HABEren azterketa-prozeduren berrikuntzak: hizkuntza-eskakizun asimetrikoak eta partzialak

Argitaratua: osteguna, 2026(e)ko uztailaren 9(e)an, 08:53(e)tan
hizkuntza eskakizun asimetrikoak
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Sarrera-egilea:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
  • Bisitak: 669
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

2026ko ekainaren 25eko Aginduak zenbait aldaketa garrantzitsu ekarri ditu HABEren egiaztatze-sistemara. Horien artean, hizkuntza-eskakizun asimetrikoak egiaztatzeko aukera ematea eta hizkuntza-eskakizun partzialak zehatzago arautzea. Neurri hori HABEren egiaztatze-eredua Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko 19/2024 Dekretura egokitzeko txertatu da, eta haren helburua da egiaztatze-sistema lanpostu jakin batzuen benetako komunikazio-beharretara eta irisgarritasun-printzipioetara hobeto egokitzea. Horrenbestez, hemendik aurrera HABEk, ohiko maila simetrikoez gain, modalitate berriak ere eskainiko ditu bere egiaztatze-deialdietan.

Aldaketa horrek bat egiten du hizkuntzen ebaluazioaren nazioarteko joerekin (Carlsen et al., 2023). Izan ere, azken urteotan gero eta nabarmenagoa da hizkuntza-gaitasuna ez dela nahitaez modu orekatuan garatzen lau trebetasunetan. Lanbidearen, ikasketa-prozesuaren edo hizkuntzaren erabilera-testuinguruaren arabera, ohikoa da pertsona batek trebetasun batzuetan maila handiagoa izatea beste batzuetan baino. Horregatik, nazioarteko ebaluazio-erakundeek defendatzen dute hizkuntza-trebetasunak banaka neurtu eta, behar denean, hizkuntza-eskakizun desberdinak ezartzea, ebaluazio bidezkoagoa eta komunikazio-behar errealetara egokituagoa lortzeko.

Modalitate berri horien ezaugarriak ezagutzea, beraz, garrantzitsua da: zer diren, zer egoeratan aplikatzen diren, nori zuzentzen zaizkien, nork eska ditzakeen eta zer ondorio dituzten egiaztapen-prozesuan. Aurrerantzean, azterketari guztiek ez dute nahitaez lau trebetasunetan maila bera egiaztatu beharko, aukera hori baliatzen badute. Kasu batzuetan, trebetasunen artean maila desberdinak egiaztatu ahal izango dituzte, uneko beren benetako gaitasunen aintzatespena lortuz, baldin eta gaitasun horiek 19/2024 Dekretuan aurreikusitako hizkuntza-eskakizun asimetrikoekin bat badatoz; beste batzuetan, berriz, desgaitasun jakin baten ondorioz, ebaluatu ezin diren trebetasunak ez dira egiaztapen-prozesuaren parte izango.

Berrikuntza horiek ez dute aldatzen HABEren egiaztatze-sistemaren oinarrizko helburua —komunikazio-gaitasuna modu fidagarrian eta baliozkoan egiaztatzea—, baina bai egiaztatze-modalitateak malgutzen dituzte, egoera pertsonal eta profesional desberdinei hobeto erantzuteko. Horrela, sistema inklusiboagoa, bidezkoagoa eta erabilgarriagoa bihurtzen da, hizkuntza-gaitasunaren benetako profila eta lanpostuen komunikazio-beharrak hobeto islatuz. 

 Maila asimetrikoak asimetrikoen taula
Hizkuntza-eskakizun partzialak

Modalitate hau desgaitasunen bat duten pertsonentzat aurreikusi da, baldin eta desgaitasunaren balorazioan eta diagnostikoan egiaztatzen bada trebetasun jakin batzuk ezin direla modu egokian ebaluatu. Kasu horietan, azterketariak ez ditu egiaztatu beharko ebaluatu ezin zaizkion trebetasunak.

