Errepikapena hiztegia ikasteko

Argitaratua: astelehena, 2026(e)ko irailaren 14(e)an, 09:22(e)tan
hitz bat ikasteko prozesua
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Sarrera-egilea:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
  • Bisitak: 156
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Hitz bat ikasteko, berragerrarazi eta errepikatu

Hitz bat ikastea harekin behin topo egin eta esanahia ulertzea baino zerbait gehiago da. Lexikoaren ikaskuntza prozesu gradual eta metagarria da: hitz edo unitate lexiko bera askotan eta testuinguru desberdinetan agertu behar da, haren esanahia, forma, konbinazioak eta erabilera finkatzeko. Ez da nahikoa hitz berriak aurkeztea eta jarduera bakar batean lantzea; ikasleak hitzarekin berriro topo egiteko eta haren ezagutza sakontzeko aukerak behar ditu. Zenbait ikerketak erakusten dute errepikapen banatuak (spaced repetition) epe luzeko atxikipena hobetzen duela, errepikapen pilatuaren aldean (Nakata, 2015).

Zenbat aldiz agertu behar du hitz batek memorian finkatzeko?

Nation eta Wangek (1999, 363 or.) adierazi zuten bezala, «ez dago ikaskuntza ziurtatuko duen errepikapen-kopuru finkorik»; izan ere, topaketa-kopurua testuinguruaren eta beste hainbat faktoreren araberakoa da. 

Horregatik, helburua ez da hitz bat bost edo hamar aldiz agerraraztea, baizik eta topaketa bakoitzean hitzaren ezagutzaren alderdi desberdinak lantzea: esanahia, kategoria, ahoskera, idazkera, erabilera, erregistroa, kolokazioak...

Beraz, errepikapen-kopurua baino garrantzitsuagoa da topaketa horiek zertarako eta nola antolatzen diren.

Hitza berriz agerraraztea, baina modu desberdinetan

Hitzarekin berriro topo egitea ez da nahitaez hitza modu berean berriro erakustea. Berragertze bakoitzean, ikasleak hitzaren beste alderdi bati erreparatu diezaioke edo beste zerbait egin dezake harekin: esanahia gogoratu, forma identifikatu edo ekoitzi, kolokazio bat osatu, esaldi batean erabili edo beste testuinguru batean berreskuratu.

Lafleur eta Kanazawak (2024) errepikapen banatua (spaced repetition) eta zereginen tartekatzea (task interleaving) uztartu zituzten haien ikerketan hitzak denboran zehar errepikatzeaz gain, berrikuspen bakoitzean jarduera desberdinak eginaraziz. Hitzaren ezagutzaren alderdi desberdinak —esanahia, forma eta erabilera— txandakatu ziren.

Ikuspegi horrek beste alderdi bat ere azpimarratzen du: ikaslearen zailtasunak kontuan hartzea. Hitz baten alderdi jakin bat zailagoa bada, komeni da alderdi hori maizago lantzea. Esaterako, ikasle batek hitz baten ahoskeran edo ortografian zailtasunak baditu, alderdi horri lotutako ataza gehiago eskain daitezke.

Beraz, hitza zenbat aldiz berrikusten den baino garrantzitsuagoa da hitzaren zein alderdi lantzen den eta ikasle bakoitzak zer behar duen.

Zenbat tarte utzi behar da topaketen artean?

Berrikuspenak denboran banatzea eraginkorragoa da guztiak epe laburrean pilatzea baino. Hala ere, ez dirudi beharrezkoa denik topaketen arteko tarte zehatzak aldez aurretik kalkulatzea. Garrantzitsuena da ikasleak hitzarekin aldian-aldian berriro topo egitea eta tarteak, ahal den neurrian, ikaslearen eta hitzaren ezaugarrien arabera egokitzea (Nakata, 2015).

