Irakasbil
Didakteka
Feedback eraginkorra hizkuntzen ikasgelan
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza -arloak:

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza -arloak:
- Bisitak: 232
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Ikasleen lanak zuzentzea irakasleen eguneroko zeregina da, baina badakigu zenbateraino laguntzen dien egiten ditugun zuzenketa-motak benetan ikasten? Galdera horren inguruan hausnartzen da LdeLengua podcastaren 174. atalean. Francisco Herrerak Kristina Pla Fernández Durham Universityko Hizkuntza Zentroko gaztelaniako irakaslea elkarrizketatu du. Bere ikerketa-ildoetako bat feedbackaren erabilera da, eta elkarrizketaren ardatza feedback egingarria (actionable feedback) da. Feedback-mota hori ez da akatsak adieraztera mugatzen, ikasleari bere ekoizpena ulertzeko, berrikusteko eta hobetzeko urrats zehatzak eskaintzen dizkio. Helburua, egindakoa baloratzeaz harago, ikaslea gidatzea eta haren autonomia sustatzea da. Horretarako, ikasleak argi izan behar du zer egin duen ondo, zer hobetu behar duen eta, batez ere, zein den bere hurrengo urratsa.
Kristina Plaren esanetan, feedbacka ikaskuntzaren osagaia da, ez prozesu baten amaierako balorazio hutsa. Feedforward osagaia ere izan behar du: ikasleak iruzkinak baliatuz ekintza zehatz bat egin behar du, hala nola testu bat berridatzi, egitura jakin batzuk berrerabili edo hobekuntza jakin bat aplikatu. Feedbackak, beraz, ekintzara eraman behar du ikaslea. Era berean, azpimarratzen du feedbacka garaiz eman behar dela, ikaskuntza-prozesuan zehar, eta ez bakarrik lana amaitu ondoren; era horretan, ikasleak jasotako orientazioa berehala txertatu dezake lantzen ari den jardunean.
Saioan beste honako gai hauek guztiak jorratzen dira: zer den benetan feedbacka eta zertan bereizten den zuzenketatik; noiz eman behar den; zer harreman duen motibazioarekin eta ikasgelako giro emozionalarekin; eta nola eskaini feedback pertsonalizatua irakaslearen lan-karga neurriz kanpo handitu gabe. Feedbacka pertsonalizatzeko hainbat estrategia praktiko ere proposatzen ditu Kristina Plak, besteak beste, ikaslearen mailara, beharretara eta une horretan lantzen ari den helburura egokitzea; akats guztiak zuzendu ordez, ikaskuntzan benetan eragina izango duten alderdiak lehenestea; iruzkin orokorren ordez, ikaslearen ekoizpenetik hartutako adibide zehatzak erabiltzea; akatsa adierazteaz gain, hura nola hobetu edo berridatzi daitekeen erakustea; eta ikasleak hurrengo ekoizpenean berehala aplikatu ditzakeen gomendio argiak ematea.
Feedback pertsonalizatuaren helburua ikasle bakoitzari bere aurrerapenerako erabilgarria izango zaion orientazioa eskaintzea da. Bestetik, aipatzen du feedback eraginkorrak irakaslearentzat ere onurak dakartzala: ikasleen aurrerapena ikusteak zentzua ematen dio zuzenketan egindako ahaleginari, eta feedbacka motibazio-iturri ere bihur daiteke irakaslearentzat. Azken batean, podcastak defendatzen du feedback eraginkorrak ikasleak bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista bihurtu behar duela.

Erreferentziak
Herrera, F. (anfitrioia). (2026, uztailaren 4a). Una charla con Kristina Pla Fernández. [Audio podcast-atala]. LdeLengua. https://eledelengua.com/como-dar-feedback-en-el-aula-de-espanol-ldelengua-174/


