Ekintzara bideratutako ikuspegia

Argitaratua: Monday, 22 April 2024, 1:45 PM
IS 57

Itzulpen Saila 57. zenbaki moduan argitaratu zuen HABEk 2022an Piccardo eta North adituen Ekintzara bideratutako ikuspegia. Hizkuntz hezkuntzaren ikuspegi dinamikoa erreferentziazko liburuaren euskarazko bertsioa, lan honek Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin eta Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu osagarriarekin (EEMB LO) duen lotura argia dela-eta. IRAKASBILen, ekintzara bideratutako ikuspegiaz eta Europako Kontseiluari buruzko sarrera bat eman zen argitara 2023ko apirilean, besteak beste ekintza-ikuspegiak berariazko orrialdea baitu Europako Kontseiluaren webgunean.

Liburua bere osoan arretaz irakurtzea komeni bada ere, sarrera honetan ekintzara bideratutako ikuspegiaren alderdi batzuk nabarmenduko dira. Orri-barrenean, liburuaren 1. eranskina dago eskuragarri (LINCDIRE ekintzara bideratutako eszenatokiaren txantiloia), irakurleak eszenatokiak garatzeko erraztasun handiagoa izan dezan horrela. LINCDIRE hainbat erakunderen artean eratutako nazioarteko elkarte bat da.


Ekintzara bideratutako atazak proiektuen baliokide dira. Ikasleak jada ez dira ekintza pedagogikoaren hartzaile pasiboak, baizik eta aktore eta eragile.  Ikuspegi honen xedea da erabiltzaileak edo ikasleak prestatzea bizitza errealeko hizkuntza erabiltzeko. Horregatik, atazak diseinatzean, kontuan hartu beharko lirateke egiazko egoerak zein elkarreraginak, ataza gisa aurkezten direnak rol-joko sinpleak edota jarduera oso egituratuak baino izan ez daitezen.

Eskola ikasleengan ardaztu

Metodologiaren paradigma-aldaketa dakar ekintzara bideratutako ikuspegiak. Erdigunean jartzen dena ez da ikaslea soilik, benetako erabiltzailea baizik edo, hobeto esanda, eragile soziala. Eragile soziala kontzeptuak elkarreragina inplikatzen du kasuan kasuko gizabanakoen artean zein gizabanakoen eta kanpoko testuinguruaren artean.

Ikasleak autodidakta eta autonomo bihurtzeko modu bat da beraiek ere planifikazioko edo helburuak ezartzeko prozesuaren parte egitea. Ikasleak beti kontziente izan beharko luke egiten ari denaz, ikasgelan gertatzen ari denaz eta ezartzen dituen helburuez.

Era berean, ikasleek arrakasta lortzeko, funtsezkoa da arriskatzea, helburuekin eta neurtuta. Arriskatzea eta estrategiak garatzea batera doaz proiektuen bidezko lanetan, bizitza errealean bezala. Arriskatzea konpentsatzeko, funtsezkoa da gogoeta sustatzea, beren indarguneak eta ahulguneak ezagutzeko.

Irakaslearen rol estrategikoa

Ekintzara bideratutako ikuspegiak irakaslearen rola aldatzea inplikatzen du: erantzukizuna irakaslearengandik ikaslearengana pasatu eta hau ikaskuntza-esperientzien kargu egiten da, eta hori prozesu delikatua eta zaila da, orientazioa, laguntza eta babesa eskatzen dituena. Izan ere, pertsona bat ez da automatikoki bihurtzen autonomo, baizik eta autonomian hezi behar du.  

Ondorioz, irakasleak baldintza egokiak sortu behar ditu, eragile soziala gai izan dadin modu eraginkorrean jarduteko eta arrakasta lortzeko. Rol hori kirol-talde bateko entrenatzaile-rolaren antzekoa da, eta rol tradizionala baino zailagoa den arren, curriculuma besterik gabe aplikatzea baino askoz ere gogobetegarriagoa da.

Irakaslearen lana da ikaskuntza-egoerak sortzea proiektuen bidezko lana proposatuz eta sustatuz, hori baitago bizitza errealeko eta ekintzara bideratutako atazen oinarrian. Ikasleen erantzukizuna da proiektu bat asmatzea eta irakasleena, berriz, proiektu bat prestatzea. Asmatzearen helburua da ekintzak planifikatzea. Prestatzearen helburua, aldiz, proiekturako beharrezkoak diren baliabideak identifikatzea (eta eskuragarri jartzea). Irakasleak proiektua gauzatu bitartean beharrezko aldamioak jarri behar ditu eta ondorengo gogoeta-fasean orientatu eta lagundu.

