Ekintzara bideratutako ikuspegia. Hizkuntz hezkuntzaren ikuspegi dinamikoa

Argitaratua: Thursday, 17 November 2022, 1:44 PM
Itzulpen Saila 57

Hizkuntzen ikas-irakaskuntza hezkuntza ekintzara bideratutako / ekintzan oinarritutako irakaskuntzara daraman egungo aldaketaren aurrekariak aurkezten ditu liburu honek, eta ekintzara bideratutako ikuspegiaren (EBI) teorizazioa eskaintzen du. EBIrako bidea ireki zuten kontzeptu eta teoriak aztertzen ditu, eta hizkuntzen hezkuntza-eskoletan ulertzeko eta ezartzeko moduari buruz duten garrantzia azaltzen du. Prozesuan, "gaitasuna" kontzeptua berrikusten du eta bitartekaritzaren eta eleaniztasunaren nozio dinamikoak aztertzen ditu. Egileek, hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuak (EEMB) eta haren azken eguneraketak, (Liburu osagarriak, EEMBLO)  hizkuntzen hezkuntzaren eremua zabaltzen duten modua azaltzen dute, batez ere ekintzari dagokionez. Liburuak EBIaren ikerketan oinarritutako deskribapena ematen die ikasleei eta irakasleei; halaber, curriculumaren plangintzan, irakaskuntzan eta ebaluazioan dituen ondorioak azaltzen ditu, eta inplikazio pedagogikoetan sakontzen du.

Azpimarratzekoa da liburu honek EEMBarekin eta EEMB LOarekin duen lotura. Edonola ere, liburua berez 2019an eman zen argitara eta EEMB LOaren behin betiko bertsioa 2020an plazaratu zen arren, kontuan izan behar da 2018an atera zela azken horren behin-behineko argitalpena. Hala, itzulpenean 2018koari egindako aipuak bere horretan daude.

Bibliografia oparoa eskaintzen dute Piccardo eta Northek. Euskarazko argitalpen honetan ahalegin berezia egin da APA estiloaren 7. edizioaren arabera egokitzeko, eta baita dauden erreferentziak osatzeko eta eguneratzeko ere bai.



Beste eduki interesgarriak

Europako Kontseilua

Ekintzara bideratutako ikuspegia eta Europako Kontseilua

Garrantzia handia du ekintzara bideratutako ikuspegiak, bai Europako Erreferentzia Marko Bateratuan, bai Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean. Europako Kontseiluak baditu hainbat baliabide Sarean kontzeptua ezagutzeko eta gauzatzeko.
IS 57

Ekintzara bideratutako ikuspegia

Itzulpen Saila 57. zenbaki moduan argitaratu zuen HABEk 2022an Piccardo eta North adituen "Ekintzara bideratutako ikuspegia. Hizkuntz hezkuntzaren ikuspegi dinamikoa" erreferentziazko liburuaren euskarazko bertsioa, lan honek Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin eta Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu osagarriarekin (EEMB LO) duen lotura argia dela-eta. IRAKASBILen, ekintzara bideratutako ikuspegiaz eta Europako Kontseiluari buruzko sarrera bat eman zen argitara 2023ko apirilean, besteak beste ekintza-ikuspegiak berariazko orrialdea baitu Europako Kontseiluaren webgunean. Liburua bere osoan arretaz irakurtzea komeni bada ere, sarrera honetan ekintzara bideratutako ikuspegiaren alderdi batzuk nabarmenduko dira. Orri-barrenean, liburuaren 1. eranskina dago eskuragarri
Brian North

Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarria eta ekintzara bideratutako ikuspegia

Artikulu honetan, labur deskribatuko da zer den "Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarria", zer eduki dituen, zer paradigma-aldaketa sustatu nahi duen eta nola garatu den. Halaber, ekintzara bideratutako ikuspegia landuko da; ikuspegi orokorra emateaz gain, "gizarte-eragile" kontzeptua azalduko da eta, azkenik, ikuspegiaren hiru alderdi nagusiak eztabaidatuko dira: posibilitateak ("affordances"), eragiletza ("agency") eta ataza kolaboratiboak. https://doi.org/10.54512/REIX3225