Mikro-narrazioak hizkuntzen ikasgelan (Herrera, F. eta Urbizu Pérez, C.)

Argitaratua: Tuesday, 9 July 2024, 11:14 AM
L de Lengua 158

LdeLengua podcastaren 158. atalean, Francisco Herrerak Cristina Urbizu Pérez elkarrizketatzen du, Euskal Herriko Unibertsitatean Filologia Hispanikoan lizentziaduna eta ibilbide luzeko espainiera-irakaslea. Cristinak bere lan-ibilbidearen zati handi bat gaztelania atzerriko hizkuntza gisa irakasteari eskaini dio, bereziki etorkinekin aritu da, eta gaur egun ELEko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroen koordinatzailea da.

Elkarrizketan zehar, Cristina Urbizuk, oro har, literaturari buruz eta, zehazki, mikro-narrazioaren formatuari buruz hitz egiten du, baita atzerriko hizkuntza gisa espainierako ikasgelan duen aplikazioari buruz ere. Genero horrek bigarren hizkuntzen didaktika aberastu dezakeela nabarmentzen du, ikasleen kultura- eta hizkuntza-ulermena sustatzean.

Cristina Urbizuk berak mikro-narrazioekin ikasgelan egindako jardueren adibide zehatzak partekatzen ditu elkarrizketan, eta, bere esanetan, testu labur horiek ikasleen arreta eta parte-hartze aktiboa susta dezakete. Mikro-kontakizunez osatutako jarduera didaktikoetan, Cristina Urbizuren hizkuntza-ikasleek irakurri baino lehen ez dute galdetzerik ezagutzen ez dituzten hitzengatik; horrela, irakurketaren esanahi orokorra har dezaten bultzatu ohi du. Irakurri eta ulertu ondoren, ikasleei ariketa gisa beste amaiera bat idazteko eska diezaieke irakasleak, adibidez.  

Bestalde, ingurune digitalean nola egokitu daitezkeen dinamika horiek gaineratzen du, WhatsApp, Flip edo Padlet bezalako plataformak erabiliz, online-ikaskuntza interaktiboa eta kolaboratiboa errazteko. Esate baterako, Cristina Urbizuk Andres Neumanen “Felicidad” (Zoriona) izeneko mikro-kontakizuna B1-B2 mailetan baliatu ohi du, eta ikasleei eskatzen die zorion-une bat erakusten duen argazki bat eta testu bat partekatzeko ikastaldearen WhatsAppean. Literatur lehiaketak ere antola daitezkeela proposatzen du adituak, eta Flip plataformaren bidez elkarri eragiteko bideo laburrekin ikasleek bata bestearen atzetik kontakizunak sor ditzakete; hau da, ikasle batek bere narrazioa kontatzetik bukatzerakoan, hurrengo ikaskidearen izena esango du, eta aipatua izan den pertsona horrek aurreko narrazioaren azken esaldiarekin hasiko du bere kontakizuna; eta horrela, bata bestearen segidan, denek parte hartzen dute.

Sorkuntzak eta berrikuntzak irakaskuntzan duten garrantzia azpimarratzen du Cristina Urbizuk, mikro-narrazioak hizkuntza-trebetasunak hobetzeko aukera emateaz gain, gai konplexuak modu erraz eta erakargarrian aztertzeko aukera ere eskaintzen du. Ildo horretatik, ikasleek beren komunikazio-gaitasuna modu eraginkorrean gara dezaketela adierazten du, testu labur horiek irakurriz eta aztertuz.

Bukatzeko, mikro-narrazioen inguruko gaztelaniazko bibliografia gomendatzen du adituak. Nahi izanez gero, euskaraz ere badago Sarean Josu Waliñok 2013an ondutako mikro-ipuinen bilduma oparoa: www.mikroipuinak.eus.  



Erreferentzia bibliografikoa:

Beste eduki interesgarriak

Ipuina.eus

Ipuinen inguruan

Ipuina.eus webgune berria jarri du abian Susa argitaletxeak. Eta badaude Sarean honelako testuak aurkitzeko baliabide gehiago, Ikasbilen besteak beste.