Atazatan oinarritutako ikaskuntzarako lan-markoa

Argitaratua: Wednesday, 22 December 1999, 8:55 AM
Itzulpen Saila 41

Ataza komunikatiboaren helburua da xede-hizkuntzako benetako komunikazioa sustatzea. Testu askok horrelako atazak dituzte bere barnean. Badira, era berean, ataza sortzailez jositako baliabide-liburuak. Horrelako atazak, ordea, ziklo metodologiko baten amaieran erabiltzen dira, zikloaren baitan baino gehiago, edo bestela mintzamenari buruzko ikasgai berezietarako oinarri izaten dira.

Atazetan oinarritutako ikaskuntzari buruzko liburu honek (AOI) azaltzen du nola erabil daitezkeen atazak, ardatz gisa lan-marko metodologiko baten baitan. Atazaren xedea da hizkuntza erabiltzeko benetako helburua sortzea eta hizkuntza ikasteko testuinguru naturala eskaintzea. Ikasleek ataza prestatzen dute, atazaren ondoren azalpenak ematen dituzte eta gero atazaren ziklotik kanpo eta material lagungarriei esker sortzen den hizkuntza ikasten dute.

Lan-markoak hizkuntz erabilera aberatsa baina ulergarria azaltzen du, entzuketa eta irakurketaren bidez, eta, bestalde, bat-bateko eta planifikatutako hizketa eta idazketa ahalbideratzen ditu. Ikasleak hobetzera eta eskura duen hizkuntza eraikitzera sustatzen ditu.

Atazetan oinarritutako lan-marko honek aintzat hartzen du jendeak hizkuntzak nola ikasten dituen. Badakigu, esaterako, hizkuntz formak ez direla praktikatzen nahitaez hutsik egin gabe, badakigu jendeak ezin duela ikasi, hizkuntza erabiltzeko makina bat aukera ematen ez bazaio. Garrantzizkoa da, gainera, ikasleari aurkezten zaion hizkuntz mota, erabiltzen duena eta berak ikasi nahi duena bat bera izatea. Hau da, ikaslearen xedea bat-bateko ahozko hizkuntza bada (planifikatutako idatzizko hizkuntzaren ondoan oso bestelakoa), hori entzuteko eta ikasteko aukera izan beharko du. Badakigu, baita ere, talde txikitan komunikazioan indar gehiegi jartzeak, zuzentasunari erreparatu gabe, gramatikan fosilizazioa ekartzen diela ikasleei; hainbat ikaslek jarioa garatzen dute, zuzentasunaren kaltetan. AOI dago diseinatua auzi horiei guztiei irtenbidea emateko.

Atazetan oinarritutako ikaskuntzak hainbat ekarpen konbinatzen ditu: batetik, hizkuntzak irakasteko planteamendu komunikatiboetatik datozen ideiarik onenak, eta, bestetik, hizkuntz forman fokalizatutako antolaketa. Nahiz eta liburu honetako adibideak ingeleserako diren, AOIk edozein xede-hizkuntza irakasteko balio du, bigarren hizkuntza izan nahiz hizkuntza arrotza.

Liburua nola erabili

Gaia ardazteko orrialde batek ematen dio hasiera kapitulu bakoitzari, bizpahiru gai edo kontzeptu nagusiri sarrera emanez. Hizkuntzaren ikaskuntzan edo irakaskuntzan nagusi diren gaiez irakurleak gogoeta egitea dute orrialdeok helburu, kapituluaren irakurketa errazteko. Gainera, fotokopiatan, irakasleak trebatzeko ikastaroetan erabil daitezke, gai hauei buruzko eztabaida pizteko. Ardatza ezartzeko orrialde horietako galderek miatzea dute helburu -ez dute erantzunik, gehienetan-; baina sortzen diren arazoak garrantzizkoak dira, eta kapituluan barrena xehekiago aztertuko dira.

Kapitulu askok hainbat material eta baliabideri egiten diete aipu. Denak batera eranskinean datoz jasota, errazago erabiltzeko. Horiek ere fotokopiatzeko moduan. Kapitulu gehienen amaieran jarduerak antolatzeko iradokizunak datoz, irakasteko trebetasun bereziak garatzen laguntzeko.

Nahi nuke zu eta zure ikasleak gustura ibil zaitezten, AOIrekin lan eginez. Nahi nuke, era berean, zure lanbidean pozikago egotea, hasierako katramilak (beti izaten da baten bat eta!) pixkanaka-pixkanaka gaindituz eta AOIk hizkuntza ikasteko ikasgeletara ekar dezakeen aldea ikusiz.

Jane Willis, Birminghan, 1996ko martxoa.

HABEren liburutegian