Irakasbil
Didakteka
Antsietateari aurre egiteko estrategiak
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Mungia Idarreta, Alex

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Mungia Idarreta, Alex
- Visits: 203
- Comments: 0
- Favorites: 0
Hizkuntza bat ikastean, alde batetik, ikas-irakas prozesuan izaten diren faktore negatiboen eragina mugatu behar izaten da, eta, beste alde batetik, alderdi positiboak landu. Antsietatea, esate baterako, beldurrarekin, frustrazioarekin, tentsioarekin eta segurtasun gabeziarekin dago lotua.
Komunikazio-jarduerak bideratzean areagotu egiten dira antsietatea izateko aukerak ikasgelan, baldin eta sortzen ez bada emozionalki segurua den giroa, ikasleak beldurrik gabe arriskatu daitezen ikasten ari diren hizkuntzan komunikatzera.
Antsietatea txikitzeko teknikak
Bi mailatan lan egin liteke antsietatea urritzeko:
-
Maila fisiologikoan. Ikasleei lasaitzen erakutsi dakieke, musika lasaia jarriz eta beren arnasketari errepararaziz, ikusarazteko horrela lasaitu egiten garela pixkanaka. Arnasketa bakoitzean, irudikatu lezakete nola lasaitzen diren arnasa hartzean eta nola uxatzen dituzten beldurrak eta antsietatea birikak hustean. Nolanahi ere, lehenik, gomendagarria da teknika honen balizko onuren berri ematea ikasleei, baldin eta sekula egin ez badute gisa honetako jarduerarik.
-
Maila psikologikoan. Esate baterako, nork bere barne-elkarrizketa aldatzeko teknika kognitiboak erabil litezke. Antsietate handiko ikasleak, seguraski, honelakoak esango dizkio bere buruari: “hau oso zaila da...”, “ezin dut hau egin...”, “nitaz barre egingo dute...”.
Askotan, ez gara konturatzen horrelako bakarrizketek baldintzatu egiten dutela gure zereginarekiko jarrera eta, ondorioz, baita ikaskuntzaren emaitza ere. Lehendabizi, ikasleari horrelakoak hautematen lagundu behar zaio eta, gero, antsietatea sorrarazten duten pentsamendu negatibo mugatzaileak gerarazten eta erabilgarriagoak diren beste batzuez ordezkatzen. Adibide ezagun bat da ikasleak dioenean “nik ezin dut ikasi”, pentsamendu hori eten eta “ikasi dezaket, baldin eta lan egiten badut” pentsamenduaz ordezkatzea.
Antsietate negatiboa urritzeko iradokizunak
-
Errespetuz aritu ikasleekin. Beren kezkak adierazteko aukera eman ikasleei, eta kontuan izan ikaskide bat baino gehiago antzera dabilela ikusteak ondorio positiboa izan ohi duela, egoera berean lagun gehiago daudela ikusita. Esaterako, inkesta xume bat erabili liteke, jakiteko euskara-eskoletako zein alderdik sorrarazten dien antsietatea. Ez behartu hitz egitera. Teknika desberdinak daude horretarako: batzuetan, input ugari ematen zaie eta hasieran ez-hitzezko keinuez adierazi dezakete ulertzen dutela; beste batzuetan, berriz, lan kooperatiboaren irizpideei jarraikiz, irakasleak galderaren bat egiten die ikasleei edota eztabaidarako gairen bat proposatzen, eta une bat hartzen dute ikasleek zenbait ideia idazteko. Gero ikasleek beste ikaskide batekin partekatzen dituzte ideia horiek. Eta pentsatzeko denbora hartu eta beste ikaskide batekin hitz egin ondoren eskatzen zaie mintza daitezela denen aurrean. Honela, erantzun landuagoak eman dituzte eta antsietate txikiagoa sorrarazten zaie.
-
Erroreen zuzenketa eraginkorra bideratu. Hizkuntza ikastean, berezkoa da erroreak egitea tarteko hizkuntzan. Vygotsky-ren garapen hurbileko eremuari buruzko jarraibideak baliatuz eskaintzen zaio laguntza ikasleari, erroreak gainditzen joan eta gero eta autonomoagoa izan dadin. Irakasle eraginkorrak ikasleei ez die beti eskatzen perfekzioa, eta ikasten ari diren hizkuntza erabiltzera animatzen ditu.
Erreferentzia
Arnold, J. (2006). Comment les facteurs affectifs influencent-ils l'apprentissage d'une langue étrangère? Etudes de linguistique appliquée, 144, 307-426. Hemendik berreskuratua, 2026ko otsailaren 24an: https://cvc.cervantes.es/ensenanza/biblioteca_ele/antologia_didactica/claves/arnold.htm#npas
Irudia: Copilot AAko tresnaren laguntzaz sortua

