Irakasbil
Didakteka
"Aditzera eman" adierazpidearen azterketa
Euskaraz ugariak dira eman eta hartu aditzekin osatutako lokuzioak. Egin aditzarekin osatutakoekin batera, emankorrenetakoak dira hizkuntzaren egitura fraseologikoan, esaterako, lur eman, aurpegi eman, kontu hartu, porrot egin.
Aditzera eman esapideak erabilera zabal eta finkatua du, bereziki erregistro zainduan. Aditz-predikatu konplexu honen izaera semantikoa, egitura morfosintaktikoa eta erabilera-esparru nagusiak aztertzeko asmoa dugu, baita haren baliokideekin duen harremana argitzekoa ere. Hasieratik azpimarratzekoa da, ikuspegi normatibo batetik, egokiagotzat jotzen dela aditzera eman erabiltzea jakitera eman baino, edo aipatu baino, testuinguruaren arabera. Hizkera arruntean aditzera eman ia gehienak adierazi edo esan aditzekin ordezkatu daitezke.
1. Definizioa eta balio semantikoa
Aditzera eman aditz-predikatuak, oro har, honako adiera hauek biltzen ditu:
- azaldu (adierazi)
eta
- jakinarazi edo ezagutarazi (jakinaren gainean jarri).
Haren balioa ez da informazio hutsa transmititzera mugatzen; aitzitik, nabarmenak dira mezuaren argitasuna, esplizitutasuna eta hartzailearenganako orientazioa; hots, dimentsio pragmatiko markatua du.
2. Izaera morfosintaktikoa
Aditz-lokuzioetan lehen osagaia determinatzailerik gabeko izen soila izaten da euskaraz, nahiz eta determinatzailea ere ager daitekeen. Aditzera eman esapidea Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan aditz‑lokuzio gisa jasota dago, baina aditzera osagaiaren izaera ez dago guztiz finkatua, izan ere, Hiztegi Batuan bertan ez da izen gisa ageri, Orotariko Euskal Hiztegiak eta Labayru hiztegiak izen gisa jasotzen duten arren. Eibarko aditzen emon esapideak iradokiko luke ez dela izena, aditz-izena + kasu marka, baizik.
3. Adibideak zenbait erabilera-esparrutan
Administrazioan
Denek jakin dezaten eta ondorioak izan ditzan argitaratzen da hori, eta aditzera ematen da administrazio-bidea amaitzen duen erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkeztu ahal izango direla
Erlijioan eta literaturan
Lurreko gauza guztiek ere kondenatzen dute alferra, eta emaiten aditzera behar dela trabaillatu, eta nor bere aldetik bere eginbidearen egitera enseiatu… (Axular, Gero).
Lekukorik zaharrena, formaz bestelatsukoa, Leizarragarena da, dirudienez; testua merezi bezain aipatua izan da, ezin hobeki ematen baitu aditzera zer-nolakoa behar duen izan itzulpen batek… (Mitxelena, MEIG VII 97).
Elkarrizketa arruntetan (Goenkale Corpusa gunetik hartutakoak)
Ez dizu ezer aditzera eman? Komentario bitxiren bat egin edo...?
Esan gabe ere, aditzera eman duk, ba.
4. Baliokideak
Jakitera emanek adiera berdina du. Erabilera berriagoa da, ordea, ez du tradiziorik, eta kalko-kutsua hartu zaionez, ez da aditzera eman bezain jator edo egokitzat jotzen. Euskaltzaindiak honako ohar hau idatzi du Hiztegian: "Aditzera eman jakitera eman baino egokiagoa da".
Euskaltzaindiak beste baliokide bat gaitzetsi du, adieraztera eman:
ad.-lok. [Oharra: Euskaltzaindiak, adieraztera emanek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide hori ez erabiltzea gomendatzen du].
Aditz-lokuzioa ezik, honelako erabilera bat zuzena litzateke, noski:
Zeberio ez zen bere sentimenduak adieraztera emana (Arkaitz Cano, Twist).
Testuingurua zein den, bestalde, askotan, aipatu aditza (‘zerbait edo norbait ahotan hartu’) baino egokiagoa da adierazi, aditzera eman edo jakinarazi erabiltzea:
El País egunkariaren arabera, ponentzia horretan aipatzen* da (> adierazten da) Partidu Popularrak harreman berriak hasi beharko dituela alderdi nazionalistekin (Euskara Batuaren Eskuliburua).
Aipatu aditzak, berez, “zerbait ahotan hartu” esan nahi du, eta, ondorioz, ez da beti egokia komunikazio-egoera formaletan. Halakoetan, egokiagoa izaten da adierazi edo aditzera eman erabiltzea, komunikazioaren zehaztasuna eta intentzionaltasuna hobeto islatzen baitute.
5. Hizkuntza formulaikoa eta irakaskuntza
Aditzera eman lokuzioa hizkuntza formulaikoaren barruan sartzen da. Horrelako egiturak bereziki garrantzitsuak dira bigarren hizkuntzen irakaskuntzan, sarritan zailtasun‑iturri direlako: asko ez dira hitzez hitz ulertzen (amore eman lokuzioa esate baterako), eta testuinguru formaletan funtzio zehatzak betetzen dituzte. Beren garrantzia hanpatzen ari da berriki, irakaskuntza komunikatiboari ikuspegi lexikoak aplikatzearen ondorioz, Anna Rufatek eta Francisco Jiménez Calderónek (2018) aditzera eman duten moduan:
Hiztegiak hizkuntzen irakaskuntzan duen garrantzia biziki handitzen ari da azken hamarkadotan, baina eboluzio horrek gaztelaniaren irakaskuntzan izan duen eragina berriagoa da. Hortaz, gaur egun badakigu eguneroko hizkuntza-ekoizpenaren erdia formulaikoa dela (Wray, 2002), hau da, hitz kateek osatzen dute eta maiz errepikatzen direnez memoriatik bloke bat bezala berreskuratzen dira; ondo pasa, ados nago, zer diostazu!... adibide batzuk dira.
Hitz anitzeko adierazpenak hizkuntzaren pedagogian sartzea komeni da; maiztasuna kontuan hartu beharko litzateke irakaskuntza espliziturako hitz anitzeko adierazpenak identifikatzean eta gardentasunak (edo gardentasun faltak) aldagai garrantzitsutzat hartu beharko litzateke.
Emanekin sortutako beste lokuzio batzuk
- amore eman;
- argi eman;
- argitara eman;
- aurre eman;
- beldur eman;
- bide eman;
- bizkar eman;
- hitz eman;
- kontu eman;
- lotsa eman;
- lur eman;
- min eman;
- musu eman;
- su eman.
Jarduera-gomendioa
Ikasleek irakaslearen laguntzaz Euskararen Erreferentzia Corpusa erabil dezakete esapide horren erabilera testuinguruan aztertzeko.

Bibliografia
Rufat, A. eta Jiménez Calderón, F. (2018). Irakaskuntza komunikatiboari ikuspegi lexikoak aplikatzea. e-Hizpide, 92. https://doi.org/10.5412/HISK7903


