Irakasbil
Didakteka
Bota diezaiogun gatz pixka bat adimen artifizialari!
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Jarduera motak:
- Jardunaldia

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Jarduera motak:
- Jardunaldia
- Visits: 968
- Comments: 0
- Favorites: 1
Telefonoa eta ordenagailua ezinbesteko egin ditugun
garaiotan, ez dago gaizki atzera begiratzeko beta hartzea: ordenagailuak izaten
hasi ginenean, zalantzan jartzen genuen nola lagundu ziezagukeen makina hark gure
lana egiten, nola arraio lagunduko zigun wordperfect itsusi eta gatzgabe hark. Guztiok
ikasi dugu, gutxi-asko, eskuko telefonoa erabiltzen eta ordenagailuak piztu eta
nabigatzaileari eskaeraren bat edo beste egiten... Baina horrekin konformatu ez
eta bada makinak “gizaki” bihurtzeko lanean diharduenik. Horretan dabiltza, eta
bidea egiten ari dira, gainera: horren erakusgarri da, besteak beste, hain
modan dagoen ChatGPT sonatua. Orain artean ikasi dugunari jarraikiz, komeni
guri ere olatu (artifizial) hori hartzea lehertu baino lehen.
GIELEk argi ikusi du badatorkigula olatu hori, eta olatua harrapatu behar dugula. Hizkuntzen irakaskuntzan eta ebaluazioan kezka, ardura eta arreta erakartzen duten gaiak aurkezten dizkigu beti, eta asmatu du, oraingoan ere, hartzaileen interesak, beldurrak, kezkak, mamuak… identifikatzen. Hain justu, berehala bete zen ostiral arratsalderako antolatutako bost lantegietako bat: hizkuntzak ikasteko eta ebaluatzeko adimen artifizialeko tresnei buruzkoa. Larunbateko programazioaren zati handi bat ere gai horretara bideratu zuten, eta programazio horrek piztu zuen bertaratutakoongan gai horri beldurra galdu eta eragozpenak, ahal den heinean, abantaila bihurtzen hasteko irrika.
Lehen ordenagailuak, Internet, eskuko telefono adimendunak. Orain, berriz, adimen artifiziala. Uff. Eta, hori, zer da? Horretan ere trebatu beharko al naiz? Eskolak emateko hori ere behar al dut, ba?
Larunbateko hizlarietako batek aipatu zuen halako gaiek jendearengan eragiten duten kezka eta erretiratzeko falta ditugun urteak zuzenki proportzionalak direla. Batzuek, behintzat, urte mordo ugari falta dugu erretiroa hartzeko, eta jakin ere ez dakigu zein adinetaraino atzeratuko diguten erretiroa datozen dozenaka urtetan. Hortaz, olatu hori ere harrapatu beharko dugu zenbaitek, ezta?
Larunbateko sarrera-hitzaldian Mariano Felice aritu zitzaigun adimen artifizialaz eta ChatGPT “malapartatuaz” hizketan. Adimen artifizialari buruz hitz egiten hasi eta 1950era jo zuen: adimen artifizialaren pleistozenora, haren hitzetan. Urte hori entzutean gogoratuko zuen norbaitek, agian, Alan Turingen testa, galdera honi erantzun nahi ziona: Pentsatu al dezakete makinek?
Oinarri-oinarritik hasteko, adimen artifizialaren definizio argia eman zigun Felicek: gizakiok gure inteligentziarekin ebazten ditugun jarduerak ebazteko makinek duten gaitasuna da, kontuan izanik jarduera horiek egiteko argudiatu, ulertu eta inferitu… egin behar dutela. Alegia, gizakion burmuinak egiten duena egiteko gaitasuna.
Bada denbora makinek hori egin zezaten lortu dutela. Hor ditugu, besteak beste, hainbat eta hainbat atakatatik ateratzen lagundu diguten itzultzaile automatikoak. Ikaskuntza automatikoaz aritu zitzaigun, batez ere, Felice aditua eta egun zer egin dezakeen erakusteko, ChatGPT baliatu zuen. Makinak, ikas dezan, datuak eta datuak behar ditu; adibidez, makinak idazlan bat zuzendu ahal izan dezan, egoki elikatu egin behar dugu lehenik, eta idazlanak eman eta nola eta zein irizpideren arabera zuzentzen diren irakatsi. Behin egoki elikatuta, lana kendu diezaguke: astero zuzendu beharreko hamarnaka idazlanak zuzentzeko eska diezaiokegu. Makinak zuzenduko eta balioetsiko du ikaslearen idazlana, eta guk gure denbora beste arretagune batzuetara bideratu ahal izango dugu.