Horrek galdera praktiko bat dakar: zer egin dezakegu aurrez landutako lexikoa berriro agertzeko, denboran banatuta eta jarduera desberdinetan, modu naturalean eta esanguratsuan? Horretarako, ez da zertan lexikoari eskainitako jarduera berri bat prestatu aldiro. Aitzitik, aurrez landutako hitzak eta unitate lexikoak ondorengo jardueretan txertatzea izan daiteke estrategia eraginkor bat. Horrela, ikasleak hitz bera hainbat unetan eta testuingurutan aurkituko du, baina jarduera bakoitzak helburu komunikatibo edo didaktiko desberdina izango du.

Nola berragerrarazi eta berrikusi lexikoa?

Hona hemen hainbat aukera praktiko:

1. Testu berrietan berragerraraztea

Ikasgelan aurrez landutako hitzak ondorengo irakurketa- edo entzumen-testuetan txertatzea. Ez dira zertan testuaren helburu nagusia izan; nahikoa da ikasleak berriro aurkitzea eta testuingurutik haien esanahia edo erabilera aktibatzea. Adimen artifiziala ere erabil daiteke landu nahi ditugun hitzak testu berrietan ager daitezen errazago ziurtatzeko.

2. Aurreko lexikoa jarduera berrietan erabiltzea

Aurreko saioan ikasitako hitzak hurrengo jardueretako ekoizpenetan erabiltzeko eskatzea: elkarrizketa batean, iritzi bat ematean, azalpen bat egitean edo testu labur bat idaztean.

3. Kolokazioak eta hitz-konbinazioak berrerabiltzea

Hitz bat bakarrik berragerrarazi beharrean, aurrez landutako konbinazioak ere berriro ekartzea.

Adibidez, ikasleek erabaki bat hartu ikasi badute, ondorengo jardueretan erabaki hitza beste testuinguru batzuetan agerrarazteaz gain, konbinazio hori bera erabiltzeko aukera eman daiteke. Corpusak erabil daitezke, besteak beste Euskararen Erreferentzia Corpusa.

4. Aurreko lexikoa memoriatik berreskuratzea

Aurrez landutako lexikoa modu laburrean berreskuratzea: irudi batetik hitza gogoratzea, definizio batetik abiatuta hitza aurkitzea, hiztegian definizioa kontsultatzea, esaldi bateko hutsunea betetzea, hitz batekin kolokazio bat osatzea edo hitza ahoz erabiltzea. 

5. Ikasleen ekoizpenetan berrerabilera sustatzea

Ikasleek aurrez landutako unitate lexikoak beren ahozko eta idatzizko ekoizpenetan erabiltzeko aukerak sortzea. Horrela, hitza memoriatik berreskuratu eta komunikazioan erabiltzeko ahalegina egin behar dute hitzarekin berriro topo eginez. Koloreak landutakoan, esaterako, handik egun pare batera, gustuko koloreez galdetu eta erantzunak idatz ditzakete, jantzita daramaten arroparen koloreak esan ditzakete edo ikasgelan ikusten dituzten objektuen koloreak deskriba ditzakete.

6. Astero, hamabostero edo hileroko berrikuspen laburrak

Aurrez landutako lexikoa modu azkarrean berreskuratzeko jarduerak egitea: hitzak testuingurutik gogoratzea, definizioak edo adibideak lotzea, hutsuneak betetzea, hitzen arteko harremanak aurkitzea edo hitzak ekoizpenean erabiltzea. Euskeraz.eus plataforma erabil daiteke hiztegi-jolasak erabiliz B1eraino eta Ikasbil helburu didaktikoetako lexikoaren atalean bilatuz.

Jarduera horiek laburrak izan daitezke, baina berreskuratze aktiboa eta denboran banatutako berrikuspena sustatu beharko lukete sistematikoki.

Ondorioa

Azken batean, helburua ez da ikasleak hitz bat behin eta berriro errepikatzea, baizik eta hitz hori denboran zehar berriro aurkitzea, memoriatik berreskuratzea, modu desberdinetan prozesatzea eta erabiltzea.

