Didakteka
Guztiak elkarrekin, noranzko berean
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Jarduera motak:
- Jardunaldia
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Jarduera motak:
- Jardunaldia
- Bisitak: 516
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Sergi Linares ordezkariak Valentzian abian den CIEACOVA proiektua aurkeztu zuen; hain zuzen ere, Valentziako zazpi unibertsitatek egiaztatzegintzari begira abian jarritako lankidetza-proiektua.
2015. urtean, valentzieraren ezagutzaren egiaztagiriak estandarizatzeko unibertsitateen arteko batzordea (CIEACOVA) sortu zuen Valentziako Unibertsitatearen Hizkuntzen eta Hizkuntza Politikaren Zerbitzuak. 1980ko hamarkadan, eragile nagusiek argi zuten unibertsitate bakoitzak ezin zuela bakarka, bere modura, bideratu valentzieraren egiaztatzegintza eta guztiek adostutako eredu bakar bat behar zutela.
Horrenbestez, bost unibertsitate publikok eta bi pribatuk beren autonomiaren zati bat kide anitzeko organo baten eskuetan uztea erabaki zuten 2015. urtean, organo hura arduratu zedin valentzieraren ezagutzak egiaztatzeko azterketak deitu eta gauzatzeaz.
Batzordearen Organo Gorena zazpi kidek osatzen dute; kide bana du unibertsitateetako bakoitzak. Batzordeak ez du langilerik, eta egiaztatzegintza-arloko lanak unibertsitate bakoitzean lehenagotik ere lan horiek egiten zituzten langileek gauzatzen dituzte. Alegia, unibertsitateetako bakoitzak bere langileak jarri ditu batzordearen helburuen alde lanean. Guztira, 24 lagun ari dira CIEACOVAn lanean, eta beste 25 lagun batzen zaizkie lan-zama handitzen zaienean.
Batzordearen lorpen handiena da ez aritzea zazpi unibertsitate bakoitza A1etik C2ra arteko egiaztatze-probak egiten, guztiak Europako Markoaren babesean lanean, baina nor bere aldetik. Proba bat eta bakarra egiten zaie unibertsitateko ikasleei azterketaldi bakoitzean, ez leku fisiko bakar batean, baizik eta zazpi unibertsitateetan, eta, noski, egun berean.
Sergi Linaresek aitortu zuen hasieran ez zela erraza izan denek elkarrekin lan egitea eta izan zela mesfidantza unibertsitateen artean. Hala ere, aitortu zuen egindako ibilbideak unibertsitateen egiaztatzegintza-probei balio erantsia eman diela, eta bide horretan aurrera egiten jarraitzeko asmo irmoa dutela.
Azterketaldi bakoitzerako probak sortzen elkarrekin lan egiteak proben kalitatea hobetu duela azpimarratu zuen. Probak sortzeko, jakintza bateratu dute probak elkarrekin sortu behar izan dituztenean, eta, beraz, unibertsitateetako bakoitzak bildutako jakintza partekatu dute, helburu berari begira. Inork ez du lanik egin behar izan unibertsitateetako bakoitzaren proben baliokidetzen gainean, ezta erabakitzen ere lanpostu jakin batzuetarako zein unibertsitateren egiaztagiriak onartuko zituzten. Lan horiek aurreztu eta beste lan batzuetan aritu dira bete-betean, guztiak noranzko berean.
Azterketen zuzenketari dagokionez, zuzenketa-plataforma sendoa dute eta, ondorioz, aztertzaileek online zuzentzen dituzte azterketak. Aztertzaileek deskriptoreetako bakoitza kolore batekin zuzendu eta markatzen dute, eta, gero, ikasleek egindako zuzenketa guztiak ikus ditzakete aplikazioan. Lan-prozedura honi esker, kanpo-eragileen konfiantza irabazi dute. Plataformaren bidez, gainera, datuak eta estatistikak atera ditzakete, askotariko lanak egiteko.
Amaitzeko, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ordezkariak azpimarratu zuen Batzordeak garrantzi handia ematen diela barne-prozesuei eta lanaren kalitateari. Horiek horrela, unibertsitate bakoitzak beste unibertsitateen sistema zaintzen du ahozko eta idatzizko probetan. Era berean, aitortu zuen, kasu batzuetan, gogorra izan dela unibertsitate batekoek beste unibertsitate batekoen lan-sistema ez onartzea edo baztertzea, baina, aurrerapauso handiak egin dituztela erabaki horiek hartu ondoren.
Aurrera begira, gobernantza-eredua landu eta bide horretan jarraitzea dute helburu: elkarrekin, noranzko berean.