Irakasbil
Didakteka
Jane Willis eta Atazatan Oinarritutako Ikaskuntza: hizkuntzen ikaskuntzari buruzko zenbait ideia nagusi
Jane Willisek Atazatan Oinarritutako Ikaskuntzari (AOI) buruz idatzitako lanak funtsezkoak dira ikuspegi metodologiko horren garapenean. HABEren Itzulpen Saila bilduman argitaratutako Atazatan oinarritutako ikaskuntzarako lan-markoa liburuan, AOIren oinarriak azaltzeaz gain, hizkuntzak nola ikasten diren ulertzeko abiapuntutzat hartzen dituen zenbait ideia aurkezten ditu. Sarrera honetan, horietako batzuk gogoratuko ditugu.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, eginkizun edo egiteko esan nahi du ataza hitzak. HABEren Glotodidaktika Hiztegiak, berriz, hizkuntza-irakaskuntzan hizkuntza prozesatzearen edo ulertzearen ondorioz egiten den jardueratzat definitzen du. Adibide gisa har daitezke audio bat entzun bitartean mapa bat marraztea edo argibide batzuk entzun ondoren agindu jakin bat betetzea. Haratago doa kontzeptua AOIn.
Willisen arabera, hizkuntza baten ikaskuntza errazago gertatzen da baldintza hauek betetzen direnean:
- Ikaslea egoki hautatutako ahozko eta idatzizko adierazpen errealen kopuru nahikoaren eraginpean jartzen denean.
- Ikasten ari den hizkuntza komunikatzeko ez ezik, gauzak egiteko ere erabiltzen denean.
- Hizkuntza hori entzun, irakurri, hitz egin eta idazteko erabiltzen denean.
- Hizkuntzaren ezaugarri formalei buruzko argibideak eskaintzen zaizkionean ikasleari.
- Eskolako jardunaz gain, hizkuntzarekiko kontaktua, erabilera eta motibazioa ezinbestekotzat jotzen direnean.
Atazatan oinarritutako lan-markoak aintzat hartzen du jendeak nola ikasten dituen hizkuntzak. Esate baterako:
- hizkuntza bat ikasteko ezinbestekoa dela hura erabiltzeko aukera ugari izatea;
- hizkuntz formak lantzean akatsak egitea ohikoa dela;
- talde txikietan egin ohi den lanketan zuzentasunari erreparatu gabe komunikazioan indar handiegia jartzen bada, jarioa garatzen dutela ikasleek, zuzentasunaren kaltetan.
Hizkuntzaren ikaskuntzari buruzko usteak
Willisek hizkuntzak ikasteko prozesuari buruzko zenbait ideia aurkezten ditu liburuaren hasieran. Haren esanetan,
Denok ditugu hainbat uste, oso barneratuak, bigarren hizkuntza edo hizkuntza arrotzaren ikasprozesuaz. Hizkuntza baten ikasle edo irakasle izan gineneko geure eskarmentuan dute horiek oinarri. Merezi du uste horiek, eta uste horiekin bat eginik dagoen azpiko eskarmentua aztertzea.
Hona hemen horietako batzuk, irakasleei egindako galdeketa batetik abiatuta.
- Nahiko ondo ikas daiteke hizkuntza arrotz bat [hala ageri da argitalpenean; gaur egun, hizkuntza gehigarri, bigarren hizkuntza edo antzeko terminoak erabiliko lirateke] hitz egiten ikasgairik gabe, oso motibatuta arituz gero.
- Hizkuntza arrotz bat ikasi duten Bigarren Hezkuntzako ikasle askok komunikatzeko gauza ez direla utzi izan dute eskola. Irakasle askoren iritziz, motibazio falta da arrazoirik nagusiena, baina egia ere bada oso zaila izaten dela denei ematea aukera hizkuntza modu naturalean erabiltzeko.
- Ikasleek errakuntza berbera egiten dute, nahiz eta behin eta berriz zuzendu. Froga askok adierazten dute jardunaren jardunean aritzeak, hizkuntzaren molde bat behin eta berriro lantzeak, esaterako, ez duela nahitaez “perfekzioa ekartzen”, batez ere komunikatzean.
- Ikasleek eduki berriak ikasi eta gero, ezer gutxi bizkor daiteke ikasprozesua aparteko praktikak eginaraziz. Eta bestela erabili liteke ikasgelako denbora: inputa areagotuz (eredu gehiago emanez), beren hitz- eta esaldi-sorta erabilgarriak zabalduz eta hizkuntza beren kasa baliaraziz.
- Hitz egiten ikasteko, askatasun osoz hitz egin behar da, nahiz eta errakuntza ugari egin. Atazatan oinarritutako eskolek ikasleei abaguneak ematea dute helburu, ahoz nahiz idatziz.
- Irakasle gehienen iritziz, ikasleen errakuntzak ez dira beti zuzendu behar eta ikasleak bi hizkuntz mota baliatzeko eta bereizteko moduan kudeatu beharko litzateke ikasgela (pribatua zein publikoa). Ikasleak jakin beharko luke noiz erabili bata, akatsez arduratu gabe, eta noiz bestea, zuzentasunari erreparatuz.
- Irakasleak oso sinetsita daude irakurketa estentsiboak lagundu egiten duela (ulermen orokorra lantzen baita). Entzuketa estentsiboak bezala, irakurketak ere input aberatsa eskaintzen du hizkuntza erabiltzeko.
- Edozein adimen-gaitasun duen jendeak ikas dezake era arrakastatsuan beste hizkuntza bat. Ikasle guztiek ikasi dezakete, baldin eta ikasgelan ikaskuntza naturalaren baldintzak sortzen badira.
Laburbilduz, Willisek planteatutako ikuspegiaren arabera, hizkuntzak ez dira arauak eta egiturak buruz ikasiz eskuratzen; erabileraren bidez garatzen dira, komunikazio-egoera esanguratsuetan parte hartuz. Horregatik, hizkuntzaren erabilera erreala, input aberatsa, motibazioa eta ikaslearen jarduera dira metodologia honen funtsezko osagaiak.
Bibliografia
Willis, J. (1999). Atazatan oinarritutako ikaskuntzarako lan-markoa (Itzulpen Saila 41). HABE.


