Didakteka
Antsietatea eta ikaskuntza birtuala
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 303
- Iruzkinak: 1
- Gogokoak: 1
Itzulpen Saila 58. zenbakian argitaratu zuen HABEk 2024an Teknologiak bideratutako hizkuntzen irakaskuntza. Justizia sozialetik adimen artifizialera (AA) erreferentziazko liburuaren euskarazko bertsioa.
Sarrera honetan, Zsuzsanna Bárkányi irakasleak idatzitako "Antsietatea eta ikaskuntza birtuala" izenburupeko 6. kapituluaren zenbait ideia nagusi azaleratuko dira; nagusiki, praktikarako gomendioak. Izan ere, antsietateak eragotzi egiten du ikasleek ekoizpeneko jardueretan parte hartzea eta frogatuta dago batzuetan ikasleek, nahiz eta ahozko ekoizpeneko jarduerak egin, askotan ez dituztela partekatzen, ondo ez hitz egiteko beldurragatik.
Halaber, ikerketaren emaitzek erakusten dute, atzerriko hizkuntza batean ahoz adieraztean antsietatea gutxitzen duten testuinguruak eta estrategiak egon arren, ez dagoela antsietatea minimizatzen duen ikaskuntza-testuingururik. Ondorioz, irakasleek antsietatea ikasprozesuaren aldagaitzat kontuan hartu behar dute eta hura kudeatzen jakin irakaskuntza-maila eta -testuinguru guztietan.
Urruneko irakaskuntzan espezializatutako Erresuma Batuko Open Unibersity-ren Hasiberrientzako espainierazko programa FutureLearn izeneko MOOC plataforman dago (ikaskuntza-ingurune ez-formal eta asinkronoa da), eta A1 mailari dagozkion lau asteko sei ikastaro ditu. Jarduera ugariren artean, eztabaida-foroak programatzen dituzte; batetik, ikasleek idatzizko eta ahozko ekoizpen-trebetasunak praktikatu ditzaten edo, bestetik, alderdi kulturalei buruzko gogoeta sustatzeko (ingelesez, oro har).
Foroetako esku-hartzeen analisiaren arabera, kezka nagusi hauek izan zituzten parte-hartzaileek: a) ondo ez hitz egitea, b) hain azkar hitz egin ezin izatea eta c) audioa edo esaten zaiena ez ulertzea. Era berean, foroetako diskurtsoak aztertuta, zenbait estrategia nabarmentzen dira hitz egitean antsietateari aurre egiteko, hala nola umorea eta ironia, norberaren eta besteen ahalegina aitortzea, eta ikasle-taldearen edota irakasleen laguntza eskertzea.
Praktikarako gomendioak
Ikerlan gutxik aztertu dituzte modu enpirikoan antsietateari aurre egiteko estrategiak. Esaterako, Lucasek (1984), Japoniako ingeleseko ikasleen antsietatea arintzeko, hainbat iradokizun egiten ditu. Lehenik eta behin, ikasgelan giro lasaia eta atsegina sortzea, adibidez ikasleek elkar ezagutu dezaten sustatuta, elkarri aurkezteko formulak irakatsita, eguneroko elkarrizketen parte diren esaldiak ezagutarazita, egoera deserosoetatik nola atera daitezkeen irakatsita edota ikasgelan arnasketa erritmikoa eginda. Bigarrenik, ikasleek xede-hizkuntza ahalik eta gehien praktikaraztea.
Bestalde, He-k (2017), Txinako 302 ingeles-ikasleren eta unibertsitateko 30 irakasleren datuetan oinarrituta, zenbait estrategia eskaintzen ditu, ikasle txinatar horiek ingelesez hitz egitean sentitzen duten antsietatea arintzeko:
a) Irakasleentzako estrategiarik garrantzitsuenak umorea eta pazientzia dira. Ikasgelako jardunari begira, ikasleak zeharka animatu behar ditu akatsak zuzentzera, talde txikiko jarduera asko antolatu behar ditu, ahozko ariketen aurretik adibideak eman behar ditu eta sakon ezagutu behar du xede-hizkuntzarekin lotutako kultura.
b) Honako hauek dira ikasleentzako estrategia nagusiak: akatsak ikasprozesuaren parte direla jabetzea, taldean ikastea edo praktikatzea, beste ikasle batzuekin mintzatzea hizkuntza bat hitz egitean sentitzen den antsietateari eta beldurrari buruz, ahalik eta gehien praktikatzea, eskolen aurretik prestatzea eta gehiago erabiltzea gorputz-hizkuntza.
c) Irakasle eta ikasleentzako estrategiak: xede-hizkuntza hitz egitea lagunarteko testuinguruan, hitz egitean ez zentratzea zuzentasunean, jarduera ludikoak aplikatzea, erlaxazio-ariketak egitea eta sentibera izatea kulturarteko desberdintasunekin. Irakasleak rol garrantzitsua betetzen du estrategia horiek ezagutzeko eta bideratzeko lanean, ikasleak gidatuz, talde-lana erraztuz, antsietatea ikaskuntzako faktore gisa aitortuz eta aldagai afektibo horri buruz argi eta garbi hitz eginez.
