Nola irakatsi lexikoa

Published: Thursday, 15 January 2026, 2:25 PM
Euskal hiztegiak
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Areas of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
  • Visits: 374
  • Comments: 0
  • Favorites: 0


Sarrera

Azken hamarkadetan, hiztegiaren irakaskuntza gero eta arreta handiagoa jasotzen ari da hizkuntzen didaktikan.  Ikuspegi lexikoak nabarmendu du hiztegia ez dela gramatikaren osagarri hutsa, baizik eta komunikazio-gaitasunaren osagai funtsezkoa.

Wilkinsen esaldi ezagunak ondo islatzen du ikuspegi hori: «Gramatikarik gabe gutxi esan daiteke, baina hiztegi gabe ezer ez». Ikerketa didaktikoek eta ikasleen pertzepzioek bat egiten dute askotan: ezagutza lexiko eskasa da ulermen eta ekoizpen komunikatiboaren oztopo nagusietako bat. 

Anna Rufatek, Manual de formación para profesores de ELE lanean, lexikoaren irakaskuntzaren garrantzia azpimarratu du gaztelaniarentzako ez ezik euskararentzako interesgarriak diren gomendioekin. 

Ikuspegi lexikoaren oinarriak

Ikuspegi lexikoak azpimarratzen du hizkuntzaren erabileran ohikoak diren egitura eta adierazpen finkatuek duten garrantzia, eta nabarmentzen du kolokazioen, bloke lexikoen eta esamolde finkoen erabilera automatizatzearen garrantzia. 

Hiztegiaren ikaskuntzan bi prozesu uztartu behar dira:

  • Ikaskuntza intzidentala, input ulergarri eta aberatsaren bidez.
  • Ikaskuntza intentzionala, jarduera estrategiko planifikatuen bidez.

Hiztegiaren aurkezpena eta lanketa didaktikoa

Ikuspegi lexikoan unitate lexikoak testuinguru errealetan lantzea funtsezkoa da. Horrek honako hauek bermatu behar ditu:

  • erabilera‐testuinguru argiak
  • konbinatoria
  • familia lexikoen arteko loturak

Inputa, praktika gidatua eta aktibazioa
Hasierako faseetan, input ulergarriaren kalitatea giltzarria da. Ondoren, praktika gidatuak beharrezkoak dira automatikotasuna garatzeko, betiere denboran banatutako errepikapenean eta jarduera esanguratsuetan oinarrituta. Azkenik, hiztegia erabilera komunikatibo errealetan aktibatu behar da.

Hiztegiaren hautaketa: irizpideak eta baliabideak

Hiztegiaren irakaskuntza eraginkorra izateko, xede‐hiztegia zehaztea ezinbestekoa da. Hautaketarako irizpide nagusiak hauek dira:

  • maiztasuna
  • konbinazioa
  • erregistroa
  • ikaslearen beharrak eta interesak

Irakasleek horretarako hainbat tresna dituzte eskura: corpusak, hiztegiak, curriculuma…, eta, gurean, Ikasbileko bilatzaile orokorra, non hiztegi lanketarako jarduera, testu eta material ugari aurki baitaitezke maila, trebetasun edo formatuaren arabera iragazita. Tresna horrek aukera ematen du hiztegi helburuak planifikatzeko eta ikasleen beharretara egokitutako materialak hautatzeko.

Praktika-gomendioak
  • Hiztegiaren lanketa esplizituki planifikatu, saio eta unitate bakoitzeko helburu lexiko argiekin.
  • Hitz isolatuen ordez, lehenetsi kolokazioak eta bloke lexikoak.
  • Hiztegiaren berragertzea bermatu, erabilera-testuinguru desberdinetan.
  • Ikasleen feedbacka bildu, estrategia lexikoek nola funtzionatzen duten aztertzeko.



Bibliografia 

Arrigain, I. (2010). Lexikoa irakasteari buruzko zenbait ohar. Hizpide, 75, 76--91.https://www.ikasten.ikasbil.eus/pluginfile.php/1945003/mod_habecms/doc_attachment_eu/96/03-HIZPIDE-75.pdf

Bogaards, P. (1998 ). Hiztegia hizkuntza arrotzen ikaskuntzan. HABE  

Herrera, F. (anfitrioia). (2016, maiatzaren 23a.). L de Lengua 104 sobre el léxico en el aula de ELE [Audio-podcast atala]. LdeLengua. https://eledelengua.com/ldelengua-104-sobre-el-lexico-en-el-aula-de-ele

Rufat, A., & Jiménez Calderón, F. (2017). Irakaskuntza komunikatiboari ikuspegi lexikoak aplikatzea. e-Hizpide, 92.  https://doi.org/10.54512/HISK7903

Jiménez Calderón, F. & Rufat, A. (koord.). (2018). Manual de formación para profesores de ELE. SGEL.  

Zeman, F. (2025). Uso de corpus propios en la enseñanza del léxico formulaico en el aula de Español como Lengua Extranjera. RILEX. Revista sobre investigaciones léxicas, 8(1), 123-153. https://doi.org/10.17561/rilex.8.1.8906