Didakteka
Abestiak ikasgelan erabiltzeko urratsak
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Trebetasunak:
- Edukiak:
- Motivation
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Trebetasunak:
- Edukiak:
- Motivation
- Bisitak: 392
- Iruzkinak: 1
- Gogokoak: 1
“How to use songs in the English language classroom” izenburuko sarrera irakur daiteke Adam J. Simpson-ek idatzita British Council erakundearen blogean. Sarrera horretan, Adam Simpson irakasleak azaltzen du zerk egiten duen arrakastatsu abestietan oinarritutako hizkuntzen eskola bat. Ingeles-irakasleek ingelesa irakastean ikasgeletan izaten duten arazo handienetako bat da ikasleen interesari eustea. Beraz, askotan oso sortzaileak izan behar dute erabiltzen dituzten teknikekin, eta, adituaren ustez, musika eta kantua da ikasgelako baliabide motibagarrienetako bat.
Ikasgelan zein kantu erabili erabakitzea ez da lan erraza, eta horretarako hainbat gauza hartu behar dira kontuan; besteak beste, zer nahi den landu ikasleekin, mailan pentsatu behar da, ikasleen adina nahiz kultura kontuan hartu eta aztertu zein baliabide ditugun. Gaur egun, baliabide fisiko handirik ez da behar, eta, Interneterako konexioa izanez gero, musika-plataformetan nahiz zenbait webgunetan (adib., EIBZn, IKASBILen…) berehala aurki dezakegu une jakin batean behar dugun kantua.
Adam Simpson irakasleak sei urrats ematen ditu edozein kantu baliatzeko hizkuntzen eskolan:
1. Entzun abestia. Garrantzitsuena da gogoratzea jarduera dibertigarria izan behar dela eta gozatu behar dugula ikasten.
2. Egin izenburuari buruzko galderak. Hona hemen zer-nolako galderak egin daitezkeen, Queen musika-talde ospetsuaren We are the champions kantu klasikoa adibide hartuta (EGAN euskal musika-taldeak ere Queen omenduz diskoan euskaraz abestu zuena):
- Zer da ‘txapeldun izatea’?
- Zein motatako txapeldunak daude munduan?
- Zer egiten dute txapeldunek?
Horrelako galderak egokiak dira talde txikitan elkarrizketa bat abiarazteko, hala nola, hiruzpalau ikasle elkartu eta gero, talde bakoitzak pentsatu eta hitz egiten duenari buruz iritzia jaso eta eman dezake, eta eztabaida interesgarria sor liteke. Jarduera hau abestia entzun aurretik ere egin daiteke, egoki irudituz gero.
Bestalde, abestia entzun aurretik, abestiaren hiruzpalau hitz eman daitezke eta haiekin errimatzen duten hitzak entzuteko eskatu. Entzun aurretik, balizko errimak ere asma ditzakete ikasleek.
3. Entzun berriro ere abestia, oraingoan letrarekin. Ikasleei abestiaren letra irakurtzeko aukera ematen zaie, eta une horretan jarduera hauetakoren bat egin:
- Ikasleek letrak irakur ditzakete entzun bitartean, eta hitz ezezagunak nabarmendu, gero argitzeko.
- Abestien letrak hutsuneekin eman daitezke, ikasleek hutsuneak bete ditzaten entzuten duten bitartean.
- Hautatu hitz batzuk eta kendu abestien letren orritik. Irakasleak letren orria hutsuneekin eta abestitik hartutako hitzen zerrenda banatuko die ikasleei, hutsuneak hitz horiekin bete ditzaten, entzuten duten bitartean.
4. Landu aditz-denbora edo gramatikaren alderdi jakinen bat. Ia abesti guztiak aditz-denbora batean daude idatziak, eta hori aukera ona da gramatika ikasteko. Adam Simpsonen iradokizuna da honako galdera hauekin hastea:
- Zenbat iraganeko aditz daude abestian?
- Zergatik aukeratu du abesti honen egileak aditz-denbora hori?
Hori denbora zehatz baten funtzioa eztabaidatzeko abiapuntu izan daiteke, baita haren forma aztertzeko ere. Horrek eztabaidarako jokoa ematen du, eta abestien letrak sortzeko askotan malgutasunez eta lizentzia poetikoz jokatzen dela ohartarazten ditu ikasleak, ikasleek askotan espero baitute abestiek arau gramatikalak betetzea, eta ohartzen dira abestiek batzuetan ez dietela kasurik egiten gramatika-arauei.
5. Landu hiztegia, lokuzioak eta esamoldeak. Letretan aukera interesgarri bat da arreta jartzea hiztegiaren erabilera sortzaile eta artistikoan. Hasi honelako galderekin, hitz, lokuzio edo esamolderen baten esanahia eskatuz: Zer esan nahi du (...)?
6. Sormen pixka batekin bukatu. Sormena garrantzitsua da motibazioari eusteko, eta, zenbait faktore kontuan izanik (adina, hizkuntza-maila, kultura-berezitasunak, etab.), sormena sustatzen duen jardueraren batekin proba liteke. Hona hemen sormen-jokoak bideratzeko egin daitezkeen zenbait jarduera:
- Idatzi abestiaren beste hitz batzuk, jatorrizkoaren umore eta estilo berari eutsiz. Hori banaka edo taldeka egin daiteke. Gero, letra berri horiek gainerako ikaskideei aurkez diezazkiekete.
- Abesti batek abeslariaren ikuspegia islatzen du. Beraz, ikasleak beste ikuspegi batetik idatzi beharko du testu bat (paragrafo bat izan daiteke, eta ez nahitaez modu lirikoan).
- Planifikatu abestirako bideoklipa. Taldeka erabakitzen dute kokapena, pertsonaiak eta gertatzen dena. Gero, talde bakoitzak bere ideia azalduko die gainerako taldeei, eta ikasleek ideiarik onena bozkatuko dute.
- Idatz dezatela ikasleek norberaren egunerokoan edo agendan sarrera bat abestiko pertsonaia bati buruz. Aztertu dezatela zein pentsamenduk edo sentimenduk inspiratu duten istorioa.
Erreferentzia bibliografikoa:
- Simpson A.J. (2015, martxoaren 4a). How to use songs in the English language classroom. [Blog-sarrera]. https://www.britishcouncil.org/voices-magazine/how-use-songs-english-language-classroom.