Didakteka
Atazak ingurune digitaletan (Herrera, F. eta González-Lloret, M.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Trebetasunak:
- Hizkuntza-arloa:
- Pragmatika

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Trebetasunak:
- Hizkuntza-arloa:
- Pragmatika
- Bisitak: 855
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
“Atazak ingurune digitaletan” gaia izan dute hizpide Francisco Herrerak eta Marta González-Lloretek, ataza bidezko bigarren hizkuntzen irakaskuntzan adituak, ELEdeLengua podcast-aren 138. emanaldian.
Podcastaren hasieran, ataza zer den definitzeari ekin diote, eta, horren harira, azken bi hamarkadetan ataza bat izateko hiru ezaugarri nagusiak ez direla aldatu adierazi du Marta González-Lloretek, eta gogorarazi digu jarduera bat atazatzat hartu ahal izateko beharrezkoa dela honako ezaugarri hauek izatea:- Ikasgelatik kanpo beste aplikazio bat izan behar du.
- Ahalik eta errealena izan behar du.
- Ezin du helburu linguistiko hutsa izan, eta hizkuntzazko ekintza horrek zerbait egiteko balio behar du.
Teknologia izugarri ari da garatzen, eta, adituaren ustez, argi dago teknologia berriak ez ditugula naturaltasunez erabiltzen, teknologia oso bizkor doalako. Oro har, gutxi batzuek soilik dakite benetan teknologia erabiltzen, izan heldu ala gazte. Esate baterako, sare sozialetan jende asko dago gai ez dena bereizteko zein albiste den egia eta zein gezurra. Teknologiak dakarren gabezia bat da hori. Teknologia ez dugu berez geureganatzen, eta modu kritikoan eta eraginkorrean ikasi beharra dugu erabiltzen. Adituak dioenez, kritikotasuna lantzeko trebetasun digitalak eskuratu behar dira, eta jadanik ezagutzen ditugun zenbait teknologia atazetan nola erabili azter dezakegu, ikaskuntza kono baten antzekoa den prozesu moduan irudikatuz: zerbait ikasten hasten gara, pixkanaka barneratzen dugu eta beste teknologia berri batzuk agertzen dira, eta horiek ere aztertu behar ditugu, aurrekoak baztertu gabe. Konoak ikaskuntza jarraitua irudikatzen du eta, horrela, pixkanaka handituz doa ikaskuntza hori. Ez gara inoiz hutsetik hasten, prozesua etengabekoa da eta erabiltzailea alfabetatua dago horretan.
Adituaren esanetan, teknologia berriekin loturiko “murgiltze-errealitate birtuala” kontzeptu berria dugu, irakaslearen lanean lagungarri izan daitekeena, baina sare sozialak erabiltze soiletik haratago doana eta konplexuagoa dena. Azken urteetan, analisi- eta sistematizazio-saiakera batzuk izan dira teknologiaren eragina ikasprozesuetan aztertzeko (konektibismoa), eta saiakera horietan kontzeptu berriak atera dira, hala nola nonahiko ikaskuntza, ingelesez U-learning, edozein gailu digital eta Internetera konexioa erabiliz egiten den ikas-irakas prozesuari dagokiona. Horrek guztiak lagundu die azkenaldian irakasleei ezagutzeko zer diren teknologiak, nahiz eta oraindik kosta egiten den horiek ikastea, ez baita ohiko boligrafo bat bezain erraz eta oharkabean erabiltzen.
Kosta egiten bada ere, pandemiaren ondorioz, irakasle asko ohartu da teknologia beharrezkoa dela aurrera egiteko eta online ikaskuntza erabili behar dela. Teknologia batzuk ikasgelan txerta daitezke, izan aurrez aurrekoan, izan jardun bikoan. Adituaren hitzetan, gehienek aurrez aurreko irakaskuntza nahi dute, nahiz eta irakasleek ikusi zenbait teknologia lagungarriak direla ikasgelan. Ikerketa gutxi dago sare sozial eta ataza bidezko irakaskuntzaren inguruan, baina, Marta González-Lloreten ustez, hemendik aurrera gero eta gehiago ikertuko da sare sozialek zenbateraino lagun dezaketen ikasgelan.
Hizkuntzak ikasteko telefono mugikorretarako aplikazioez (Duolingo, Babel) ere mintzatu da Marta González Lloret irakaslea. Oso ezagunak dira, baina hizkuntza-maila batetik gora oso mugatuta daude. Izan ere, ekoizpenean mugatuta daude erabat, eta, gehienez ere, esandakoa errepikatzera mugatuta. Ezer baino hobea da, baina aplikazio horietan ez dute ematen kulturaren berri eta praktikarik ere ez dago. Aplikazio horiek baliatuz gero, hizkuntza erabiltzeko beste baliabide batzuekin konbinatzea aholkatu du Marta Gonzálezek. Horrekin loturik, Tandem bezalako aplikazioak daude, beste pertsona batzuk ezagutzeko eta elkarrekin hizkuntza praktikatzeko, ikastaro batera aurrez aurre joan ezin dutenentzat. Adituek sortutako plataformak ere badaude, hala nola Voxy, ingelesa ikasteko.
Bestalde, hizkuntzaren pragmatikaren garrantzia azpimarratu du adituak. Haren ustez, pragmatika (aurkezpena, egokitasuna, erregistroa…) landu beharra dago, eta ez zaio behar beste tokirik egiten testuliburuetan, ezta ikasgelan berariaz txertatzen ere, nahiz eta funtsezkoa izan. Ikasle hasiberriek akats pragmatikoak egiten badituzte, barkatu egiten dira, eta ikasle aurreratuen kasuan ez da hizkuntzaren akats gisa hartzen, baizik eta ikaslearen nolakotasunaren eta jatorriaren ezaugarri. Horregatik, ezinbestekoa da akats horiek lantzea estereotipoekin ez lotzeko. Oraindik txertatu gabeko alderdia da pragmatika, eta gaur egun, ziberpragmatika aipatu behar litzateke, adituaren hitzetan.
Bukatzeko, hizkuntza bat ikasteko ataza digitalen zenbait adibide edota gomendio eman ditu; besteak beste, ikasgelan edo banakako ikasprozesuan H2 irakastean Internet erabiltzea, nabigatzailearen hizkuntza aldatzea —adibidez, eguraldia begiratzen badugu, ikasten ari garen hizkuntzara aldatzea— eta hizkuntzak murgiltze-errealitate birtual baten bitartez ikastea (InmerseMe).
Erreferentziak:
- Herrera, F. (esataria). (2021, martxoak 11). LdeLengua 138 sobre tareas en entornos digitales [Podcasta]. L de Lengua. https://eledelengua.com/ldelengua-138-sobre-tareas-en-entornos-digitales/
- González Lloret, M. (2015). A Practical Guide to Integrating Technology into Task-Based Language. Teaching Illustrated Edition. Georgetown University Press.