Praktikan, horrek esan nahi du hizkuntza-eskakizun partziala honela egituratu ahal izango dela:

•    Irakurmena eta idazmena soilik (entzumena eta mintzamena egiaztatu gabe).
•    Entzumena eta mintzamena soilik (irakurmena eta idazmena egiaztatu gabe).

partzialen eskema

Agindu berriak Dekretuaren bi berrikuntza nagusi uztartu ditu HABEren deialdietarako: alde batetik, hizkuntza-eskakizun asimetrikoak, trebetasun desberdinetan maila desberdinak aitortzeko; eta, bestetik, hizkuntza-eskakizun partzialak, desgaitasunaren ondorioz ebaluatu ezin diren trebetasunak egiaztapenetik kanpo uzteko. Bi kasuetan, helburua da egiaztatze-sistema malguagoa, bidezkoagoa eta komunikazio-behar eta gaitasun errealetara egokituagoa izatea.

Erantsita doa maiz egiten diren galderak edo FAQ biltzen dituen dokumentua.

Bibliografia

Carlsen, C. H., Rocca, L. eta Machetti, S. (2023). Uneven language profiles & differentiated language requirements. - recommendations for test developers, policy makers and employers. ALTE-LAMI. https://www.alte.org/resources/Documents/Carlsen_Rocca_Machetti_2023_ALTE%20LAMI%20Uneven%20profiles%20report.pdf

Zalbidea Olabarri, U. (2021). Hizkuntza-eskakizunak funtzio eta atazen arabera: Uliazpi. e-Hizpide. Monografiak 5. https://doi.org/10.54512/ZUJR1756

Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

Uxue Zalbidea

Hizkuntza-eskakizunen egiaztatzegintza aztergai

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioko hizkuntza-eskakizunen sistemaren desoreka kezka-iturri bilakatu da azken bolada honetan. Ikusi da EAEko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuak ezartzen duena ez dela beti kontuan hartzen; izan ere, zenbait kasutan hizkuntza-eskakizunak kidegoaren arabera ezartzen dira lanpostuen funtzioei erreparatu gabe. Abian jarri den ikerketa baten berri emango da artikulu honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Uliazpi erakundearen azterketan oinarrituta, honako hau landuko da: administrazioko langileen behar komunikatiboen araberako hizkuntza-eskakizunen ezarpena eta trebetasunkako egiaztapenari ateak ireki beharko litzaizkiokeen
Uxue Zalbidea Olabarri

Hizkuntza-eskakizunak funtzio eta atazen arabera: Uliazpi_Monografiak 5

Lehengoan iragarritakoari jarraikiz, e-Hizpide aldizkarian ere monografien ildoari ekitea erabaki da. "Hizkuntza-eskakizunak funtzio eta atazen arabera: Uliazpi" da lehendabizikoa. Hala, Uxue Zalbidea Olabarrik helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaileak gaitzeko bekaldian 2018 eta 2019an HABEn egindako ikerketaren emaitza duzu Monografiak 5 honetan, aldez aurretik e-HIZPIDE aldizkariaren 94. zenbakian argitaratutako artikulua osatu eta ikuspegi osoagoa emateko asmoz. https://doi.org/10.54512/ZUJR1756
ALTE LAMI Txostena

Hizkuntza-eskakizun asimetrikoak

"Uneven language profiles & differentiated language requirements" izeneko txostenak hizkuntzen ebaluazio bidezkoagoa bultzatzea du helburu, Carlsenek, Roccak eta Machettik idatzi eta ALTEren —Association of Language Testers in Europe—LAMI taldeak —Language Assesment for Migration and Integration— 2023an argitaratu du. Bereziki, migratzaile helduen hizkuntza-profil desorekatua —trebetasun batzuetan maila handiagoa beste batzuetan baino— ohikoa dela azpimarratzen du, eta horren araberako ebaluazio- eta eskakizun-ereduak proposatzen ditu. Gogoan izan dezagun, inoiz adierazi dugun bezala, Eusko Jaurlaritzaren izenean HABE dela ALTEko eskubide osoko kideetako bat.