Planifikatu-egin-egiaztatu-hausnartu/ekin zikloa

Ekintzara bideratutako ikuspegiak honako ezaugarri hauek dituela  hartuko du kontuan irakasleak:

  • Lortu nahi den helburutik abiatuta atzerantz planifikatzea.
  • Planifikatutakoa eginaraztea.
  • Gauzak planifikatu bezala doazen egiaztatzea, baita prozesuan egokitzapenak egitea ere.
  • Esperientziari buruzko gogoeta egin eta hobekuntza-oharrak hartzea hurrengorako.

Planifikatzean, garrantzitsuena da helburuak eta emaitzak argi zehaztea eta gero eragile sozialen ekintza inguratuko duten baldintzen eta mugen inguruan pentsatzea. Helburuak eta emaitzak zehazteko, oso erabilgarriak dira Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumeko edota EEMBaren Liburu osagarriko deskriptoreak. Irakasleak deskriptoreak erabil ditzake taulak edota kontrol-zerrendak prestatzeko eta horiek ikasleekin parteka ditzake, atazetan zer-nolako lana egin duten ebaluatzen laguntzeko.

Liburuaren egileek eszenatoki hitza erabiltzen dute, ekintzaren marko gisa, ideia ez baita ikaslea gai/testu bati heldu behar dion egoeran jartzea nolabaiteko komunikazioa edo hizkuntza-ekoizpena eragiteko. Proiektuan, misioa burutzeko, ikasleek/eragile sozialek trukeetan parte hartuko dute egokitu zaien rola betez, dagokion komunikazio-helburuaren arabera. Hitz honek gogorarazten digu ataza burutzea azken ekintza baino ez dela, eta guztiek batera posible egiten dutela eragile sozialak ekintzak arrakastaz gauzatzea (ikasleek, eragile sozialek, irakasleek eta elkarreraginean leudekeen guztiek…). Izan ere, proiektuan, jarduera komunikatibo guztiak helburu orokor batera egongo dira zuzenduta: eragile sozialak ekintzara bideratutako amaierako ataza gauzatu ahal izatea. 



Erreferentzia bibliografikoa:

Piccardo, E. eta North, B. (2022). Ekintzara bideratutako ikuspegia. Hizkuntz hezkuntzaren ikuspegi dinamikoa. HABE


Beste eduki interesgarriak

Itzulpen Saila 57

Ekintzara bideratutako ikuspegia. Hizkuntz hezkuntzaren ikuspegi dinamikoa

"Ekintzara bideratutako ikuspegia. Hizkuntz hezkuntzaren ikuspegi dinamikoa" liburua da Itzulpen Saila bildumaren 57. zenbakiduna. "The Action-oriented approach. A dynamic vision of Language Education" da jatorrizko argitalpenaren izenburua, Multilingual Matters-ek argitaratua. Bakun izan da liburu honen itzultzailea. Azpimarratzekoa da EEMB eta EEMB LOarekin lan honek duen lotura argia.
Europako Kontseilua

Ekintzara bideratutako ikuspegia eta Europako Kontseilua

Garrantzia handia du ekintzara bideratutako ikuspegiak, bai Europako Erreferentzia Marko Bateratuan, bai Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean. Europako Kontseiluak baditu hainbat baliabide Sarean kontzeptua ezagutzeko eta gauzatzeko.
Brian North

Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarria eta ekintzara bideratutako ikuspegia

Artikulu honetan, labur deskribatuko da zer den "Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarria", zer eduki dituen, zer paradigma-aldaketa sustatu nahi duen eta nola garatu den. Halaber, ekintzara bideratutako ikuspegia landuko da; ikuspegi orokorra emateaz gain, "gizarte-eragile" kontzeptua azalduko da eta, azkenik, ikuspegiaren hiru alderdi nagusiak eztabaidatuko dira: posibilitateak ("affordances"), eragiletza ("agency") eta ataza kolaboratiboak. https://doi.org/10.54512/REIX3225