Horregatik ekarri dugu hizpidera idazlan baten zuzenketa; izan ere, zer geratzen da hainbeste azpimarratzen den zuzenketa holistikoarekin? Makinak irizpideei banan-banan jarraitzen die, eta ondo jaten emanda, oso egoki beteko du zeregin hori, baina beharko du aldamenean gizaki bat lan hori errepasatzen. Hori bai, ziurtasun osoz esan zuen egiaztatzegintzan proba bat bi zuzentzaileri eman beharrean zuzentzaile bati eta makinari emango zaion garaia iristear dela.
Beste adibide bat ematearren, adibideen bidez ikasteko aukera ematen badiogu, idazlan bat Europako markoaren zein mailari dagokion ere ikas dezake.
Sarrerako hitzaldiaren ondoren, estatuan egiaztatzegintzan lan mardula egin duten hiru erakunderen ordezkariek adimen artifizialarekin egin duten lanaren berri eman zuten. Zazpi-zortzi urte atzera egin zuten ibilbidearen berri emateko, eta abantailez, erronkez eta egiteke dituzten lanez aritu ziren. Beste ertz bat ere atera zioten gai korapilatsu honi: jabetza- edota egiletza-eskubideen gainekoa batetik, eta adimen artifiziala elikatzeko erabiltzen den materialaren inguruko kontuak bestetik. Lege-araubidearen beharra eta esku pribatuetan dauden aplikazioak erabiltzeak etorkizunean izan ditzakeen ondorioei buruzko kezka jarri zuten mahai gainean. Kezka hori bera nabarmendu zuten ikus-entzuleen galderek ere. Iritsi dira, iritsi, lehenengo kexak eta salaketak. Ez da huskeria, eta arretaz erreparatu beharko diogu gaiari, batez ere edukiak sortzeko baliatu eta sortzen dugun horri zabalkundea eman nahi badiogu. Ikuskizun dago zer erabaki hartuko dituzten legegileek.
Cambridgeko Unibertsitateko Victoria Peñak adimen artifizialaren adibide praktikoak ekarri zizkigun. Trebetasun ekoizleetan trebatzeko bi aplikazio garatu ditu Cambridgek, Write&Improve eta Speak&Improve, eta makinan idatzi edo makinari hitz eginda, ekoizpenaren gaineko feedbacka itzultzen digu. Horretaz gain, Europako markoan oinarrituta, zein maila duzun esan diezazuke eta ikaskuntza-bide bat proposatu, lan hori egiteko programatu baitute. Laguntzaile bikaina, alajaina! Sarean libre daude biak ala biak, probarik egin nahi izatera.
Evaristo Martínez Belchi izan zen adimen artifizialaren gaiari amaiera eman zion hizlaria. Murtziako Unibertsitateko irakasle honen mezua argia eta argigarria izan zen: adimen artifizialari instrukzioak zuzen eta egoki ematen ikasten badugu, lan handia egingo digu. Adibidez, testu bat behar badugu gure ikasleentzat jarduera bat sortzeko, esan diezaiokegu gai jakin bati buruzko testuak aztertu eta testuetako bakoitzaren ideia nagusiak eta bigarren mailako ideiak laburbiltzeko. Zenbat denbora behar dugu guk hamaika testu aztertzeko? Berehalakoan egin digu lana eta emaitza horrek azkar batean lagunduko digu komeni ez zaizkigun testuak baztertzen, eta, beraz, egoki izan daitezkeenak baino ez aztertzen. Aurrelanak makinak egiten badizkigu, guk beste arlo batzuk landu ahal izango ditugu.
Askotariko lanak egiteko eskatu diezaiokegu adimen artifizialari. Adibidez, eskatu ahala, testuak ere sortuko dizkigu, baina Evaristo Martínezek behin baino gehiagotan nabarmendu zuen testu horiek gatz pixka bat izaten dutela faltan askotan. Bada, guk bota diezaiokegu faltan duen beste!



