H411 - El contexto psicológico del aprendizaje de lenguas

Argitaratua: Tuesday, 4 April 2017, 12:00 PM
Diaz Maggioli 6

Gabriel Diaz Maggliolik hitzaldi bat eman zuen gaztelaniaz 2016an HABEk EHUrekin batera antolatutako Ikastaroen barruan, "H411 - El contexto psicológico del aprendizaje de lenguas" izenburupean. El profesor de segundas lenguas/ IX: Competencia metodologica para la enseñanza y el aprendizaje - Analisis de las principales tendencias metodologicas, enfoques y métodos contemporáneos ikastaroa eratu zuten EHUk eta HABEk. Donostiako XXXV. Uda Ikastaroen baitan, 2016ko uztailaren 4tik 8ra bitartean.

Bideo osoa entzungai eta ikusgai izateaz gain, bideoak euskaraz prestatutako honako idatzizko laburpen hau duzue, eta bertan, bideoko ideia nagusiak daude:

Competencia metodológica para la enseñanza y el aprendizaje ikastaroa. Miramar 2016

Lehen atalean aitatutakoaren arabera, bi teoria nagusiren inguruan gorpuzten da metodoa: a) hizkuntza konstruktuaren berri ematen duena, Hizkuntzalaritza, eta b) hizkuntza hori nola ikasten den azaltzera datorrena, Hezkuntza Psikologia. Diaz Magglioliren esanetan, sinplea da teoria nagusi horiek azaltzeko edota lantzeko arrazoia: une edota garai jakinetan irakasleen jarduerak bermatzeko erabili dira, eta pentsa daiteke, oraindik orain, alderdi positiborik izan badutela.

Horrela, nola ikasten den azaleratuko duen teoria baten alde egiteak ekarriko du, ezinbestez, metodologia-mailan horren araberako erabakiak hartzea: ikas-helburuak, syllabusa, jarduera-motak, rolak… Baita irakaslearengandik eta ikas-materialetatik espero dena ere.

Konduktismoa

Teoria antimentalista da. Izan ere, baztertu egiten ditu gogamenarekin eta kontzientziarekin zerikusia  duten kontzeptu eta azalpen guztiak. Giza portaera aztertu nahi du, datu enpirikoetan oinarrituta.

Hizkuntzen irakaskuntzara etorrita, hizkuntza-estimuluak aztertuko ditu konduktismoak, eta ondoren emango diren erantzunak aurreikusiko ditu. Horrela, espero den jokaera ematen baldin bada (erantzuna), hizkuntza-ohitura zuzenak garatu direneko proba izango da. Izan ere, ikastea imitatzea da, praktikara eramatea, eta, era horretara, portaerak indartzea. Ikasleak ingurutik jasoko du inputa, eta hitzak, objektuak eta gertaerak erlazionatuko ditu. Esperientzia horien maiztasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta sendoagoa izango da euren arteko uztardura.

Konstruktibismoa

Teoria honen arabera, garapen kognitiboa testuinguruarekin elkarrekintzan ematen da, betiere esperientzian oinarrituta. Horren arabera, inguruak estimulu bat eskainiko dio organismoari, eta estimulu horrek erantzuna izango du, baldin eta soilik baldin une horretan organismoa ikasteko prestaturik badago. Horretan datza, hain zuzen, Piaget-en ekarpenik entzutetsuena: ezagutzaren eraikuntzan zehaztutako lau aldiak —sentsomotorea, aurreoperatorioa, eragiketa konkretuen estadioa eta eragiketa formalena—. Prozesu hori azaltzeko, bi kontzeptu erabiltzen ditu Piaget-ek: asimilazioa (informazio berria eskemaren eremu orokorrean sartzen da) eta moldaketa,  akomodazioa edo orekatzea (behin informazioa eskuratuta, ezagutza-egitura aldatzen denekoa).

Hizkuntzen irakaskuntzara etorrita, elkarrizketa, azterketa-atazak, ikerketa-proiektuak… eta antzeko jarduerak nagusituko dira ikuspegi honetan. Izan ere, konstruktibismoan  oinarritutako metodo batek negoziazioa eta esanahiaren ekoizpena izango ditu, definizioz, ardatz.

Teoria soziokulturala edo soziokonstruktibismoa

Komunikazio aukeretan oinarritzen da ezaguera. Alegia, ezagutza ororen sorburua  gizarte-praktiketan datza. Alabaina, bi mailatan dago arautua jardueren erregulazioa: 1) interpsikologikoa (adituak lagundu egiten dio gaitasun txikiagoa duenari ezagutzaren eraikuntzan), eta 2) intrapsikologikoa (nork bere burua erregulatzen du). Ikasketa-jardueretan parte hartzetik etorriko da, erreminta zehatz eta sinbolikoek bideratua (hizkuntza da erreminta sinboliko nagusia). Izan ere, hizkuntzak ahalbidetuko du ikasleak jardueretan sakontasun handiagoz aritzea eta gizarte-erregulaziotik autorregulaziora dagoen bidea urratzea.

Garapen Hurbileko Eremua konstruktua da ikuspegi honetan arreta handiena jaso duena. Garapen erreala eta potentziala jartzen ditu harremanetan eta horien arteko distantzia aztertzen; hau da, ikasleak bakarrik egiteko gai ez dena, baina laguntzarekin egin lezakeena. Alabaina, GHE ahalbidetzeko, ezinbestekoa izango da ikaskuntzatik abiatzea, partaidetzatik, besteak beste, ikaskuntzaren ezaugarri nagusietako bat delako Garapen Hurbileko Eremua eratzea.

GHE_Van Lier 2004

Leo Van Lier-ena da Garapen Hurbileko Eremuaren ikuspegi hedatua, zeinak hizkuntzen irakaskuntzen arloan eman daitezkeen elkarrekintza-aniztasunen berri ematen duen, eremu formaletan zein ez–formaletan.

HABE liburutegian

Beste eduki interesgarriak

Itzulpen Saila 55

Hizkuntza-irakaslea: irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako gaitasun metodologikoa

HABEk eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako XIX. Uda ikastaroaren ondorio bat da obra hau. Hala, Itzulpen Sailaren baitakoa den arren, Gabriel Díaz Maggioli irakasleak HABEk plazaratzeko propio idatzitako liburua da. 2014an izan zuen sorburua, Joanba Bergarak (garai hartan HABEko Prestakuntza ataleko arduraduna zenak, hain zuzen) egilearekin harremanetan jartzea erabaki zuenean, eta elkarrekin hizkuntza-irakasleen gaitasun metodologikoa garatzeko proposamena definitzen hasi zirenean. Gaitasun hori, hain justu, hizkuntza-irakasleek beren ikasleen ikaskuntza-premiak asetzeko behar dituzten metodoak, teknikak, ikuspegiak eta paradigmak aukeratzeko duten trebetasuna da. 2024ko apiriletik, sarbide irekian (Open Access, OA) dago eskura liburu osoa, CC BY NC ND gisa (aitortu, ez komertziala, lan eratorririk gabea). https://doi.org/10.54512/IS55-2018