Irakasbil
Didakteka
Ulertu eta hitz egin: antsietatea kudeatzeko zenbait gako
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza -arloak:
- Sarrera-egilea:
- Murua Anzola, Iñaki

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza -arloak:
- Sarrera-egilea:
- Murua Anzola, Iñaki
- Bisitak: 173
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
International House - Formaciónele webgunearen blogean irailean argitara emandako bi sarreratan ("Ansiedad lingüística en ELE: qué hacer cuando el estudiante sabe, pero no se atreve a hablar" eta "¿Por qué las actividades de comprensión auditiva generan ansiedad?"), hizkuntza-antsietatearen bi alderdi aztertu dira: ahozko jardunean agertu ohi den segurtasun-falta eta entzumenaren ulermenean sortzen den blokeoa. Biek abiapuntu bera dute: ikasleen zailtasunak ez dira beti hizkuntza-gaitasun urriaren ondorio; askotan, dakitena praktikan jartzeko unean sortzen dira oztopoak.
Gogoeta hori ez da berria gure eremuan. Esate baterako, Irakasbilen argitaratutako zenbait testuk antsietatearen gaia jorratu dute (komunikazio-antsietatea, ikaskuntza birtualarekin duen lotura edota antsietateari aurre egiteko estrategiak). Horiez gain, Hizpide aldizkarian ere argitaratu da artikulurik, besteak beste, "Antsietatea H2 ikastean: gaiari berriz helduz". HEOCean ere ikuspegi hori bera jasotzen da. Hala, ikasprozesuaren estrategien artean, ikasleak garatu beharrekoen artean honako hau dago:
"hizkuntza berri bat ikasteak bere dituen antsietatea eta frustrazio-sentsazioa kontrolatzea".
Antsietatea kudeatzea, beraz, ez da bigarren mailakoa, ikasprozesuaren beraren parte baizik.
Paula Herreraren artikuluak ahozko jarduna du ardatz. Egileak azaltzen du ikasle askoren zailtasuna ez dela zer esan ez jakitea, dakitena erabiltzek urratsa egitea baizik. Horretan, bat dator Irakasbilen komunikazio-antsietateari buruz argitaratutako lanekin: hizkuntza-gaitasuna eta hizkuntza erabiltzeko prestasuna ez datoz beti bat. Egoera horri aurre egiteko, honako neurri hauek proposatzen ditu:
- ahozko jarduerak prestatzeko denbora ematea;
- komunikazioaren eraginkortasuna zuzentasun formalaren gainetik jartzea;
- akatsa ikaskuntza-prozesuaren osagai normaltzat aurkeztea;
- laguntza-egiturak eta jarduera gidatuak erabiltzea;
- ikasleek epaituak izateko beldurrik gabe jarduteko giroa sortzea.
Sonia Eusebioren artikuluak, berriz, entzumenaren ulermenari erreparatzen dio. Egilearen arabera, ikasle askok entzundako guztia ulertu behar dutela uste dute; hitz edo pasarte ezezagun batean trabatzen direnean, ordea, mezuaren esanahi orokorra galtzeko arriskua dute. Horri aurre egiteko, jardunbide hauek proposatzen ditu:
- entzun aurretik gaia aktibatzea eta aurreikuspenak egitea;
- testuinguruan oinarritutako hipotesiak formulatzea;
- entzunaldi bakoitzari helburu jakin bat ematea;
- ideia nagusiak ulertzea lehenestea, hitz guztiak ulertu nahi izan beharrean;
- ulertu den informazioa balioestea, galdu den horretan arreta jarri beharrean.
Gomendio horiek lotura estua dute Irakasbileko ekarpenekin. Adibidez, ikaskuntza birtualari buruzko lanean azaltzen den bezala, ziurgabetasunak eta kontrol-faltak antsietatea areagotu ditzakete. Ikuspegi horretatik, Eusebiok proposatutako aurreikuspenek, entzunaldiaren aurreko jarduerek eta helburu argiek ikasleari egoeraren gaineko kontrol handiagoa ematen diote. Era berean, Herreraren proposamenek bat egiten dute komunikazio-antsietateari buruzko lanetan azpimarratutako ideia batekin: ikasle askok ez dute hizkuntza erabiltzeko behar adina konfiantza, nahiz eta horretarako baliabide linguistikoak izan.
Erreferentzia bibliografikoak
Eusebio, S. (2026, irailaren 25a). ¿Por qué las actividades de comprensión auditiva generan ansiedad? Un blog para profesores de español. https://formacionele.com/por-que-las-actividades-de-comprension-auditiva-generan-ansiedad/
Herrera Rueda, P. (2026, irailaren 7a). Ansiedad lingüística en ELE: qué hacer cuando el estudiante sabe, pero no se atreve a hablar. Un blog para profesores de español. https://formacionele.com/ansiedad-linguistica-en-ele-que-hacer-cuando-el-estudiante-sabe-pero-no-se-atreve-a-hablar/