Lexikoaren irakaskuntzan, beraz, berragertzea ez da aparteko jarduera bat izan behar: ikasgelako jardueren diseinuan txertatutako printzipio bat baizik. Horri errepikapen banatua eta berreskuratze aktiboa gehitzen badizkiogu, eta berrikuspenetan zeregin eta ezagutza-alderdi desberdinak tartekatzen baditugu, ikasleek aukera gehiago izango dituzte ikasitako lexikoa sakontzeko eta epe luzera finkatzeko.

Horregatik, hitz bat ikasteko, galderak hauek izango lirateke Zenbat aldiz agertu behar du? Noiz agertuko da berriro? Zer egingo du ikasleak hitz horrekin? Zein alderdi landuko du? Eta zer behar du ikasleak une horretan?


Bibliografia

Bradford Ch. (2025, martxoaren 3a). How to use spaced repetition to learn Spanish: Method, intervals & schedule. Espanido bloga. https://espanido.com/blog/how-to-use-spaced-repetition-to-learn-spanish-method-intervals-schedule

Lafleur, L., & Kanazawa, Y. (2024). The effects of interleaved spaced repetition learning on vocabulary knowledge. Computer Assisted Language Learning Electronic Journal, 25(3), 172–194. https://callej.org/index.php/journal/article/view/87

Nakata, T. (2015). Effects of expanding and equally spaced retrieval on second language vocabulary learning. Studies in Second Language Acquisition, 37(1), 113–141. https://doi.org/10.1017/S0272263114000825

Nation, P., & Wang, K. (1999). Graded readers and vocabulary. Reading in a Foreign Language, 12, 355–380. https://doi.org/10.64152/10125/66966

Troitiño Chinarro, S. (2020). Materialak lexikoaren ikuspegitik sortzearen inplikazioak. e-Hizpide, 95. https://doi.org/10.54512/AAQQ1391

Villoslada, I. (2026, apirilaren 24a). Aurkia eta ifrentzua: Txartelen teknika. [Didaktika foroa] Ikasten. https://www.ikasten.ikasbil.eus/mod/forum/discuss.php?d=441755

Webb, S. (2007). The effects of repetition on vocabulary knowledge. Applied Linguistics, 28(1), 46–65. https://doi.org/10.1093/applin/aml048 


hitz berri bat ikasteko eskema

AAk sorturiko irudia

Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

Paul Nation

Paul Nation-en ekarpenak

Hizkuntzen irakaskuntzen metodologian eta hiztegiaren eskurapenean ikertzaile garrantzitsua dugu Paul Nation, batez ere, ingelesa atzerriko hizkuntza gisa irakasteko esparruan. Berak ekoiztutako materialak eskura daude Interneten, besteak beste, ikasle helduentzat eta irakasleentzat idatzitako testuak.
38 (II)

H165 - Methodological guidelines for the development of lexical competence – Orientaciones metodológicas para el desarrollo de la competencia léxica

John David Willisek hitzaldi bat eman zuen ingelesez 2005ean HABEk EHUrekin batera antolatutako Ikastaroen barruan, "Methodological guidelines for the development of lexical competence – Orientaciones metodológicas para el desarrollo de la competencia léxica" izenburupean. Bideo honetan, hitzaldi osoa duzue entzungai.
Euskal hiztegiak

Nola irakatsi lexikoa

Testuak hiztegiaren irakaskuntzaren garrantzia azpimarratzen du ikuspegi lexikotik abiatuta. "Lexical aproach" delakoan, kolokazioek, bloke lexikoek eta esamolde finkoek funtsezko rola jokatzen dute hizkuntzaren erabileran. Irakatsi beharreko lexikoaren hautaketan hitzen erabileraren maiztasuna, erregistroa eta ikasleen interesak kontuan hartu behar dira.