Online ikaskuntza-komunitateak
Aurrez aurreko irakaskuntzan, ikasleek aukera ugari izaten dituzte elkarreraginean aritzeko eta harreman informaletarako, eta hori funtsezkoa da ikasprozesuan aurrera egin eta antsietatea kudeatzeko. Online irakaskuntzan, foroak balia daitezke, adibidez ikasleak konektatuta eta aktibo mantentzeko, ikaskuntza-komunitate bat eraikitzeko eta informazioa trukatzeko. Foro horiek ondo funtzionatu ohi dute, irakasleak etenik gabe esku hartzen ez badu ere eta zuzendu ez arren akats guztiak.
Ingurune birtualetan, beste alderdi garrantzizko bat da irakasleak kamera aktibatuta izatea eskola osoan zehar eta ikasleak gauza bera egitera animatzea. Hala ere, aukera zabalik utzi behar da, ikasleek erabaki dezaten pantailan agertu nahi duten ala ez eta mikrofonoa erabili nahi duten ala ez, eta txat aukera ere sartzeko ahozko jardueretan. Txata talde txikietan egitea, Zoom bezalako tresna baten bidez, funtsezko jarduera da online ikastaroetarako, ikasleei aukera ematen baitie ekoizpen idatzia, ahozkoa eta ulermena modu sinkronoan garatzeko. Horri esker, ikasle lotsatienek ere parte har dezakete.
Ingurune birtualetan, irakasleak a priori zehaztu behar ditu ikasleen arteko bileraren testuinguruak eta arauak. Gainera, kontuan hartu behar dira talde txikiko kideen artean dauden gaitasun-mailen arteko aldeak. Ikasgela osoa laguntza-talde bihur dadin, komeni da ikasleak beren antsietatea hitzez adieraztera animatzea, eta antsietatea gainditzeko edo, gutxienez, hura kudeatzen ikasteko estrategiak aipatzea.
Helburu errealistak diseinatzea
Ikasleei eta taldeari helburu errealistak ezartzen laguntzea atzerriko hizkuntzan motibazioa eragin eta antsietatea murrizten duen faktore bat da. Era berean, ingurune birtualean ezinbestekoa da jarduerak laburragoak izatea aurrez aurreko irakaskuntzan baino, jarraibideak errazak izatea eta urratsez urrats garatzea. Ingurune birtualean, errazagoa da ikasleak prozesuan zehar galtzea edo distraitzea. Halaber, erabilgarria da ahozko ekoizpenen ereduak ematea jardueren aurretik eta ondoren, online ikaskuntzan ikasleak errazago sentitzen baitira bakarrik eta isolatuta.
Komeni da ikasgelako materialak eta programazioa aldez aurretik bidaltzea, edukiari buruzko ziurgabetasuna murrizteko, entzute eraginkorreko estrategiak irakasteko eta online ingurunean komunikazio-etenak gainditzeko estrategiak irakasteko; adibidez, hizkuntza-laginak dituzten adierazpenen zerrenda bat emanez, komunikazioak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko (Errepikatu dezakezu, mesedez?, hondoko zarata bat entzuten da, mikrofonoa itzalita duzu, etab.). Orobat, emotikonoak erabiltzeak aberastu egin ditzake klaseko interakzioak, giro lasaia sortzen lagun dezake eta ingurune birtualeko antsietatea murriztu.
Amaitzeko,
liburu osoan bezala, bi motatako bibliografia-erreferentziak daude irakurlearen
eskura: a) laburra eta iruzkindua, Irakurgai osagarriak iruzkinduta
atalean eta b) osoagoa eta iruzkinik gabea, kapituluari dagokion Bibliografia
atalean.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bárkányi, Z. (2024). Antsietatea
eta ikaskuntza birtuala. In J. Muñoz-Basols, M.
Fuertes Gutiérrez eta L. Cerezo (ed.), Teknologiak
bideratutako hizkuntzen irakaskuntza. Justizia sozialetik adimen artifizialera
(AA) (185.-212.- or.). HABE. https://doi.org//10.54512/IS58-2024