiei egokituriko eginkizunetan
Askotariko gelan, ikasle guztientzako helburua izaten da gaitasun eta kontzeptu batzuk lortzea. Baina ikasle batzuek errepikatu egin behar izaten dituzte jarduera batzuk eta beste batzuek, aitzitik, lehenengoan lortzen dute xedea.
Beraz, arrakastarako gakoa ez da estandarizatzea, baizik eta pertsona bakoitzaren nortasuna kontuan hartzea. Askotariko ikasgelako irakasleak, behinik behin, lau irizpide baliatzen ditu:
- Ikasle bakoitzaren gaitasun-maila onartzea.
- Ikasle guztiek dute hazteko tartea eta etengabeko laguntza eskaini behar zaie prozesu horretan.
- Denek dute aukera kontzeptuak eta gaitasunak jorratzeko errazenetik zailenera.
- Ikasle guztiei eskainiko zaizkie jarduera interesgarriak eta garrantzitsuak, ahalegin bertsua eskatuko dutenak.
Irakaslea eta ikasleak lankidetzan aritzen dira
Askotariko ikasgelan, lider eraginkorra da irakaslea, eta prozesuan inplikarazten ditu ikasleak: elkarrekin planifikatzen dute, elkarlanean ezartzen dituzte helburuak, aurrerapenak egiaztatzen, porrotak eta lorpenak aztertzen eta azken horiek biderkatzen saiatzen dira erroreetatik ikasiz. Erabaki batzuk guztiei begirakoak dira eta beste batzuk, ordea, pertsona jakinei zuzendutakoak.
Irakasleak eta ikasleek elkarlanean eta era malguan lan egiten dute
Ikaskuntza-behar guztiei erantzuteko, elkarlanean lan egiten dute irakasleak eta ikasleek. Era malguan erabiltzen dituzte materialak eta egokitu
litekeen erritmoan lan egiten. Batzuetan, ikasle guztiek batera lan egiten dute, eta, beste batzuetan, berriz, talde txikietan. Zenbaitetan, denek amaitzen dute une berean jarduera jakin bat, baina, beste batzuetan, batzuek denbora gehiago behar izaten dute. Batzuetan, irakasleak erabakiko du nork norekin lan egingo duen eta, beste batzuetan, ikasleek. Irakasleak erabakitzen duenean, interes-profil-gaitasun bertsuak dituztenak elkartu ditzake, eta, beste batzuetan, aldiz, ezaugarri ezberdineko ikasleak nahastu nahiko ditu. Irakaslea izan liteke ikasleen laguntzaile nagusia eta, beste batzuetan, ikasleak izan litezke elkarri laguntza ematen diotenak.
Pixkanaka hasi
Irakasle asko, irakasbidea askotariko bilakatzeko, aldaketa txikiak txertatuz hasten dira. Prozesu didaktikoa askotariko bilakatzeko, hasieran oinarrizko jarduera bat eginarazi dakieke guztiei (nork berea eta isilik): testuren bat idatzi, irakurri... Paradoxikoa dirudi horrela hastea askotariko dinamika, baina ikasleei eskatuz gero isilik aritzeko horrelako jarduera batean/batzuetan lanean murgilduta, egoera prestatzen ari gara pertsona edo talde batzuei eskatu ahal izateko beste eginkizun batzuk egin ditzaten, gainerakoek oinarrizko jarduera egiten jarraitzen duten bitartean.
Mantso egin aurrera, baina aurrera egin
Arrazoizko helburuak ezarri, lorgarria izan dadin erronka. Iradokizun batzuk:
- Jabetu zaitez zerk funtzionatzen duen ikasle bakoitzarekin.
- Ikasleak ebaluatu ikasgai berri bati ekin aurretik eta gogoeta egin.
- Saiatu unitate didaktiko bakoitzean txertatzen askotariko dinamika.
- Askotariko baliabideak erabili. Adibidez, mailaren arabera, erabili bideo edo liburu bat baino gehiago.
- Produktuen kalitatea balioesteko irizpideak ezarri, eta, gero, ikasleekin lan egin, haien adierazleak ere jasotzeko.
- Aukera eman ikasleei jarduerak aukeratzeko eta adierazi dezaten zer ikasi duten.
- ...
Aukera batzuk besterik ez dira horiek. Norabide horretan aritzea da kontua. Gero, berrikuntzaren bat txertatu, gogoeta egin eta konklusioak aplikatu hurrengo urratsean.
Jarduera irudikatu
Kirolari olinpiarren modura, askotariko ikasgela bateko irakaslearentzat ideia egokia izan liteke denbora hartzea eskolak ematen hasi aurretik, eta galdetzea bere buruari ea nola hasi nahiko lukeen jarduera edota nola irudikatzen dituen bai jardueraren garapena, baita bukaera ere. Pentsa zer-nolako eragozpenak sor litezkeen eta zer egin horiek gainditzeko. Idatzi zeuretzat jarduera garatzeko urratsak eta ikasleentzako jarraibideak.
Gogoeta egin
Edozein ekimen berri egitean, ezinbestekoa da gogoeta egitea hurrengo urratsa egin baino lehen. Galdera batzuk, adibide gisa:
- Zein ikasle inplikatu dira ikasprozesuan? Zein ez? Zergatik?
- Nola dakigu ikasle bakoitzak eskuratu duela helburua? Datu gehiago behar ditugu galdera honi erantzuteko?
- Zer iritzi dugu jarduera aurkeztu dugun moduaz?
- Eskola pentsatu bezala hasi dugu? Ihes egin digu? Nola? Zerk funtzionatu du eta zerk ez? Argi zeuden jarraibideak? Materialak erraz erabili ahal izan dira? Zehaztu al dugu noiz egin aldaketa (taldez, esaterako)? Nahikoa denbora eskaini zaio ikasleek jarduera bere egiteari?
- Jardueran aurrera egin ahalean, ikasleek arretatsu jarraitu dute? Arreta galdu badute, zergatik uste duzu gertatu dela? Arreta galdu ez bada, zergatik uste duzu hala izan dela? Egokia izan al da taldearen tamaina? Atentzioa eman digu bikote edo talderen batek, oso emankorra izan ez direlako? Ba al dago ikasleren bat ongi moldatzen ez dena taldean edo bakarka?
- Atzeman al dugu nor ari zen ikasten eta zer? Komunikazio nahikoa izan al dugu prozesuan zehar ikasleekin eta taldeekin? Zer informazio eskuratu dugu talde batetik bestera ibili garenean? Aholku eraginkorrak eman dizkiegu? Nola hobetu liteke elkarreragina?
Une honetara iristean, komenigarria da jasotzea zer alderdiri erreparatuko diegun askotariko hurrengo jarduera bideratzean. Baita zertan hobetu nahi dugun ere. Gogoeta egitean ateratako ondorioak bideratzeko plan zehatz bat egiteko momentua da.
Erreferentzia bibliografikoa
Tomlinson, C.A. (2013). El aula diversificada. Dar respuesta a las necesidades de todos los estudiantes. Octaedro.
Azaleko irudia: Gerd Altmann, Pixabay

