Paul Nation-en ekarpenak

Argitaratua: osteguna, 2017(e)ko abuztuaren 10(e)an, 12:27(e)tan
Paul Nation

Hizkuntzen irakaskuntzen metodologian eta hiztegiaren eskurapenean ikertzaile garrantzitsua dugu Paul Nation, batez ere, ingelesa atzerriko hizkuntza gisa irakasteko esparruan. Hainbat tokitan aritu da irakasle lanetan, Indonesian, Tailandian, Estatu Batuetan, Finlandian eta Japonian, besteak beste. Irakasle emeritua da egun Zeelanda Berriko Victory University of Wellingtonen.

Honako hauek dira funtsezko kontzeptuak bere lanetan:

  • Hitzen maiztasun-zerrendak hiztegia eskuratzeko gidalerro bezala.
  • H2 --> H1 erreminten erabilgarritasuna (hiztegiak, hitz-txartelak)
  • Ikasleei estrategiak irakastea, hala maiztasun txikiko itemak ikas ditzaten, esaterako.
  • Testu eskuragarrien irakurketa estentsiboa., alegia, hitz ezagunak % 95-98 inguru dituzten testuena.

Ekarpenei dagokienez, hau da nagusietako bat hizkuntzen ikastaroetarako eta geletako jardunerako: ikasteko aukeren oreka (denboraren % 25a inguru) lau bideren artean. Hauexek dira lau bideak: 

  1. Irakurmenaren eta entzumenaren bidez inputa jasotzea, zentzuan fokatuta.
  2. Idazmenaren eta mintzamenaren bidez ekoiztea, zentzuan fokatuta.
  3. Hizkuntzaren ikaskuntza formala, hizkuntzan jarrita arreta: gramatika, hiztegia, ahoskera...
  4.  Oinarrizko lau trebetasunetan jariotasuna lantzea (ezagutzen dena hobetuz).

Horretan guztian oinarritutako testuak eskura daude Interneten. Esate baterako, What do you need to know to learn a foreign language? ("Zer jakin behar duzu atzerriko hizkuntza bat ikasteko?"; gazteleraz ere badago, baina itzulpena ez da oso ona: ¿Qué necesitas saber para aprender un idioma extranjero? ) Ikasle helduei begirakoa da; gainera, ikasteko egoera guztiak hartzen ditu aintzat liburuan proposatutakoak: bakarrik ikasten denerako, irakaslea eta ikaslea bakarrak direnerako edo taldean ikasten denerako. Adibidez, 20 jarduera azaltzen ditu. Arestian aipatutako lau alderdien orekaz gain, lau printzipio aipatzen ditu: norbere beharrak jakitea eta erabilgarriena dena ikastea; ikaskuntza orekatzea; ikaskuntza sustatuko duten baldintzak aplikatzea; motibatuta jarraitzea eta gogor egitea lan behar dena eginez.

Halaber, irakasleei begirako beste bi ere idatzi ditu, ikuspegi berari jarraikiz:

Orain arte aipatutakoez gain, badago Paul Nationen  webgunean beste hainbat material eskura.

    Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

    hitz bat ikasteko prozesua

    Errepikapena hiztegia ikasteko

    Hitz bat ikastea prozesu gradual eta metagarria da: behin baino gehiagotan, denboran zehar eta testuinguru eta jarduera desberdinetan berragertu behar da, esanahia, forma eta erabilera sendotzeko. Horregatik, errepikapen banatuak (spaced repetition) eta berreskuratze aktiboak (active retrieval) epe luzeko atxikipena sustatzen dute, baina ez dago errepikapen kopuru finkorik ikaskuntza bermatzen duenik. Lafleur eta Kanazawak (2024) beste osagai bat gehitzen dute: zereginen tartekatzea (task interleaving), hau da, hitz bera berrikustean jarduera eta ezagutza-alderdi desberdinak txandakatzea —esanahia, forma eta erabilera—, eta ikaslearen zailtasunen arabera arreta egokitzea. Beraz, helburua ez da hitza behin eta berriro erakustea, baizik eta denboran zehar berriro aurkitzea, memoriatik berreskuratzea, modu desberdinetan lantzea eta erabiltzea. Hori ikasgelako jardueren diseinuan txertatzeko, aurrez landutako lexikoa testu eta jarduera berrietan berrerabil daiteke, kolokazioak landu, berrikuspen laburrak egin eta ikasleen ekoizpenetan hitz horiek erabiltzeko aukerak sortu.