Irakasbil
Didakteka
Esanahi partekatuak
Eremu semantikoa eta sinonimia ikuspegi lexikotik
Lekua adierazteko hitzak
Hizkuntzaren oinarrizko baliabideetakoak dira lekua adierazten duten hitzak, eta eguneroko komunikazioan funtzio giltzarria betetzen dute. Euskaraz, gune, alde, eremu edo barruti bezalako hitzak sarri erabiltzen dira espazioa izendatzeko. Lehen begiratuan batzuek sinonimoak diruditen arren, ez dira trukagarriak: lekua hiperonimoaren mendekoak dira, eta hurbiltasun semantiko handia dute, baina ñabardura bereizgarriak ere bai: batzuetan leku zehatz bati egiten diote erreferentzia; beste batzuetan, berriz, hedadura zabalago bati edo mugatutako eremu bati.
| Gune | Lekua edo puntu zehatza adierazten du, askotan nukleo- edo kontzentrazio-izaerarekin.
|
| Alde |
Puntu edo leku baten ingurua, alboa edo zatia adierazten du; sarritan erreferentzia baten arabera definitzen da.
|
| Eremu |
Hedadura jakin bat duen lur-zatia edo haren luze-zabala (basamortua ere).
|
|
*baliokideak: itxitura, serrau, eskorta, korrale, ixi, alanbraduri, esparru… |
Nolabait mugatu edo hesitua dagoen lur edo espazioa adierazten dute
|
|
Alor/Soro** **baliokideak: landa, laboralur, solo, erainleku, lurlandu |
Lantzen den lurzati mugatua adierazten dute, batez ere nekazaritza-eremuan.
|
Ikuspegi lexikoa
Hitz horiek ez dira modu isolatuan ulertu behar, baizik eta eremu semantiko baten barruan antolatuta. Hau da, lekua kontzeptu orokorraren inguruan antolatutako hitz-sare baten nodoak dira. Eremu semantiko horrek aukera ematen du hiztunek hitzen arteko loturak identifikatzeko eta esanahiaren antolaketa sakonago ulertzeko.
Testuinguru horretan, sinonimia ez da baliokidetasun absolutu gisa ulertzen, baizik eta hurbiltasun semantikoaren adierazle gisa. Adibidez, eremu hitzak hedadura edo esparru zabalagoa iradoki dezake; gunek puntu edo kokaleku zehatzagoa; eta barrutik banaketa edo itxitura kutsu markatuagoa izan dezake.
Hiztegia irakasteak erlazio-sareak aktibatu behar ditu, hitzen arteko loturak (semantikoak, sintagmatikoak eta pragmatikoak) azaleratuz.
Horren barruan kokatzen dira:
- eremu semantikoak (antolaketa kontzeptuala);
- sinonimia (hurbiltasun semantikoa);
- eta testuinguruaren araberako erabilera (egokitasun komunikatiboa).
"Lekua adierazteko hitzak” bezalako multzoak lantzea aukera egokia da ikasleek hiztegia sare moduan barnera dezaten, eta ez zerrenda huts gisa. Helburua ez da soilik hitz gehiago ezagutzea, baizik eta zer testuingurutan, zer ñabardurarekin eta zer konbinaziotan erabiltzen diren jakitea.
Edonola ere, sinonimoak irakastean kontuan hartu behar da honako hau:
Objektu bera izendatzeko hainbat hitz irakasteak beharrezkoa ez den karga kognitiboa sortu dezake hasierako mailetan. Maila altuetan, ordea, lexikoaren eskuragarritasunari buruzko ikerketek frogatu dute hiztunek errazago eskuratzen dituztela elkarrekin lotura estuagoa duten hitzak; eta horiek, aldi berean, antzeko forma eta esanahia duten beste hitz batzuk aktibatzen dituzte (Samper Padilla et al., 2003).
Bestetik, landu ditugun hitz horiek maiz erabiltzen dira metafora kognitibo gisa, kontzeptu abstraktuak esperientzia espazialaren bidez ulertzeko (Lakoff & Johnson, 1980): eremu semantiko; ikuspegi, etab.

Bibliografia gomendatua
- Lakoff, G., & Johnson, M. (1980). Metaphors we live by. University of Chicago Press.
- Geeraerts, D. (2010). Theories of lexical semantics. Oxford University Press.

