Autoestimua landuz gero, emaitza hobeak

Published: Wednesday, 8 April 2026, 8:33 AM
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Mungia Idarreta, Alex
Ikasle autoestimua
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Mungia Idarreta, Alex
  • Visits: 152
  • Comments: 0
  • Favorites: 0

Autoestimua sendotuz gero, ikaslea hobeto sentitu eta ikasteko jarrera hobea izateaz gain, emaitza hobeak lortuko ditu. Eta autoestimua apala bada, ezin duela aurrera egin uste izango du eta, ondorioz, ez da behar beste ahaleginduko hizkuntza ikasteko garaian. Bestalde, bere buruaz dituen uste negatiboen eraginez, ezin izango du arreta jarri hizkuntza ikasi ahal izateko jarduera didaktikoetan, zeren eta indar kognitibo gehiena galduko baitu bere gaitasun faltak sorrarazten dizkion kezken ondorioz. 

Honela, bada, funtsezkoa da irakasleak  ziurtatzea ikasgelako giroak ikasleen arteko harreman positiboak ahalbideratzen dituela, eta, horretarako, adituen aholkua da denbora eskaintzea taldeen prozesuak lantzeari, gaitasun linguistikoak garatzearekin batera, izotzaldia urtu eta ikaskideen arteko harremanak sustatzeko. Horrelakoetan, talde-lanak egitean, komeni da ikaskide desberdinekin elkartzea, elkar ezagutzeko eta harreman positiboen ispilu izateko. 

Irakaslearen rola 

Autokontzeptu positiboa eta konfiantza sustatzeko, agian, garrantzizkoena da ikasleek irakaslearen estimua sentitzea eta irakaslea ulerbera edo enpatikoa izatea. Izan ere, irakasleak ikasleei laguntzeko harreman afektibo egokia sortzen badu,  ikasleek denbora gehiago eskaini ohi diote ikasprozesuko zereginak egiteari eta, ondorioz, emaitza hobeak lortzen dira ikasgelan.   

Horrela, irakasleek berrespenaren bidez (irribarre eginez, galderei erantzunez...) adierazten diete ikasleei pertsona adoretsuak direla. Eta, aitzitik, ikasleen autokontzeptua kaltetuta gera liteke baldin eta irakasleak burla egiten badie, beste ikasle batzuekin konparatzen baditu edo kontuan hartzen ez baditu edota kritikatzen, umiliatzen edo barregarri uzten baditu.  

Autoestimua indartzeko iradokizun batzuk 
  • Jakinarazi ikasleari aintzat hartua dela. Hori ikasleen izenak ikasiz eta noizean behin (klasearen aurretik edo ondoren) agurtuz eta beraiekin hitz eginez egin liteke, betiere zinez entzuten bazaie haiekin mintzatzean.  
  • Ikasleek esku hartu dezatela ikasprozesuan. Klaseko arauak adostu ditzakete eta beraien iritzia eman jarduera eraginkorrenei buruz. 
  • Hizkuntza ikasteko duten gaitasunarekiko konfiantza duzula adierazi diezaiekezu, baita haien lorpenak aitortu ere. 
  • Hizkuntza lantzeko jarduerak ez ezik, xede pertsonalagoak dituztenak ere baliatu litezke (esaterako, elkar hobeto ezagutzekoak). 
  • Ikasleei lagundu beren indarguneak atzematen eta ahulguneak hobetzeko estrategiak bilatzen. 
  • Elkarguneak sortu, nahi izanez gero, partekatu ditzaten beren interesak, sentimenduak edo kezkak. 
  • Ikasleren batek jokamolde desegokiren bat baldin badu, ahalegindu portaera horren arrazoia aurkitzen eta irtenbidea bilatzen. 
  • Erabili ikasleak zer egin lezakeen erakusteko jarduerak/azterketak, eta baztertu ezin duena erakusteko diseinatutakoak. 
  • Irudikatu nola sentituko ote zinatekeen zeure klasean. Nahikoa konfiantza emango lizuke han sorturiko giroak? 
Erreferentzia   

Arnold, J. (2006). Comment les facteurs affectifs influencent-ils l'apprentissage d'une langue étrangère? Etudes de linguistique appliquée, 144, 307-426. Hemendik berreskuratua, 2026ko martxoaren 9an:  https://cvc.cervantes.es/ensenanza/biblioteca_ele/antologia_didactica/claves/arnold.htm#npas


Irudia: manityagi, Pixabay

Other interesting content

Antsietatea txikitzeko teknikak

Antsietateari aurre egiteko estrategiak

Hizkuntza bat ikasteak emozio askoren atea irekitzen du, eta horien artean antsietatea da ohikoenetako bat. Beldurrak, frustrazioak edo segurtasun faltak ikaslearen komunikatzeko gogoa murriztu dezakete, batez ere ikasgela giro seguruan oinarritzen ez bada. Horregatik, ezinbestekoa da irakasleek eta ikasleek elkarrekin lantzea antsietatea arintzeko estrategiak, bai maila fisiologikoan, bai psikologikoan, ikasprozesua atseginagoa eta eraginkorragoa izan dadin.