Didakteka
The Routledge Handbook of Plurilingual Language Education (Piccardo, E., Germain-Rutherford, A. and Lawrence, G.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Gakoak:
- Bisitak: 1138
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Liburu mamitsua plazaratu du Routledge argitaletxe ospetsuak ingelesez, 2021eko irailean, eskuliburuen bilduma baten baitan: The Routledge Handbook of Plurilingual Language Education du izenburu lanak. Testuinguruak testuinguru, ekarpen baliagarriak ditu hizkuntzen irakaskuntzaren esparrurako. Enrica Piccardo, Aline Germain-Rutherford eta Geoff Lawrence izan dira editoreak, eta mundu osoko berrogeita hamar egile adituk idatzi dituzte liburuko 24 atalak. Egile horien artean badaude gurean argitaratu dutenak, Diane Larsen-Freeman eta Mercé Bernaus, besteak beste.
Argitalpenean, eleaniztasunak hizkuntzaren irakaskuntzan eta gizartean duen izaerari, irismenari eta potentzialari buruzko dimentsio anitzeko hausnarketa eskaintzen da. Zenbait galdera planteatzen dira liburuan: Nola garatzen da hizkuntzaren irakaskuntza eleaniztun munduko testuinguru desberdinetan? Nola lagun dezake hizkuntza biziberritzen? Nola gara daiteke irakaskuntzan, esparru digitaletan eta gizartean?
Liburuaren edukia
Liburuan 24 artikulu sei ataletan banatzen dira. Atal bakoitzak eleaniztasuna ikuspegi ezberdinetatik aztertzen duten lau kapitulu ditu, eta, atal bakoitzaren amaieran laburpen gisa, aditu baten iruzkina.
1. Eleaniztasunari buruzko ikuspegi historikoa: eleaniztasuna etorkizuneko terminoa da. Tradizioz, eleaniztasunari datu berrien gehitze soilari deritzo; baina Europako Erreferentzia Marko Bateratuan (EEMB) eleaniztasunaren definizioa zabaltzen da, eta harreman dinamikoei egiten die erreferentzia. Eleaniztasun dinamiko hori bitartekotzarekin lotzen da, eta EEMBaren Liburu Osagarrian luze zehazten da bitartekotza 24 deskriptore-eskalaren bidez; laster argitaratuko du HABEk euskaraz, eta, bitartean, ingelesez edota gaztelaniaz dago eskuragarri.
2. Eleaniztasuna eta hizkuntzaren irakaskuntzari buruzko ikuspegi soziologikoa eta filosofikoa: gizakiaren izaera naturaltzat hartzen da eleaniztasuna. Atal honetan, hizkuntzak ikastea prozesu pertsonala eta soziala dela adierazten da; alegia, komunitate batean parte hartzeko gogoak eraginda ikasi nahi izaten da hizkuntza bat. Hori kontuan hartuz, hizkuntzaren irakaskuntzaren inguruko termino berri ugari zehazten da liburuan: multilanguaging, plurilanguaging, translanguaging…
3. Eleaniztasunaren dimentsio kognitiboak eta psikologikoak: ezagutzea eta gizarteratzea. Adituek diote eleaniztasun dinamikoak eragin positiboa dakarrela norberaren ezagutzan, baita gaitasun sozial eta zeharkakoetan ere. Eleaniztasunak pentsamendu anitza, irekia, malgua eta sortzailea izatea dakar.
4. Mugak negoziatuz: adierazpen eleaniztuna. Atal honetan, online plataformetan nahiz antzerki-adierazpenetan gauzatutako elkar-ulertzearen eta elkarreragin eleaniztunaren bitartez, norbanakoak gizarteko bitarteko horiek baliatzen ditu, hizkuntza anitzeko nortasunak (gaitasun eleaniztuna eta kulturartekoa) garatzeko.
5. Eleaniztasuna, kulturaniztasuna eta zenbait esperientzia hizkuntzen irakaskuntzan: bitartekotza eleaniztuna ikasgelan. EEMBaren arabera, bitartekotza zeharkako gaitasun baten gisa hartzen da, eta bitarteko tresnak dira testua, komunikazioa, kontzeptuak nahiz estrategiak. Bitartekotza komunikazio-ekintza sozialetik hizkuntzaren irakaskuntzarantz doa; alegia, elkar-ulertze batetik irakastera edo ikastera. Eleaniztasunaren testuinguruan, hizkuntzaren ebaluazioa, hizkuntzen portfolio pertsonala eta munduko esperientzia onenak deskribatzen dira liburuan.
6. Eleaniztasunaren etorkizuna. Atal honetan, zenbait herri indigenatan euren hizkuntza biziberritzeko ahalegina deskribatzen da, eta eleaniztasuna esparru digitaletan bitartekotzaren praktikatzat hartzen da. Adituen ustez, eleaniztasunak lagun dezake hizkuntza biziberritzeko programak egiteko nahiz hezkuntzan gaitasun digitalak eta linguistikoak bateratzeko.
Erreferentzia:
Piccardo, E., Germain-Rutherford, A. and Lawrence, G. (2021). The Routledge Handbook of Plurilingual Language Education. Routledge.